“Sykepleier” mendizale eta abenturazalea, Norvegiako fiordo zoragarrietan barrena

24 urteko zornotzar bat dugu gaurkoan hizpide, zein eta Ageda Etxeita. Ametsak egia bilakatzeko lanean diharduen abenturazalea bizitza eder bat eraikitzen ari da Norvegian. Nongoa den eta zer maite duen une batez ere alboratu gabe, asko gustatzen zaion lana, bere mutil lagunarekin eta bere afizioekin uztartzea lortu du Eskandinaviar herrialdearen baitan. Bizi-kalitate ona du Agedak bertan, 23 urterekin soilik behin betiko lan publikoa lortu baitzuen, erizain gisa. Etxetik etxera aritzen da zerbitzu pertsonalizatua eskainiz eta  lehen begibistan, lan gogorra dirudien arren, pazienteek estima handia diote eta harreman bikaina du beraiekin.

Jakin dakigunez, Norvegia herrialde garatua da oso eta zerbitzu aldetik, munduko aurreratuenetakoa da. Horri lotuta, eskaria eta eskaintzaren legeari garrantzia handia ematen diote bertan eta erizain aldetik apustu handia egiten dutelarik eta nahi luketena baino gutxiago egonik, lanpostura aurkeztu bezain pronto kontratu publiko finko bat eskaini zioten oposaketarik egin gabe, zerbait pentsaezina hemen.

Maitasuna ere bidelagun

Ikasle gisa bidaiatu zuen Agedak Norvegiara eta behin ikasketak bukatuta, itzultzea erabaki zuen. Bertan, astro guztiak lerrokatu egin ziren eta amodioak herrialdearekiko eta inguruarekiko maitasunarekin bat egin zuen, uztarketa ederra osatuz. ETB2ko “Vascos por el mundo” saioan erakutsi zigunez, mutil lagunaren familiak bigarren etxe zoragarri bat du itsaso ondoan eta bertan aritzen dira, besteak beste, arrantzan, aitzinako marinelen bizitzen xarma duten inguruetan baina eraberritutako itxurarekin, sekulako txokoak bilakatuz.

Non jaten ote da Euskal Herrian baino hobe?

Nola ez da ba gogoratu Ageda bere aitite eta amamak eta aita eta amak prestatzen dizkioten etxeko janariez? Horiek botatzen ditu gehien faltan, etxeko bertako janariak, dilistak, sopal, pureak, … hala ere, saiatzen da bertan ere hemengo janaria jaten eta bere mutil lagun norvegiarrak oso gustoko ditu gainera.

Horiez gain, ezin ahaztu Euskal Herriko pintxo ederrak, kroketak eta Gernikeko piperrak. Hiru horiek aipatzean, itzela nostalgia zaporea. Hala ere, badago zerbait Norvegian oso kuttun duena, zein eta arroz esnea. Hemengo bertakoa ere asko gustatzen zitzaion, baina hara iristean bestelako ezustea hartu zuen, Norvegian hamaiketako edo bazkari gisa hartzen dutelako, esaterako, 12ak aldera.

Afizioak, naturaren bide

Zornotzan bertan ere Belatxikieta inguruan buelta dezente emandakoa izanik, Norvegiako mendiak ere oso maite ditu Agedak. Mendizalea da oso eta fondoko eskiari ere gustua hartu dio. Baina ez hori bakarrik, eskalatzen ere badabil, eta neguan eskertu egiten dute rokodromoko berotasuna egun hotz eta laburretan eta garai beroagoetan, arrokan ere aritu ohi da lagunekin, baita bertako taberna inguruetatik lagun eta familia artean giro onean gozatuz ere.

Ederrak inguruak eta ederra sortzen ari zaren bizia, zeure ametsengatik borrokatuz, maitasuna, pasioa eta afizioak lagun dituzularik. Jarrai ezazu fiordoen inguru magikoaz gozatzen eta zeugan sinisten!

Amaia Larruzea Motxobe

Artículo anteriorConfirmado: Amorebieta 3a etapa del Tour 2023
Artículo siguienteLarunbata arratsaldetan trikitixa kaleetan