“Izan dugun eboluziorik handiena da”

“La arena cayó” hirugarren diskoa kaleratu du Blanco y en Botella talde zornotzarrak

(Haritz Mirandona: gitarra eta ahotsa / Unai Sulibarria: gitarra / Julen Alberdi: baxua / Oier Sacristan: bateria) (Eskumatik ezkerrera)

Martxoaren 26an argitaratu da Blanco y en Botellaren hirugarren lan luzea. Iluntasun kutsua duten zortzi abestiz osatutako diskoan, estilo berriak jorratu ditu taldeak. Haritz Mirandonak sorturiko 8 ilustrazio aurkitu daitezke diskoaren barruan, banaka ere salduko dituztenak. Dagoeneko, “La arena cayó” haien webgunean eskuratu daiteke, baita herriko hainbat tabernetan ere.

“La arena cayó” da, atera berri duzuen diskoaren izena. Zer aurkituko dugu bertan? Eboluzio bat egon da?
Blanco y en botella desberdin bat aurkituko duzue, estiloz asko aldatu dena. Azkenengo lana oso bestelakoa da aurreko diskoekin alderatuta; ilunagoa eta tristeagoa. Hala ere, betiko kantak egongo dira, alaiagoak direnak, baina beste modu baten aurkeztuak. Oso interesgarria da emaitza eta izan dugun eboluziorik handiena da. Lehen, rock-and-rolleroagoak ginen, orain esperimentatu dugu eta beste eremu batzuk bilatu ditugu.

Oraingoan ere autoekoizpenaren aldeko apustua egin duzue. Zelakoa izan da grabaketa?
Dena lokalean grabatu dugu. Kalitate aldetik igartzen da, guk gehiago dakigulako. Horrez gain, ekipoa erosi eta material berria lortu dugu. Baita ere, ezagunek mikrofonoak eta instrumentuak utzi dizkigute, baina dena gure kontura egin dugu.

Kontzertuak egongo dira? Zein da etorkizunera begira duzuen asmoa?
Gure asmoa kontzertuak ematea da, musukorik gabe, lehengo egoeran. Ordura arte, jendeak diskoa gozatzea nahi dugu, eta kontzertuak baldin badatoz, pozik hartuko ditugu.

“Kantuz kantu” diskoan bi kanta grabatu zenituzten Nundik ator, astoa? eta Lenengotxu hori. Zer suposatzen du zuontzat estilo hain desberdina duten abestiak bertsionatu behar izatea?
Abestiak oso folklorikoak ziren eta hasieran, melodia mantentzen saiatu ginen, baina oso arraroa zen. Orduan, akordeak moldatzea eta estribillo bat sortzea erabaki genuen. Proposamen honekin hasi ginen gure estilotik irteten, eta mugarri izan zen azken disko honetan aurkitzen dugun soinu berrien esperimentazioan murgiltzeko.

Martxoaren 14ean Derion jo behar zenuten eta pandemia etorri zen. Zelako eragina izan du taldean?
Nahiko bitxia izan zen. 15ean dena itxi behar zuten eta kontzertuko antolatzaileak 13an deitu gintuen egin behar genuenaz galdetuz. Bi aste itxarotea erabaki genuen eta oraindik egiteke dago.

‘Tres Paredes’ EPa atera zenuten pandemia bete-betean. Hiru abestietan, taldea bere konfort-eremutik atera zen eta orain arteko estilotik aldentzen diren soinuak landu zituen. Zergatik?
Kanta solteak ziren eta trantsizio moduko bat izan dira lehengo estiloa eta gaurkoaren artean. Printzipioz disko berrirako ziren baina pandemian Julen Alberdik (baxua) ideia loraldi bat izan zuen eta alde batera uztea erabaki genuen.

Urriaren 23an, berriro igo zineten oholtzara. Zein izan zen sentzazioa?
Ia urtebete kontzertu bat eman gabe pasatu genuen eta bueltatzean ikusleak aulkietan eserita ikustea, maskarilla jarrita eta distantziak mantentzen oso arraroa izan zen. “La Voz” programa famatuaren audizio bat egitea bezalakoa zen. Ez genuen jendearen erreakzioa ikusten. Publikoarentzat ere arraroa izan zen ezin altxatzea, ezin abestea… Urduriago jarri ginen, naturaltasun gutxiago geneukan, baina azkenean dena ondo atera zen, sold out egin genuen eta jendeari gustatu zitzaion.

Herriaren doinuak Zornotzako Musika Bandaren kontzertuan protagonistak izango zarete. Ardura handia da?
Bai, duda barik. Aritz Labradorrek proposatu zigun eta aurrera eramatea erabaki genuen. Erronka handia da. Gainera, birusa dela eta, ezin dugu batera ensaiatu. Horregatik ensaio bakarra egingo dugu bandarekin. Diskoan dagoen moduan jo behar dugu dana, ezin da akatsik egon, baina aterako dugu. Era berean, banda bat atzean izateak, babes handia ematen du.
https://www.blancoyenbotella.eus/

Jon Castañeda

TALDEAREN OINARRIZKOAK
Kantu bat: Show Me How to Live- Audioslave (Kontzertuak amaitzean jartzen duguna da).
Disko bat: Blak and Blu- Gary Clark Jr. (Kontzertuak hasi baino lehen erabiltzen dugu).
Taldean duzuen oroitzapen bat: Lehengo diskoaren grabaketa. Lakagaz, asko ikasi genuen.
Kontzertu bat: Madrilen, “A Tiro” taldearen telonero; sala beteta, sold out, jendea pozik, gazteenak ginen…

Artículo anteriorAMA, ZU MUTILA ZARA?
Artículo siguienteIxer kalea berrurbanizatzeko lanak amaitu dira