Zornotzako Musika Bandak ‘Bitartean artea tarteko’ aurkeztu du

 Arteak eta denborak bat egingo duten denboraldi berria alegia

• Ohiko kontzertuez gain, denboraldi berrian bost kontzertu berezi eskainiko ditu, larunbat honetan bertan Zelaietako pilotalekuan hasita. Euskal Jaiaren baitan, Iparragirre: 200 urte tarteko izenburupean, Gontzal Mendibil eta Zornotzako Abesbatzak izango ditu lagun. 

Zornotzako Musika Bandak, Amorebieta-Etxanoko Udalarekin batera, «Bitartean artea tarteko» denboraldi berria aurkeztu du gaur. Guztira, bost emanaldi izango dira, taldeak Santa Zeziliaren omenez, jaietan edo inauterietan eman ohi dituen emanaldiak kontuan izan gabe.

Aurkezpenaren hasieran, Ainhoa Salterain alkateak Amorebieta-Etxanok Musika Banda propioa, Zornotzako Musika Banda, izatearen garrantzia ekarri du gogora: «horregatik azpimarratu nahi dut taldekide bakoitzaren dedikazioa eta konpromisoa; era berean, Aritz Labrador presidentearen eta zuzendariaren lana ere azpimarratu nahi dut».

Ainhoa Salterainek gogorarazi du udalerri baten nortasun kulturalean funtsezko elementua dela Musika Banda bat izatea, aktibo baliotsua baita komunitatearentzat: «musika hizkuntza unibertsala da, pertsonak batzen dituena eta gure eguneroko bizitza aberasten duena. Eta hori areagotu egiten da emanaldi horiek eskaintzen dituzten pertsonak zornotzarrak badira, gure udalerriko bizilagunak badira. Zornotzako Musika Banda gure herriak musikarekiko eta artearekiko duen konpromisoaren sinboloa da».

Era berean, Kultura, Kirol eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzia den Koldo Bilbaok azpimarratu du Amorebieta-Etxanoko Udalaren laguntza irmoa dela horrelako kultur ekimenez ari garenean: «Zornotzako Musika Bandaren egonkortzea azpimarratu nahi dut, banda gisa eta gure komunitateko kide aktibo gisa. Geratzeko asmoz etorri dira, eta haien bilakaera, hasieratik gaur egunera arte, horren adibide garbia da. Amorebieta-Etxanon inork ez du zalantzan jartzen bere ibilbidea, eta ezta aurretik duten etorkizun oparoa ere».

Hala, Bilbaok aurreratu duenez, Aritz Labrador bandaren zuzendariak programazio zirraragarria aurkeztuko du denboraldi berrirako, hainbat emanaldi eta musika-ekitaldirekin: “Zornotzako Musika Bandaren denboraldi berriaren aurkezpenak etapa zirraragarria markatzen du Amorebieta-Etxanoko kultura-bizitzan, askotariko musika-emanaldi eta ekitaldiz betea dagoena. Larunbat honetan bertan eskainiko dute lehen kontzertua Amorebieta IV pilotalekuan, Euskal Jaiaren baitan. Gainera, Iparragirre: 200 urte tarteko izenburupean, gure Bandarekin batera izango dira Gontzal Mendibil eta herriko hainbat abesbatza». Horrela, eta Labradorri hitza eman aurretik, Bilbaok berretsi egin du Udalak Amorebieta-Etxanonkultura, eta kasu honetan musika, babesten eta sustatzen jarraitzeko duen konpromisoa.

Bost emanaldi

Aritz Labrador Zornotzako Musika Bandako zuzendari eta presidenteak, bere aldetik, 2023-2024 denboraldi berrirako prestatu duten egitaraua azaldu du: «aurtengo denboraldiak artea espazioaren eta denboraren arteko lotura gisa aurkeztu nahi du; hau da, artea espazioa eta denbora ulertzeko baliagarria dela erakutsi nahi dugu. Bai Zornotzako Musika Banda gisa eskainiko ditugun kontzertuetan, baita gonbidatu bereziekin ere; mendeurrenak, omenaldiak eta herritarren kolaborazioak bezalako gaiak jorratuko ditugu».

Larunbateko kontzertuaren azalpenetan murgilduz, Labradorrek iragarri du 22:00etan hasiko dela, eta Gontzal Mendibil eta Amorebieta-Etxanoko abesbatza ezberdinak izango dituztela gonbidatu: “Izenak berak dioen moduan, Jose Maria Iparragirre kantautore urretxuarraren jaiotzaren 200.urteurrena ospatuko dugu. Gontzal Mendibil zeanuritarrak proiektu hau sortu zuen omenaldia errealitate bilakatzeko eta Ruper Lekue zein IñakiUrkizuren banda-moldaketekin aurkezten da kontzertua. Aurtengo Euskal Jaiaren programazioaren barruanantolatu dugu kontzertua eta gurekin parte hartzen Gontzal Mendibil eta Zornotzako lau abesbatza egongo dira: AndraMari Ikastolako Gurasoen abesbatza, Xuxurlariak, Abes Kimu abesbatza eta Coral Zornoza”.

Labradorrek iragarri du bigarren kontzertua abenduaren 23an izango dela, 20:00etan, Zornotza Aretoan, Bitartean Folk taldearekin batera: “2023-2024 denboraldiaren bigarren kontzertua Zornotza Aretora bueltatuko da. Oraingoan Banda “Bitartean” Folk taldearekin batera fusionatuko da. Talde honek Euskal Herriko eta Argentinako doinu eta erritmoak uztartzen ditu. Euskal Herriko txoko desberdinetako kideek osatzen dute “Bitartean” taldea eta Jagoba Astiazaran eta Eduardo Moreno konpositoreen laguntzaz osatu dute proiektu hau bandarekin. Zornotzako Musika Bandarekin batera 8 pieza jo egingo ditu talde gonbidatuak, tarteka beste 4 pieza joko dituelarik laukoteak. Propina gabon-folklorikoa eskainiko dute amaieran”.

Hirugarren kontzertua udaberrian izango da, taldearen zuzendariak azaldu duenez: “Artearen espazioa haizeak ordezkatzen du eta hauxe izango da protagonista hirugarren kontzertu honetan. Bandaren haize-doinuak aztergai izango ditugu, tankera klasikoeenetik abiatuta eta tarteka Luis González Garrido saxofonista gaztearen laguntza izango dugularik. Saxofoiaren errepertorioaren hiru obra esanguratsu aurkeztuko ditugu: Glazunovenkontzertua (jatorriz saxofoi eta hari-orkestrarako dena), Iturralderen “Pequeña Czarda” (bandarako jatorrizkoa dena) eta bukatzeko Milhaud konpositore frantsesaren “Scaramouche” birtuosoa (orkestrako bertsiotik transkribatuta). Kalitatezko errepertorio sinfonikoa gure Aretoan!”

Laugarren emanaldiari dagokionez, Labradorrek iragarri du bere izenak aurreratu bezala, Bitartean… Rock Eztanda!, EZTANDAP izango da talde gonbidatua: “Bandak herriko talde eta elkarteekin daukan harremana eta konexioa sendotzeko helburuarekin, bi urterik behin kolaborazio kontzertu bat eskaintzen dugu denboraldiaren barruan. Duela bi urte, “Blanco y en botella” taldearekin elkar eragin genuen eta kontzertu berezia aurkeztu genuen. Kontzertuaren lehen zatian rock sinfonikoa landuko du bandak eta bigarren erdian, Eztandap taldearen 6 abesti aurkeztuko ditu bandak bertsio sinfonikoan estreinakoz. Eztandap! rock boskotea Zornotzako eta Eako kideek osatuta dago eta 2019an ekin zioten musikagintza bideari. Estiloari dagokionez, rocka ardatz hartuta, blues, funk edo punk ukituak antzeman daitezke bere errepertorioan. Asier Fernández (gitarra), Asier Goikoetxea (gitarra), Ion Ander Agorreta (baxua), Aratz Longo (bateria) eta Jonathan Santos (ahotsa eta teklatua)”.

Amaitzeko, jaietan, Zornotzako Musika Banda Bilboko Koral Elkartearekin eta Abes Kimu Koralarekin batera arituko da, Carmina Burana izenburupean: “Aurtengo denboraldiari bukaera emateko jaietan murgildurik, kontzertu sinfoniko-korala aurkeztuko dugu. Orffkonpositore alemanaren Carmina Burana plazaratuko dugu Bilboko Koral Elkartearekin eta Zornotzako Abes Kimu abesbatzarekin. Carmina Burana XII. eta XIII. mendeetako kanturen bilduma bat da, AlemaniakoBenediktbeuern herrian XIX. mendean aurkituriko eskuizkribu barten bilduak. Carl Orffek, Michael Hoffmannmusikologoaren laguntzaz, aipatutako poesietatik 25 aukeratzea erabaki zuen eta musika jartzeari ekin zion.Horretarako, pentsa daitekeen partitura profano erritmiko eta itsaskorrena sortu zuen, ikasle, langile zein haur taldeek abesteko helburuarekin”.

Halaber, Aritz Labradorrek gogorarazi du Zornotzako Musika Banda herriko jaietan, Santa Zezilia zaindariaren kontzertuan eta inauterietan ere izango dela.

Artículo anteriorAyudas accesibilidad
Artículo siguiente69ª Edición del Cross Internacional Zornotza