Zornotzako Gazteak: urte luzeetako senda

Gazteak eta koadrillak batu eta elkarren artean gazteentzako ekintzak egiteko sortu zen ZOKOEL elkartea

Zornotzako Kuadrillen Elkartea (ZOKOEL) 2002an sortu zen hiru helburu argirekin: Gazteek eta kuadrillek udalerriko eguneroko bizitzan parte hartzea, gazteen iritzia Jai Batzordean txertatzea eta udalerriko gazteen beharrak erakundeen aurrean ordezkatzea. Lehenengo Txallengea sortu zen. Deialdia egin zen kuadrilla desberdinak batzeko eta gero haien artean banatu zituzten ardurak; batek ginkana, beste batek herri kirolak… Denek parte hartzen zuten guztietan. Santanatxuko desfilea ere hauspotu zuten, lehen jaietako ekintza garrantzitsuenetako bat zena 2015ean azken aldiz ospatu zen kuadrillen parte hartze baxuaren ondorioz. 2006an Ipurtargi gazte asanbladak hartu zuen bere gain antolakuntza eta 2011an Zornotzako Gazteak sortu zen, gaur arte ZOKOELen filosofia mantendu eta gidatu duen taldea.

Hamar urte hauetan hamaika ekintza antolatu dituzte, besteak beste: erreka garbiketa, mendi irteerak, sagardotegi eta ski bidaiak, kronoigoera Boroara, umeentzako jolasak, kontzertuak, hitzaldiak, bolo txapelketak, bertso saioak, bigarren eskuko azokak eta guztietan arrakastatsuena Gazte Eguna. 2013an ospatu zen lehenengo gazte eguna, trikipoteoa, bazkaria, poteo sortzailea eta kontzertuak programatu ziren, beranduago gehitu ziren elektrotxaranga, olinpiadak, bertsolariak, zanpantzarrak, erraldoiak eta batukadak. Urtero handituz joan da parte hartzea eta 2020an ospatu behar zena arrakastatsuena izateko bidean zegoen, bazkariko ticket guztiak saldu ziren. Guztira 430 gazte batu behar ziren bazkarian baina bi egun lehenago, dagoeneko janari eta bestelako material eta zerbitzuak kontratatuak eta ordainduak zeudenean, pandemiaren eraginez bertan behera gelditu zen. Ez zuten amore eman eta 2 aste geroago instagazte eguna antolatu zuten. Ekimen arrakastatsuak, egunean zehar instagram bidez egin ziren zuzenekoetan 600 gazte baino gehiago biltzea lortu zuen.

Ibilbide luze honetan, bitxikeri eta pasadizo asko izan dira gertatutakoak, esaterako marmitako lehiaketa jaien ekintza arrakastatsuena, Zornotzako Gazteen ideia izan zen, soilik txallenge barruan egiteko. Zabaltzean, jendetza batu zen eta urtero handituz doa. Edo, 2017an 5. Gazte egunean La Basuri portatila puskatu eta jo barik gelditu zenean. Ez da gazte egun horretan gertatutako bakarra, Gozategiko kontzertuaren erdian txosna itxi behar izan zuten edari guztiak agortu zirelako. Badaude baita pasadizo garratzak, 3. gazte eguna antolatzeko garaian kartelak jarri zituzten bilera ireki batera deituz eta bakarrik hiru pertsona agertu ziren. Ez zuten etsi eta bigarren deialdian berdinak agertzen zirela ikustean sare sozialetan gazte eguna ez zela ospatuko publikatu zuten, hor arriskuaz ohartuta jendea batu zen.

Orain, ekintzen parte hartzeen egoera oso positiboa da, eta inoizko handiena lortu dute, errekorrak hautsiz, baina antolakuntzan egoera oso bestelakoa da eta asanblada irekiak egiten dituzten arren soilik 10 pertsonen artean kudeatzen dute guztia. Beraz, gozatu, baina baita ere lagundu, antolatzeak ikuspegi zabalago bat ematen duelako.

Uda honetan ere ekintzak programatu dituzte: uztailaren 18an, Non dago Mikel? dokumentalaren proiekzioa, 20an piragua jaitsiera, 16 eta 23an kontzertuak, 21ean Ane Lindane eta Raquel Torresen bakarrizketa eta 25ean bertso saioa.

Artículo anteriorSidenor será el principal patrocinador de la SDA
Artículo siguienteObras para la mejora de la Haurreskola de Larrea