ZORNOTZA TRAIL

MENDI LASTERKETETAN ARITU NAHI DUTENENTZAKO AUKERA… HERRIAN, BERTAN

Naturan murgildu, bere baitan sentitu, ikuspegi anitzez gozatu, inguruak ezagutu eta gorputza eta hauspoa martxan jarri kirola eginez eta sufrimendua eta gozamena bere horretan uztartuz. Horiexek mendi inguruan egin ohi diren probek eskaini ohi dutena. Horixe bera ere, Zornotza Mendi Taldeak aurten eskainiko duen aukera eta proposamen berria, alegia, Zornotza Trail
taldearen sorrera.

Herriko gazte eta helduen artean, mendi lasterketak sustatzea, eta azken urteetan goraldi nabarmena izaten ari den modalitate hau herritarron eta ingurukoon artean ezagutaraztea eta komunitatea sortzea du helburu. Gainera, era berean, talde-giroa, ekitaldiak, entrenamenduak eta lasterketak partekatzeko espazio bat eskaintzeko asmoa dute hizpide.


Hastapenetatik hasita, ideia amets bilakatuz


Igor Lopezen, Zornotza Mendi Taldearen presidentearen hitzetan, “urteko lehen urtaro honetan, ekintzak egiten ditugu gehienbat. Eski ikastaroko 50 plazak, ordu erdian bete ziren, adibidez. Beraz, parte hartzea arrakastatsua izaten ari dela esan dezakegu”.
Zornotza Mendi Taldearen aurtengo erronken artean, “bazkideei eta herritarrei irteeren, ikastaroen eta ekintzen bidez, eskaintza gehiago eta hobeak ematea da, eta baita euskara sustatzeko ditugun baliabide guztiak erabiltzea ere”.

Lander Guarrotxena Gallo, zornotzarra, mendizalea eta jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzietan aditua, Zornotza Trail talde honen sorreraren arduradunetako bat izan da, eta Mendi Taldearen babesa jaso ostean, eskaintza zabala eskaintzeko prest dator.
Ekipamendu espezifikoa, ikur gisa. Atal edota esparru honen bidez, mendiko lasterkarien talde bat sortzea helburu denez, klubeko bazkide bakoitzari Zornotza Trail taldearen kirol-arropa izateko aukera emango zaio, nolabait talde-sentimendua sortze aldera, eta bazterretan barrena, elkar ezagutu ahal izateko.

Komunitatea sortzeko aukerak eta baliabideak, eskura


Zelaietan egindako aurkezpenaz gain, harremaneterako email bat, instagram kontua (@zornotzatrail) eta Stravan kontua (Zornotza Trail) dute eskura eta ikusgai; baita zalantzarik izanez gero ere, mendi taldeko lokalean, bertan, galdetzeko eta argitzeko aukera.
Nondik norakoen, helburuen, sorreraren eta proiektuen berri emateaz gain, mendi lasterketetara zuzendutako gakoak, entrenamendu motak, jarduera fisikoko teoria eta aplikazio praktikoak edota ibilbide proposamenak partekatzeko asmoa dute komunitate bat sortuz.


Stravan 86 kide daude jada taldearen baitan, eta bertan, segmentuak proposatzeko, taldekideen segmentu propioak ezagutzeko, taldekideak nondik entrenatzen ote duten edota ze entrenamendu motak egiten dituzten ikusteko eta partekatzeko aukera; baita toki berriak deskubritzeko aukera ere. Gauzak horrela, esplorazioa, talde-giroa eta natura eta kirol zientziak bat eginik, hemen da Zornotza Trail talde berria.

Amaia Larruzea Motxobe

Artículo anterior‘Emakumeak Aberria eginez’, Emakume Abertzale Batzaren omenez
Artículo siguienteEuskara Sustatzeko Ekintza Plana