ZORNOTZAKO GAZTEAK AURRERA!!

Martxoaren 9an ospatu genuena Zornotzako Gazteak-ek antolatutako lehen Gazte Eguna izan zen; bost hiletan zehar jende askoren laguntzaz aurrera eramandako lan luzearen emaitza. Tamaina horretako lehen ekimena izateko dena ondo irten zenaren sentsazioa izan dugu; antolatzaileok, behintzat, oso pozik gaude lortutako emaitzarekin.

Egun paregabea izan zen, uste genuena baino hobeto irten zen, eguraldia ere lagun izan baikenuen. Jende asko hurbildu zen, bai Zornotzatik bertatik eta baita inguruko herrietatik ere. Ekintza guztiek arrakasta izan zuten: goizeko triki-poteotik hasita, bazkaria, poteo sortzailea eta bereziki kontzertuek. Uste dugu, eta benetan espero dugu, denok ondo pasatu izana, hori izan baita hasieratik gure helburua.

Duela bi urte inguru sortu zen Zornotzako Gazteak izeneko elkarte honek argi du egun hau aurrerapaso ikaragarria izan dela gazteen artean ere lanari ekiteko grina piztu eta ekimen berriak sortzeko gogoa zabaltzeko; ez genuke nahi inola ere, proiektu hau egun bakar batekoa izaterik, jarraipena eman beharko geniokeela uste baitugu.

Azkenik, eskerrak eman behar dizkiogu hurbildu zen jende guztiari eta bereziki Gazte Eguna egitea ahalbidetu duten guztiei: gazteak, trikitilariak, poteo sortzaileko partaide guztiei, kontzertuetan parte hartu zuten talde guztiei, teknikariei, tabernei, Ametx-i eta herritarrei.

Eskerrik asko denoi eta jarraitu dezagun Zornotzari bizia emoten! Hurrengo arte!

www.amorebieta.com – Hilero Zornotzan © 2013

Ir arriba.