50. urteurrena ospatzeari ekingo diote abenduaren 15ean Larrea eskolan

Larrea eskola 50. urteurrena ospatzen ari da ikasturte honetan eta prestatu duten programa bereziari hasiera emango diote abenduaren 15ean egingo duten ekitaldiarekin. “Kalitatez eta ilusioz hezten” daramaten mende erdian eskolatik igaro diren ikasle zein langileak jaialdira gerturatzera gonbidatu dituzte, baita gainontzeko herritar guztiak ere.

Mende erdia bete du ikasturte honetan Larrea eskolak. 50 urteak hainbat belaunaldi “kalitatez eta ilusioz hezten” eman dituztela eta, ezin aproposagoa da urteurreneko leloa. Programazio berezia antolatu dute ikasturte osorako, abenduaren 15ean abiatuko dena. Beheko eskolan egingo da ekitaldia arratsalde partean, hainbat sorpresarekin. Besteak beste, urteurrenerako propio egindako abestia eta irudia aurkeztuko dituzte, eta taloa dastatzeko aukera ere izango da. Halaber, hasierako ekitaldiaren ostean etorriko diren gainontzeko ekimenen berri emango dute.

Eskolako ikasleek, familiek zein langile guztiek izan dute urteurreneko irudia hautatzeko prozesu parte hartzailean bozkatzeko aukera. Koloretsua behar zuen izan, eskolaren izaera islatu behar bazuen. Izan ere, Larrea ezer izan bada, ikasle bakoitzaren abiapuntua edozein izanda ere, helmugara behar bezala heltzeko bidea egiten lagundu dien ortzadarra izan da. Egiteko modu horrek nabarmendu du urte luzez herriko eskola publiko bakarra, eta merezitako aitortza egin diote Durangaldeko XVI. Laboral Kutxa DEIA Hemendik sariarekin.

“Mende erdi kolore” kantua aurkezteko parada izango da abenduaren 15eko ekitaldia, baita elkarrekin dantzatzekoa ere. Izan ere, flashmoba egingo da egunean bertan, aurretik zabalduko duten koreografia jarraituz.

Koloretsua izango da ospakizuna, koloretsua delako eskola bera ere, hezkuntza sarritan izaten den ore gris homogeneotik ihesi. Batetik, adiera literalenean, talde bakoitza kolore batek identifikatzen duelako. Bestetik, zentzu sinbolikoagoan, askotarikoak direlako Larreak hartzen dituen ikasleak eta, Amara Berri sistema oinarri, bakoitzari behar duen eran, denei ematen zaielako euskara, euskal kultura eta heziketa, berdin jaso eta bere egin dezaten.

Horregatik, zornotzar guztiei eta bereziki Larrea eskolatik ikasle, langile edo familia lez igaro diren guztiei, abenduaren 15eko ekitaldian zein horren ostean antolatuko dituzten ekintzetan parte hartzeko gonbita egin nahi diete.

Artículo anteriorRESTAURANTE PROPI ERRETEGIA
Artículo siguienteMai, Barri, Haika: Maider Arego lleva ya 15 años practicando Agility