AHAZTUKO EZ DUGUN HURA

Uda bukatu da eta udarekin batera bukatu da jaien denboraldia. Erruki Erromeriako Jon Martinez (bateria) eta Jon Castañedak (ahotsa eta trikia) urte hauetan taldean bizitakoa nostalgiaz gogoratzeko eta hausnartzeko elkartu dira

Erromeria zalea da Zornotza ala halaxe diote askok, beti egon baita erromeriari oso lotuta. Erruki hasi zenerako, herritarrak zeuden Batek Daki, Trikizio eta Zirkinik bez taldeetan. 2019an ekin nion nik erromeria bat sortzeari, baina hura sortzeko gogoa, grina lehenagotik zetorren. 2018ko herriko jaietan Iratxe Etxeandiak Batek Dakiren kontzertuan oholtza gainera abestera gonbidatu ninduenean, une  horretan sentitutakoa errepikatu beharra nuela jakin nuen.

Horrek bultzatu ninduen 2019 hasieran taldea inguruko lagunekin osatzera; Erruki Erromeria errealitate bat zen. Baina, taldeak bide serioa hartu eta Jon Martinezi luzatu nion proposamena, hark baietz eta ordutik bidelagun izan dut. Irailean kartelak, sare sozialetan zehar publizitatea, deiak… hasi ziren, taldea osatu beharra zegoen. Taldekideak ere topatu genituen eta gauza bakarra gelditzen zitzaigun: entseiatzea eta abesti zerrenda osatzea.

Entseguak Zelaietako lokaletan eta Bilborock artean egin genituen, arratsalde asko partekatu ditugu lau pareta horien artean. “Ordu mordoa pasatzen genituen. Kontzertu aurreko asteetan hirutan eta hiru orduz aritzen ginen entseiatzen”, oroitu du Wantxok (Jon Martinez).

Egunak eta hilabeteak pasata, 2020ko otsailerako bageneukan guztia prest eta gure ametsa errealitate bilakatu zen: Etxebarriko inauterietan egin genuen gure lehenengo kontzertua, Erruki Erromeriaren lehenengo kontzertua. Urduri gogoratzen dut kontzertu hori. Ondoren iritsi zen Usansoloko kontzertua; herritik hurbilago. Eta iritsi behar zen Zornotzako Gazte eguneko kontzertua baina iritsi zen bizitza gelditu zuen pandemia. “Hori izan zen gogorrena, orduak eta orduak dena prestatzen ibili eta gero, ezin genuen jo eta ez genekien noiz edukiko genuen aukera”, gaineratu du Wantxok.

Hala ere, aurrera egitea erabaki genuen, pandemian kontzertu bat eman eta guzti. Proiektuan sinestea eta gehiago entseiatzea. Erromeria berria izanda pandemiak jotzeko aukera ematen zuenerako jotzen hasi behar genuen, gaztetxeetan ibili ginen, jendeari gustatu zitzaion eta konturatzerako 56 kontzertu eman ditugu. Euskal Herriko plaza asko ezagutu ditugu eta gure ametsetako bat errealitate bilakatzea lortu dugu.

Ahaztuko ez dugun uda izan da, une gogoangarriz beteta: Amurrion pandemia ostean eman genuen lehen kontzertu hura: plaza jendez lepo ikustea ia 2 urteren ostean, oso berezia izan zen, Korrikan Agurainen jo eta elurra zela eta herrian lo egitera gelditu ginenekoa edo aldiz bero olatuaren erdian arrastiko 4etan Algortako paelletan jo genuenekoa, gaupasa anitz, eszenatoki desberdinak, lagunak  Euskal Herriko punta desberdinetan, kontzertuetan errepikatzen zuen jendea ikustea, ikusleak topera eta gu poz-pozik. Sinestezina zaigu oraindik bete ditugun plazak:  Kaigunea Aste Nagusian, Galdakao, Sestao, Leioa, Gallarta, Lurgorri… Airaialdeaz eta Mehatzaldeaz maitemindu gara! Ezin ahaztu,  Zornotzako Karmenetako kontzertua. Plaza jendez beteta ikustea, lagunak, familia, ezagunak, herriko jendea… gogoratu eta emozionatu egiten gara.

Kontzertu hauetan guztietan zehar musika talde asko ezagutu ditugu: Dupla, Bulego, Kaos Etiliko, Buhos, Ratzzinger, La Topadora… Izugarria izan da artista hauek guztiekin oholtza partekatzea; Eta hainbeste kontzertu artean ere, anekdotek ezin zuten falta, liburu bat idazteko beste baina hau gehiegi ez luzatzeko guretzat gordeko ditugu.

Parranda ere gogoz egin dugu eta jende asko ezagutzeko aukera izan dugu; joan garen toki guztietan oso ondo tratatu gaituzte. Hala ere, Wantxok aipamen berezia egin nahi dio bere kuadrillari: “Beti animatu naute, kontzertuz kontzertu; haien berotasuna oholtza gainetik sentitu dut. Oso polita izan zen Zornotzako jaietan nire izena haien gorputzean margotu zutenean Cheerleaderrak izango balira”.

Erruki Erromeriak iraun duen guztian, teknikoki hobetu dugu baina gure buruak hobeto ezagutzeko ere balio izan digu. Pena da hau bukatzea, baina dena aldatzen da eta aukera berriak datoz. Ikasi eta bizitako guztia daramagu. Orain, ni Akerbeltz erromeriarekin nabil buru-belarri eta Wantxo ere Zutik Zornotzako erromeria berriaren sorkuntzan dabil; ikusiko gaituzue, argi dago oholtza ez dugula utzi nahi eta gu biok berriro elkartuko garela.

Eskerrik asko gurekin dantzatu, abestu eta gozatu duzuen guztioi, zoragarria izan da. Plazetan elkar ikusiko dugu!

Jon Castañeda eta Jon Martinez

Artículo anteriorEnrike Azkarate, Práctico Puerto de Bilbao
Artículo siguiente“Zaharkin Santua” Zigor Goitiandiaren bigarren liburua