‘INFLUENCER’EKIN LAN EGITEN DUENIK EZAGUTZEN AL DUZU? ZEIN OTE DA ‘MANAGER’ BATEN LANA?

LANPOSTU BERRI HAUEN NONDIK-NORAKO ETA BITXIKERI GUZTIAK, MARIA GURUCIAGA ETA IRAIA ARZAREN ESKUTIK!

INFLUENCER MANAGER. Ingelesetik datorren hitz pare honek beste mundu bateko zerbait dirudi, ezta? Agian New Yorkeko SoHoko posturen bat, akaso. Ez, ordea, gaur egun, non sare sozialek eta mundu digitalak erabateko bira eman eta lanpostu berriak sortu dituen. Maria Guruciaga Gomez Coronadok eta Iraia Arza Mugarrak ondo baino hobeto dakite hori bere ogibidea bertatik eta bertarako baitago sortua eta ingelesetik datorren termino horrek definitzen du, zehazki. Kuriosoa, bitxia eta harrigarria, zalantzarik gabe. Goazen ba… gehiago ezagutzera!!

Madrilen bizi diren bi zornotzarrak komunikatzaile peto-petoak dira, Mariak are eta gehiago landu izan du marketing arloa eta Iraiak gehiago landu izan du publizitate eta harreman publikoen arloa. Horiexek izan dira euren hastapenak Sarrikon eta EHUn; handik haratago, berriz, konstantziak, diziplinak eta euren nortasun irekiak, ibilbide profesionalean aurrerapauso itzelak ematera eraman ditu. @Dulceida (Aida Domenech) influencer ezagunaren komunikazio agentzian lan egiten dute, gaur egun, biek ala biek.

Horrela entzunda polita eta modernoa badirudi behintzat, baina… zehazki, zertan datza, “Influencer manager” baten lanak?

Sare sozialetako eduki sortzaileen, alegia, jarraitzaile pila dituzten “instagramer” horien ordezkariak dira; hala nola, ospetsuek izan ohi duten “errepresentante” horien gisa, bai, horixe bera, baina eduki sortzaileekin. Mariak eta Iraiak definitu ohi duten gisa “marken eta ‘influencer’aren arteko zubia dira eurak, alegia, horien arteko konexio puntua”. Negoziazio horretan alor ekonomikoaz gain, eduki mailan sare sozialetan zer igoko den eta nola ere zehaztu ohi dute eurek markekin, geroago ‘influencer’ak berak igo beharko duena bere Instagram, TikTok, Youtube edota dena delakora. Horrez gain, ‘influencer’ horrek sareetako ‘post’, ‘reels’, edota ‘stories’ horiez gain, telebistan iragarki bat egingo badu edota denda fisiko bateko eskaparatean jartzeko kanpaina gauzatuko badu ere, eurek adosten dituzte proposamen eta baldintza guztiak markarekin batera.

Horrez gain, bilaketa proaktiboa ere gauzatzea badute, hau da, influencerrak marka zehatz batekin lan egin nahi baldin badu, haiek proposamen horiek prestatu eta landu egiten dituzte, markari eskaini ahal izateko, eta ea adostasun batera iristerik duten. Nola egin hori, ordea? Maria eta Iraia manager gisan ‘influencer’ bakoitzarekin estrategia digital bat sortzen dute, zein arlotan arituko diren zehaztuz, adibidez, ‘lifestyle’ baldin bada alorra, horretara bideratu estrategia, eta egokienak eta gustukoak diren markak proposatu eta iristen diren kanpainak aukeratzeko irizpideak finkatu. “Etikak eta baloreak izatea” ezinbestekotzat jotzen dute biek ala biek, sortzaile hauek jarraitzaile asko dituzten honetan, garrantzitsua baita irudia zaintzea eta jarraitzaileek eurengan konfiantza izaten jarraitzea.

Sare sozialen erabileraren gorakada ikaragarria -> komunikazio era berriak

Pandemiak gogor astindu du gure gizartea eta hainbat lanpostu desagertu diren, era berean, beste batzuek, nolabaiteko gorakada izan dute, eta horren adibiderik garbienetako bat komunikazio digitalarena dugu. Aldi berean, markak hedabide tradizionaletan eta linealetan, inbertitzeari uzten ari dira, eta mundu digitalera bideratzen ari dira aurrekontu hori. Mariak eta Iraiak, esaterako, estatistikak aurkezten dizkiete, non webgune edota orrialde batera egindako klik guztiak agertzen diren eta klik guzti horien %10ak, gutxienez, erosi ohi duela ia ziurtatuta dute jada, beraz, besteak beste, horren arabera, zehaztuko da kolaborazio horren ordainketa eta akordioa.

“Vogue aldizkarian iragarki bat jartzeak edota telebistako ‘prime time’n publizitatzeak, diru asko kostatzen du eta influencer bati 2.000.000 pertsonako audientzia izan dezakeen ‘reels’ bat (bideo labur eta dinamikoa) egiteagatik ordaintzen diotena, betiere, dezente gutxiago izango da. Mariaren hitzetan, “komunikazioaren garapena dela uste dut, lehen denbora gehiago ematen genuen telebista ikusten, eta orain oso jende gutxik ikusten ditu telebistako iragarkiak”. Beraz, publizitate tradizionalean inbertitu beharrean, sare sozialetan eta digitalean inbertitzen hasiak dira. Markek ez dute edonon inbertitzen, jakin badakite irabaziko dutenaren arabera ordainduko dutela. Beraz, “asko irabazten dute “influencer”ek? Bai, batzuek asko irabazten dute. Ez denek, noski, baina asko saltzen dutenek, bai, horiek asko irabazten dute”.

Mundu honen inguruan ezjakintasun asko dagoela dio Iraiak, izan ere, 14 urte inguru soilik dituen lanbide berri bat da, eta horrek, oraindik, ez du konfiantza gehiegi sorrarazten jendearengan. Eduki sortzaile hauek “ikaragarri bizi direla eta ez dutela ezer egiten, horixe jende gehienak pentsatzen duena, eta bai, batzuk ondo bizi direla esan dezakegu, ondo bizitzea, baldintza onak edukitzea esaten baldin badugu, baina, zalantzarik gabe, entretenimendua sortzea eta jendea, egunero eta une oro, entretenitzea ez da batere erraza”.

Idolo sariak, talentu digitala

Aktoreen munduan, Goya sariak ezagunak diren honetan, “Dulceida” influencerrari eduki sortzaileen talentu digitala omentzeko sariak antolatzea otu zitzaion eta Maria Guruciaga Gomez-Coronadori proposatu zion berau antolatzen laguntzea. 2022an izan da Idolo sarien lehen edizioa, eta Mariak azaldu digunez, jada hasiak dira hurrengo urtekoa prestatzen. “The Music Republic”ekin batera antolatzen hasi ziren eta Mariaren lana, Dulceidaren agentziako langile gisa, espektazio handiko sari banaketa festa handi bat antolatzea zen,, zeina ez den orain arte inoiz ere egin. Ez zen erronka makala, gero.

Lan asko eta asko egin ondoren, lortu egin zen. Arlo guztietako sariak eta ‘influencer’ak batu ziren bertan, esaterako, moda, ‘lifestyle’, gastronomia, umorea, ‘gamer’ak. Komunikazio munduko profesionalek osatutako epaimahaiak (Sony, Warner, …) notario aurrean ezarri eta aukeratu zituzten sarituak. Ana Millan izan zen aurkezlea, eta gala dinamikoa izan zen oso, abeslari eta artista ezagunen emanaldiak ere egon baitziren. Gainera, festa itzela ere antolatu zuten behin sariak bukatuta. 1.000 gonbidatu inguru bertaratu ziren eta sare sozialetan arrakasta gehien dutenen artean, ez zen ia inor ere falta izan. ‘Twitch’ plataformaren bidez ere, streaming bidez emititu zuten zuzenean. Sari bakoitza marka batek  babestu zuen, eta horrela, ordaindu ahal izan zuten tamaina honetako ekitaldi jendetsua.

Garrantzitsua al da hiriburu batean bizitzea horrelako lan batean jarduteko?

Haien hitzetan, “marketing, publizitate eta harreman publikoen alorrean aritu nahi baldin baduzu, Madril dugu erdigune, Bartzelona baino askosaz gehiago, izan ere, agentziarik eta enpresarik gehienak Madrilen daude, eta ekitaldi garrantzitsuenetakoak bertan izaten dira”. Egun batzuetan, etxetik lan egiteko askatasuna izan ohi dute, eta edozein lekutatik ere egin dezakete lan, betiere, telefonoa eta ordenagailua gertu izanik. Gainera, Madril eta Zornotzaren arteko gertutasunak gauzak errazten dizkie eta sarritan etortzen dira etxera, familia eta lagunekin egoteko, hirian pozarren bizi arren, herri min handia izaten ohi dute eta.

Bartzelonako bulegoetan aritu izan da Iraia orain arte, duela gutxi, berriz, Madrilera egin du bidaia bertan bizitzeko asmoarekin. 2 urte inguru daramatza agentzia honetan, eta berak dioenez, aldaketa onerako izan da, Bartzelonan hainbat enpresa eta multinazional garrantzitsuetan aritu ondoren, lan honetarako, akaso, errazagoa omen baita Madrilen bizitzea, bestela, hara eta hona aritu behar baitu.

Mariak bestelako ibilbidea izan du, betiere, komunikazio arloan. 3 urte daramatza @dulceida ren enpresan lanean, eta Ibizatik, Eivissatik bueltan, jaso zuen eskaintza. ‘Pacha’ diskoteka eta enpresa ezagunaren ‘press manager’ gisa aritu zen lanean, eta Anna, Dulceidaren ama eta agentziaren zuzendariarekin lan harreman bat edo beste izana zuen aurretiaz, eta behin Ibizatik itzulita, harek deitu zion pertsonalki agentzian lan egin nahi ote zuen proposatzeko.

Tomorrowlan festibal ezagunera, Formenterara, Mallorkara, Luganora, penintsularik zehar etabarrera eraman du eta eramango du Iraia lan honek. Milango Fashion Week-era, Parisera, uda guztia Ibizan egotera, Lago Di Comora eta penintsulako hainbat bidaietara eraman du Maria, berriz, lan honek. Pertsonekin daukaten tratua eta harremanak asko betetzen die, beraien lekua bilatu dute mundu honetan. Ordutegi eta kokapen flexiblea izanik, gusturago egiten dute lan. Zenbaki eta kontratuena ez dute maite, baina danean aritzen dira. Era berean, ibilbide profesionalean dezente hazi dira, eta bestelan biziko ez zituzteen esperientziak bizitzen ari diren zalantzarik ez dute.

Biak elkarrekin ari dira orain Madrileko bulegoan, Zornotzako kuadrilla berekoak izateaz gain, lanean ere elkarrekin dihardute, eta lagun talde bera dute Madrilen ere. Biek ala biek aldaketa bat nahi zuten euren bizietan eta kontu eta alor berriak probatzeko sekulako jakinmina duten aldetik, “ea… zergatik ez, ba??” Buruari ozen esan eta horretan dihardute bizitzen, ikasten, gozatzen eta sentitzen. Oso harro zuetaz, lagunak!! J

Amaia Larruzea Motxobe

Artículo anteriorSupercremalleras “Generación del 27”
Artículo siguienteEl rapero Gaclex GX publica su primer disco “INFINITE”