PARY&TIZA “ gu musika jartzaileak gara, ez gara DJ-ak konsideratzen”

Pary and tiza taldea ustekabean sortu zen gauetik goizera. Maider Arizabaletaren eta Libe Izagirreren bizitzak bira bat eman zuten 48 ordu baino gutxiagotan musika jartzeko norbait behar zuten bi leku desberdinetatik deitu zietenean.

Biek 21 urte dituzte, eta, gaur egun ikasten ari diren arren, beren ikasketak uztartzen dituzte asteburuetan leku desberdinetara joateko.

Nola sortu zen Pary &Tiza taldea eta zein izan da orainarte izandako ibilbidea?

Pasadan urteko Korrika egunean hasi zen dena, DJ moduan jartzea eskatu ziguten Zornotzako Belatxikieta elkartean, eta baiezkoa eman genuen. Horrela, espero barik eta mesede moduan. Horretan bakarrik geratuko zela uste genuenean, hurrengo egunean Bilboko kafe antzokitik deitu ziguten, gauez musika jartzeko norbait behar zutela esanez. Beraz, ez gendun bi aldiz pentsatu eta bertara joan ginen.

Hortik aurrera, hainbat tokitan egoteko aukera izan dugu, hala nola, 40 minutu rock-en, Zornotzako jaietan eta inauterietan, Zaldibarren, Iurretan, Lemoan, Gernikako Astran, Bilboko jaietan…

Musikari dagokionez, zuen abestiekin prestatutako playlist bat izan ohi duzue? Zer musika mota jartzen duzue?

Ez dekogu musika mota finkorik, era guztietako musika gustatzen zaigu, bai euskal musika taldeak, bai reggaetoia bai folklorea… baina egia da Bilboko kafe antzokian euskaldun taldeei ikuspen handiagoa ematen diegula. Gainera, musika momentuan erabakitzen dogu, playlist bat dekogu baina abestiak dagoen jendearen arabera aukeratzen doguz. Mundu guztia motibatuta dagoela ikusten dogunean, genero musika mantentzen dogu.

Askotan esan digute gure lanak inolako zailtasunik ez duela, baina gu musika jartzaileak gara, ez gara DJ-ak konsideratzen. Gure lanaz gozatzen dugu. Leku desberdinak eta jende berria ezagutzeko modu bat da. Jendea jartzen ditugun abestiekin gozatzen ikustea gustatzen zaigu eta hori nahikoa da guretzako.

Une batetik bestera DJ gisa hasi zineten lanean. Taldearen izenak badu esanahiren bat? Noiz aukeratu zenuten?

Taldearen izena hasi ginen egun berean erabaki genuen. Arizabaleta eta Izaguirre abizenak funtsezkoak izan dira izenarentzat. Hortik dator pARY eta tIZA. Une horretatik aurrera, inoiz ez dugu pentsatu izena aldatzea, beraz horrela geratuko da. Gero etorri zen guztia espero ez genuenez, horrela erabaki genuen eta horrela geratu da.

Urtebetean, Bizkaiko herri askotatik deitu zaituzte. Uda honi begira, zuek ikusteko aukera ere izango dugu?

Noski baietz. Gu hemen egongo gara deitzen diguten bitartean eta gure bizitza pertsonalarekin aurrera eraman dezakegun bitartean. Aurten bide batez, gehien egon garen tokia Antzokia izan da. Bertan, hilean bitan egon gara horrela adostu genuelako eurekin. Aukera handi hau eskaini ziguten, zerbait finkoagoa, eta ez genuen birritan pentsatu. Orain, uda hastean, lokala itxi eta herrietako festen denboraldia hasten da.

Nola erantzun du zuen inguruko jendeak?

Jendeak oso ondo erantzun du. Gure inguruko jendeari eskerrak eman behar dizkiogu astebururo etorri direlako. Beti egon dira hor, eta guretzat oso garrantzitsua izan da. Batez ere lehen aldietan. Gure lagunek etxean egongo bagina bezala sentiarazi gaituzte. Egon garen leku bakoitzean, ezagunen bat zegoen. Guretzat oso garrantzitsua izan den beste gauza bat, beti bi izan garela da. Beti pentsatu izan dugu biak batera egoteak asko lagundu digula. Bakoitzak bere aldetik, bakarrik, ez genuen hau egingo.

Artículo anteriorEl Ayuntamiento se configurará en tres áreas organizativas: Organización, Territorio y Ciudadanía
Artículo siguienteAitite eta amamen eguna