Euskara Sustatzeko Ekintza Plana

Amorebieta-Etxanoko Udalak Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) onartu du 2024-2026 aldirako

•  Planean zehazten dira datozen hiru urteetan Amorebieta-Etxanon euskararen erabilera eta sustapena areagotzeko hartuko dituen neurriak eta ekintzak.

Amorebieta-Etxanoko Udalak 2024-2026 urteetarako Euskara Sustatzeko Ekintza Plana onartu du. Plan honek datozen hiru urteetan herrian euskararen erabilera eta sustapena areagotzekoneurri eta ekintza zehatzak ezartzen ditu. Horrela, Amorebieta-Etxanoko Udalak berretsi egiten du euskara sustatzeko eta zaintzeko konpromisoa, bai kultura arlotik eta baita hizkuntza-ondare gisa ere. Bide horretan, herritarrak animatu nahi ditu proposatuko diren ekimenetan parte hartzera.

Datuak eta etorkizuna

2023an Udalak azken lau urteetan egindakoaren ebaluazioa eta diagnosia egiteari ekin zion; batetik, ebaluazio kuantitatiboa egin zen, eta planean zehaztutako ekintzen betetze maila aztertu zen. Ebaluazioak erakutsi zuenez, proposatutako ekintzen %83,7 burutu zirela ondorioztatu zen. Horrez gain, ebaluazio kualitatiboa egin nahian, herriko hainbat eragilerekin batzarrak egin ziren egindakoaren inguruan iritziak jasotzeko eta aurrera begirako proposamenak lantzeko.

Ateratako ondorioetatik datozen urteetarako hiru erronka nagusi identifikatu dira:

1.- Sentsibilizazioa lantzea: alde batetik, euskal gaitasuna nagusi duten hiztunen artean, hizkuntzaren transmisioan duten garrantziaz kontzienteago izateko; bestetik, erdal gaitasuna nagusi duten hiztunen artean, euskararen errealitateaz jabetu eta euren hizkuntza gaitasuna hobetzen joateko.

2.- Interakzioa bideratzea: beharrezkoa da euskal hiztunen arteko interakziorako sareak sortzea, interakzioetan, eta ondorioz, ohituretan eragiteko.  Euskaldunak herritar aktibo bilakatzea ezinbestekoa da ahalik eta jende gehiena euskaraz egitera motibatzeko.

3.- Gaitasuna areagotzea: euskaraz maila ona eduki arren gaztelaniaz bestekoa ez duten horien gaitasunean eragin behar da. Halaber, euskaraz ezertxo ere ez, edo oso-oso gutxi dakitenengan eragiteko bide erakargarri eta eraginkorrak bilatu behar dira; besteak beste, atzerritik etorritako jendearengan eragiteko eta horiek euskarara hurbiltzeko. Bide horretan, harrera protokolo eraginkorrak diseinatzea ezinbestekoa izango da.

Hiru erronka horiei erantzuteko helburuz, 2024-2026 epealdirako 4 ardatzetan egituratzen den ekintza plana diseinatu da (Gobernantza, Jabekuntza, Erabilera eta Elikadura). Bertan, 39 neurri jasotzen dira eta, guztira, 108 ekintza zehaztu dira datozen hiru urteetan garatzeko.  

IKUSI EUSKERA SUSTATZEKO EKINTZA PLANA

Artículo anteriorZORNOTZA TRAIL
Artículo siguienteCarlos Alzaga será el nuevo diputado foral de Infraestructuras y Desarrollo Territorial de Bizkaia