Amaia Larruzea
“Egunero abesten dut; edozein momentutan eta edozein unetan. Ez naiz entseiatzeko ordu zehatz bat jartzen naizen horietakoa, melodia nire parte da. Barruan daramat edozein tokitan nagoela ere”, azaldu du Eider Etxeandia Etxebarria zornotzarrak. Abeslaria da bera, ez, ordea, abeslaria bakarrik. Gauza askoren artean, IVEF + magisteritza gradu bikoitzaren ikaslea, errugbi eta saskibaloiko jokalaria eta umeen entrenatzailea ere bada Eider. Musikak, hala ere, toki horietara guztietara egiten du bidaia, bere bidelaguna baita une oro. Agian, horrexegatik esango genuke iritsi dela iritsi den tokira, musika bere barrenean ezkutatuta eta aldi berean azaleratuta daraman osagaia delako. Dena delakoa, argi dagoena da, Eider Etxeandia hitzen eta soinuen melodiaren grinaren seinale argia dela.
ETB1eko Bago!az saio arrakastatsuko partaide izan da azken asteotan, ez edonola, gainera, finalera iritsi baita zornotzarra. Hori soilik ez eta Alkain aktore ezagunarekin batera antzeztu eta abestutako ‘Barbie Girl’ lanarekin saio bateko garaile ere atera zen. “Alkainekin zaudenean barrez lehertzea da gauzarik errazena, aste osoa barre algara artean eman genuen, beraz, oholtzara ateratzeko unean inoiz baino gehiago gozatu nuen”. Esperientzia oso bizia izan omen da Euskal Telebistako saioan bizitakoa eta lagun asko egiteaz gain, oholtzan nola mugitu, interpretatu eta ahotsa aztertzen ikasi du. “Telebista eszenatoki gainean jartzearen oso bestelakoa da, beste mundu bat da, orain hemen jarri, gero hor, dena antolatuta dago eta zuk lerro berean egin behar duzu aurrera; egia esan ondo moldatu naiz, gustura aritu naiz”.
Hastapenetako bide beretik gozatzen
Txiki-txikitatik izan da Eider musikaren lagun, 5 urterekin hasi zenetik Zubiaur musika eskolan solfeoa ikasten. Gerora, honekin jarraiki, koroan abestera ere hasi zen, ama eta ahizparekin batera, eta hori gutxi zelakoan eta panderoa eta trikitixa jotzen ere ikasi zuen -zeinak egun ere jotzen dituen-. Hortik aurrera hasi zen, bada bidea lerrotuz, taldeekin kolaborazioak egiten eta Iratxe Etxeandia ahizparekin batera emanaldiak ematen.Biziki gogoko du ahizparekin oholtza gainera igotzea, eta talde eta erromeriekin jotzen duen arren tarteka, ahizparekin edo bakarlari gisa aritzea du Eiderrek gogokoen.
Zer dakar etorkizunak?
Musikatik bizitzea gustatuko litzaiokeen arren, momentuz, “ikasketak bukatu nahi ditut ezinbesteko oinarri hori badaezpada eskura izateko. Hiru urte gelditzen zaizkit oraindik gradu bikoitza bukatzeko, eta bitartean, musika alde batera utzi gabe jarraituko dut, gustatuko litzaidakeena baino denbora gutxiago eskaintzen dion arren”. Behin ikasketak bukatuta ikusiko du ea bidea egiterik duen, baina berak dioenez, “momentuan momentukoa” bizi nahi du, eta lehendabizi udara du buruan, bi abestiren letrak baititu idatzita eta hauek lantzea du helburu uda partean.
Bakarlari gisa kontzertuak eta emanaldiak eman nahi ditu, bai tabernetan, bai aretoetan. Prest da edozein tokitan bere musikaz gozatu eta gozarazteko, berarekin harremanetan jartzea besterik ez duzue. Euskarazko baladak ditu maite, horiek dira bere berezitasun eta estiloa. “Eñaut Elorrieta edo Mikel Laboan antzeko zerbait egitea nahiko nuke, nire nortasunera ekarri eta nire letrak eta melodiak sortuz”. Hala, bada, piztutako hitzen eta soinuen melodiaren grina ez dadila inoiz ere itzali.