Elisabeth Luengo, arkurik arku, kirol bitxi eta eder honi sona handia emanez eta ametsak egia bilakatuz
Euskal Herrian zehar, eta Zornotzan bertan, badira oihartzun berezia duten kirolak, horien artean, horren ezagunak ditugun futbola, saskibaloia, pilota, atletismoa eta txirrindularitza. Askotan badakigu beste kirol batzuk ere badaudela, esaterako, errugbia sona handia hartzen ari da Zornotzan, baita mendi inguruko kirolak eta boxeoa eta kick boxing delakoak ere. Badira, ordea, bestelako kirolak ere, zein eta olinpikoa den arku tiroketa. Berau izango dugu gaurkoan mintzagai, Arqueros ostadar taldeko Elisabeth Luengo, Europako Txapelketatik pausu batera baitago.
Zer datorkigu burura “arkulariak” hitza entzutean? Ezagutzen al dugu, benetan, kirol hau ala noizbait ikusi edota entzundakoaz gain, guztiz ezezaguna al dugu? Historian zehar gerretan edota ehizan erabili izan den teknika izatetik kirol olinpikoa izatera pasa da. Are gehiago, Olinpiadetan egindako ikerketa baten ondorioz, arku tiroketa kaloria gehien erretzen dituen bigarren kirola dela ondorioztatu zuten, zeinen eta triatloiaren atzetik. Mentalki eskatzen duen exijentzia kontuan hartuta eta lehiaketak duen iraupen luzea aintzat hartuta, kontzentrazio handia eskatzen duen diziplina da.
Zehazki, aditu batzuek zera ondorioztatu dute, arku tiroketaren %90ª mentala dela eta %10 fisiko-teknikoa dela. Alde mental hori, berriz, zaila da entrenatzen, beste alde batzuk eskatzen duten arretarekin uztartu behar baita, besteak beste, teknika, taldea, prestakuntza fisikoa eta tiroa bera.
“Baloiari hankarekin ematea” den bezala futbola, “arku baten bidez geziak jaurtitzea” da arku tiroketa, baina, denok dakigun bezala, ez da horretara mugatzen, hori oinarria soilik da. Zer esan eta zer eskaini asko du atzean, eta horretarako, arestian aipatutako espezialista batekin berba egin nahi izan dugu kirol minoritario eta ikusgarri honen inguruko xehetasun eta bitxikeria gehiago ezagutu nahian.
Europako Txapelketatik gero eta gertuago da Zornotza ‘Arqueros Ostadar talde’ko Eli Luengo durangarra. Avilan jokatutako azken lehiaketa Europan aritu ahal izateko azken aurreko txapelketa puntuagarria izan da eta bigarren izan da bi puntura. Uztailean Nafarroan jokatuko den Espainiako Txapelketa izango du, berriz, denboraldiko jomuga eta helbururik garrantzitsuena, bertan erabakiko baita Europako Txapelketan lehiatu ahal izango duen. Berez, badira aukerak bigarren edota hirugarren geldituz bertara joan ahal izateko, baina koordainketa modalitatean izango litzateke bigarrenaren kasuan eta norberak gastu guztiak ordainduz hirugarrenaren kasuan, beraz, Eliren helburua garbia da: lehen postu hori eskuratzea da, oraindik, ordea, dena airean dago eta aukerak egon arren, ez du ilusioetan jausi nahi.
Zein momentutan heldu ote zion diziplina berezi eta bitxi honi?
7 urterekin, herriko jai batzuetan, osaba lagun zuela, arkuarekin probaren bat edo beste egin eta 28 urterekin bere ametsetako bat betetzear urrats batera dago Elisabeth Luengo. Abilezia txiki-txikitatik erakutsi izan du, alebinetan, Euskadiko markarik onena egin baitzuen. Gerora, Santanderrera joan zen ingeniaritza ikasketak gauzatzera eta han nolabait utzi egin zuen arku tiroketa, baina 2014. urtean Euskadiko Selekzioarekin Espainiako Txapelketara joan zen eta 16. Postua eskuratu zuen. Ordutik aurrera, ibilbide oparoa izan du arku tiroketako modalitate guztietan, esan digunez, hiru baitaude: ‘sala’, ‘aire librea’ eta ‘campo’. ‘Sala’ estatikoena omen da, eta ‘campo’, berriz, dinamikoena (orientazioa, aldapak, etab).
‘Campo’ modalitatea ez omen da Euskadin askorik praktikatzen eta lehenengo aldiz lehiatu zenean modalitate honetan, Espainiako txapelketan egin behar izan zuen, eta emaitza oso ona izan zenez, Europako Txapelketara joan ahal izateko gutxienekoa lortu zuen. “Hauxe da orain gogokoen dudan modalitatea, berriena baita eta hainbat distantzietara aldatzen zoazenez hori da gehien gustatzen zaidana, alegia, distantziak asmatzea eta dinamikoa izatea”, azaldu du Eli Luengok. Europako Txapelketa Kroazian jokatuko da aurten, eta Munduko Txapelketa, berriz, datorren urtean jokatuko da Estatu Batuetan. Ametsak amets, beti aurrera begira.
Nola bateratu norberaren ametsak eguneroko ogibidearekin?
Elisabeth Luengo arku tiroketako puntako kirolarienetako bat izateaz gain, ingeniaria ere bada eta Leioako enpresa batean aritzen da egunero. Entrenamenduak, lehiaketak eta lana bateratzea ez omen da “batere erraza”, baina oporrak honetara bideratzen saiatzen da, eta bere hitzetan, “lanera sartu aurretik gimnasiora joaten naiz eta lana bukatu ondoren arku tiroketako taldearekin entrenatzera”. Oso zaila omen da honetatik bizitzea munduan barrena, baina Espainian, zehazki, “ezinezkoa” dela esan digu. Frantzian, esaterako, Liga profesionala dute, baita Estatu batuetan, Korean eta Errusian ere, baina hemen Euskal Herrian eta Espainian, kirol minoritarioa da eta babesleen laguntza izatea oso zaila da.
Norberaren ametsengatik borrokatzeak eskaintzen digun asebetetze sentsazioak ez du parekorik, ordea, jarrai ezazu bide beretik, bada, Elisabeth eta gogor borrokatu zeure pasioa amets bilakatu dadin, eta ezinbestez, goza ezazu bideaz, horixe baita azken finean betirako gordeko duguna. Zorte on Eli eta lagun duzun Zornotzako ‘Arqueros Ostadar taldea’!
Amaia Larruzea Motxobe