Gazte agerraldia Greba feministaren alde

Zornotzako Greba Komiteko gazteon lantaldeak gazte agerraldi egin dute gaur eguerdian. Bertan esparru eta adin ezberdinetako herriko 100 gazte inguru elkartuko dira, eta belaunaldi bezala Greba Feminista Orokorrerako deialdia egin eta honen garrantzia azpimarratzeko adierazpen bat irakurri dute.


Hemen dago:
“Gaur, azaroak 18, Greba Feminista Orokorrerako hamabi egun eskas gelditzen diren honetan, Zornotzako esparru eta adin ezberdinetako hainbat gazte elkartu gara, belaunaldi gisa Greba Feminista Orokorrera atxikitzen garela adierazi, eta gure belaunaldiari aitzindaria izango den greba feminista orokorraren garrantzia helarazteko asmoz.
Belaunaldi bakoitza garaiko gertaera historiko eta baldintzek ezaugarritzen dute. Gurea, krisietan kateatuta bizi den belaunaldia da. Krisi ekonomikoa, krisi ekologikoa, soziala, osasun krisia, zaintza krisia, krisi demografikoa… elkarrekiko harremanetan dauden krisi eta zapalkuntzek kolpatzen gaituzte egunero, eta elkar elikatuz eta sostengatuz, sistema kapitalistai eta zishetero patriarkala betikotzen dute.
Bidegurutze batean gaude, zibilizazio krisi baten parean. Bizitzari nagusitu nahi zaio kapitala, eta sistemaren ekoizpen horretan, sistema bera inpugnatzea besterik ez dugu. Merkantilizazioak eta pribatizazioak ardazten duten egungo zaintza eredu prekarioak parez pare jotzen du bizitza beraren sostengarritasunarekin. Zaintza bizitzak sostengatzeko ezinbesteko jarduera den heinean, zaintzaren bideragarritasun eza bizitzen aurka doa. Beraz, zaintza sistema publiko eta komunitarioaren aldarriaz ari garenean, denon bizitzaz ari gara, denon onuraz ari gara, gure belaunaldiaren etorkizunaz ari gara. Zaintzaren antolaketa kapitalismoaren eta patriarkatuaren esku jarraitzea, edo erroko eraldaketa feminista eta sozialistaren norabidean kokatzea da jokoan dagoena. Izan ere, zaintza gure gizartea sostengatzen duen praktika da. Zaintzarik gabe ez dago bizitzarik. Zaintzak bermatzen ditu mundua aurrera eramaten dituzten jarduera guztiak. Ezinbesteko lana izanagatik, espero genezake aitorpen kolektiboa jasotzea. Baina, kapitalismoak eta patriarkatuak zaintza lanak ikusezin bilakatzen dituzte; horretarako, batez ere, zaintza lanak eremu pribatura bultzatuz. Baina, eskema horretan denok ez dugu paper berdina jokatzen. Zein da zaintzen ari dena? Zein da zaindua? Zein subjekturen eskutan sostengatzen da zaintza sistema? Zein preziotan? Zein ari da aberasten?
Sistema honen menpeko zaintza ereduarekin jarraituz gero, gure belaunaldiak zaintza krisiaren adierazpenik gordinena biziko du. Joera demografikoei jarraiki, geroz eta gizarte zaharrago baterantz trantsizioa egiten ari gara, horregatik zaintza eredua aldatu ezean, zaintza behar gehiagori bitarteko gutxiagorekin aurre egin beharko dion belaunaldia izango da gurea. Geroz eta gutxiagok, geroz eta gehiago zaindu beharko dugu. Eta forma horretan, ezin izango dugu guztion zaintza bermatu. Izan ere, guztiok dugu zainduak izateko eskubidea, baina horretarako, ezinbestean, guztiok dugu zaintzeko betebeharra.
Gure etorkizuna da jokoan dagoena, guztion bizitzak dira hemen jokoan daudenak. Guk, belaunaldi gisa, arduraz eta kezkaz erreparatzen diogu zaintzaren kontura, emakumeon lan indarraren kontura gutxi batzuen poltsikoak betetzea asmo duen mundu honi. Arduraz begiratzen diogu, baina sistema oso hori irauli, eta zaintzen duen herri baten bandera altxatuz ere bai.
Zornotzako gazteok azaroaren 30ean greba feminista orokorrera goaz. Ez diogu sistema ustel honi gure etorkizuna lapurtzen utziko. Gu, borrokatzera goaz. Gu elkar zaintzera goaz.
Zaintza eskubide kolektiboaren alde, azaroaren 30ean, Zornotzako gazteok greba feminista orokorrera”.

Artículo anteriorSaioa Goitia Premio Empresarial 2023
Artículo siguienteSD Amorebieta 2-0 CD Tenerife: Titánico esfuerzo, enorme victoria