ZUOK larunbat honetan hasiko da Udalarekin batera programak, proiektuak eta zerbitzuak lantzeko prest dauden 30 gazteren partehartzearekin

  •   Aurreikusitako bost saioetan, 20 eta 28 urte bitarteko gazteentzat funtsezkoak diren arloak jorratuko dira, hala nola, aisialdia, emantzipazioa, prestakuntza edo enplegua.
  •   Joan den ostiralean amaitu zen izena emateko fasea, eta guztira 126 gaztek aurkeztu zuten hautagaitza egingo diren bileretan parte hartzeko. Horietatik guztietatik talde anitza osatu da 30 gazterekin.

Larunbat honetan hasiko da ZUOK, Amorebieta-Etxanoko Udalak 20 eta 28 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekimen aitzindaria, herria garatzen eta hobetzen lagunduko duen programa, proiektu eta zerbitzuen diseinuan gazteek aktiboki parte hartzea ahalbidetuko duen ekimena. Proiektua Arkalaz estrategiaren parte da, eta helburua da herritarrak Udal erabakien parte izatea.

Gazteen ahotsak Amorebieta-Etxanoren etorkizunerako erabakigarriak direla sinetsita, ZUOK komunikazio eta parte-hartze kanal zuzena izatea proposatzen du Udalak. Bost lan-saioen bidez, parte-hartzaileei beren kezkak, nahiak eta proposamenak adierazteko aukera emango zaie, adierazpen askea eta ideien trukea sustatzen duen giro batean.

Ainhoa Salterain alkateak ekimen honen garrantzia azpimarratu du: «Funtsezkoa da gure gazteen iritziak eta beharrak entzutea eta baloratzea. Beren interesak islatzen dituzten eta ongizatea lortzen laguntzen duten politikak eta ekintzak inplementatu nahi ditugu».

126 pertsona inskribatuta

ZUOK ekimenaren hasierako fasean interesa duten gazteak erakartzea izan da helburua; joan den ostiralean itxi zen izen-ematea, eta guztira 126 gaztek eman dute izena. Talde horretatik 30 gazte hautatu dira, genero, adin, bizileku, kultura-jatorri eta ikasketa-maila desberdinak kontuan izanda. Gainera, parte-hartzaile bakoitzak 500 euroko konpentsazioa jasoko du, konpromisoaren eta parte-hartzearen aitorpen gisa, 100 eurotan banatuta bertaratzen diren saio bakoitzeko.

Elkarrizketa eta baterako sorkuntza bost saiotan

Larunbatean hasiko den bigarren fasean, ZUOK ekimenak elkarrizketa eta elkar sorkuntza sustatuko ditu gazteentzako funtsezkoak diren arloetan, hala nola, aisialdian, emantzipazioan, prestakuntzan eta enpleguan edota gazteek beraiek proposatutako gaietan. Lehen saioa asteburu honetan izango da, Zelaieta Zentroan, 10:00etatik 13:00etara. Gainerako saioak ere leku eta ordu berean izango dira, ondorengo datetan: martxoaren 16an, apirilaren 27an, maiatzaren 18an eta ekainaren 15ean egingo diren topaketekin jarraituz.

Azken fasea

Proiektuaren amaieran, saioak amaitzean, bi edo hiru proiektu hautatuko dira eraginkortasunez ezartzeko, eta mugarri bat izango dira gazteen parte-hartzean eta Amorebieta-Etxanoko garapenean.

Artículo anteriorMedallas para los zornotzarras
Artículo siguienteLa mala fortuna evita el triunfo azul