Hezkuntza eskaintza osoa du Andramari Zornotzako ikastolak. 0 urtetik 18 urtera arteko eskaintza, etapa bakoitzean adinari eta ikasleen ezaugarriei egokitutako hezkuntza proiektu sendoarekin, beti ere helburu nagusi bakar batekin: haur eta gazteak gaurko eta biharko beharretarako prestatzea.
Hezkuntza proiektu oso baten parte batu nahi ditugu komunitateko kide guztiak, haur eta gazteen garapena eta ongizate fisiko, sozial zein emozionala bilatuz, familien partaidetza zuzena bultzatuz eta kide guztion inplikazioa eraginez. Eredu kooperatiboa da Andramari Zornotzako ikastolarena, euskalduntasunean oinarrituta eleaniztasuna lantzen duena, Euskal Herri osoan aritzen den proiektu sendo baten parte. Ikastola komunitatearen balore, printzipio eta proiektua partekatzen ditugu, herritik sortuta, herrian eragiteko.
Profesional talde esperientziadunak dihardu Andramari Zornotzako ikastolan. Haur eta gazteak beren garapen eta ibilbidearen protagonista izanik, irakasleak prozesu horretan bidelagun dira ikas-etapa guztietan, ikasle bakoitzak behar dituen baliabideak eskainiz. Ikasleen beharrizanak aintzat izanik, tutore eta irakasleek pedagogia aktiboak erabiltzen dituzte, pertsonaren garapen integrala, osoa eta orekatua ahalbidetzeko. Ikasleak ikastolan egiten duen ibilbide osoan zehar laguntza departamentuaren eta bizikidetza proiektu sendo baten babesean aritu ahal izango du.
Metodologia berritzaileak aplikatzen dira ikastolan Haur Hezkuntzatik hasita. Haur bakoitzak berezkoak dituen gaitasunak garatzeko testuinguru aproposa eskaintzea da gure proiektuaren oinarria. Txikienen artean esperimentazioaren bidez ikasleen jakinmina sustatzen dugu. Ondorengo etapetan ikasleek ikasitakoa egoera errealetan aplikatzeko gaitasuna eskuratzen dute, bakarrik nahiz talde lanean. Etengabeko berrikuntzaren bidez behar eta erronka berrietara egokitzen ari da ikastola.
Sukalde propioa duen jantoki zerbitzua, zaintza eta garraio zerbitzuak, eskolaz kanpoko ekintzak eta urtean zehar hainbat ekimen antolatzen ditu Andramari Zornotzako ikastolak.
Otsailaren 7tik 23ra dago hurrengo ikasturterako matrikulatzeko epea zabalik. Ikastola ezagutzeko bisita pertsonalizatuak antolatzen ditugu.