Nanga Parbat mendiaren neguko lehen igoeraren inguruko filma eta liburua, Alex Txikonen eskutik

Pandemiak eragindako itxialdiak buruari eragiteko beta eman digun zalantzarik ez dugu eta Alex Txikon alpinistak atzeratuta zituen egitekoen zerrendari ekiteko aukera bezala hartu izan du, jakin badakizue Alex bere etxean ordu bete baino gehiagoz egotea zaila baita -ez bada materiala prestatzen dagoelako edota “ordu batzuk” lo eman dituelako…-. Oraingo honetan, ordea, ez zuen besterik, ez zegoen aukerarik, etxean egon behar zuen eta berau seinaletzat hartu zuen bere kirol ibilbideko lorpenik handienari orain arte eskaini ez dion arreta eskaintzeko.
Hilabete horietan berarekin hitz egitean ez zuen besterik buruan, “filma itzela izengo da, lan handie eiten nabil musikeagaz! Formato ezberdine izengo da, ikusikozu!, polite izengo da!”, hala ere, ez pentsa gauza soil batekin konformatu denik, aldi berean, iraganeko idazki guztiak berreskuratu baititu bere eskuz idatzitako lehen liburua argitaratzeko. Espedizio guztietan, hainbat koaderno bete ohi ditu Alexek bere letrarekin. Egunero idatzi ohi du espedizioak irauten duen bitartean eta terapia gisa ere erabili ohi du, izan ere, Behe Kanpalekuetan orduak edozelan eman behar dira, beti ezin baita zerbait egiten egon, bai neguko eguraldi eskasak “itxialdi” gisako hainbat egun eskaintzen dituelako, bai atseden hartzea ezinbestekoa delako, baita hor goian bizitako une latzek sorrarazitako beldurrak azaleratzea ere garrantzitsua delako horiek kudeatu ahal izateko.


Hortaz, Behe Kanpalekuko bere dendan sartzen den aldiro, koadernoa eskuetan hartu eta idazten hasten da, etengabe. Urte hauetako guztietako idazkiak, ordea, ez dira sekula argitaratu, ez dira sekula liburu gisa irudikatu, nahiz eta beste alpinistek milaka liburu dituzten. Oraingo honetan, berriz, horretarako aukera izan du, alegia, orrialde guzti horiek ordenatu eta forma eman nahi izan die istorio polit bat sortuz.
Unai Ormaetxea zornotzarrarekin batera, “Mundu bat motxilan: Alex Txikonen menditazioak” kaleratu zuten argitaletxe beraren alde egin du oraingo honetan ere. Euskaraz eta gaztelaniaz izango da eskura, 2016ko otsailaren 26an, Simone Moro italiarra eta Ali Sadpara pakistandarrarekin batera (Tamara Lunger metro gutxitara buelta eman behar zuen, baina espedizioaren kide ukaezina izan zen ere) egindako balentria hizpide izanik.

Filmari dagokionez, ezberdina da oso, formatu berezia dauka. Euskaldunan aurkeztu zuen segurtasun neurri guztiekin eta gonbidapenarekin soilik sartu ahal zen aurkezpen ekitaldira, baina aurki izango dira salgai Euskal Herriko hainbat tokitan izango diren emanaldietara joan ahal izateko sarrerak “sare sozialen bidez emango dut sarreren berri, emanaldiak non izango diren azalduz”.

Gailurrera iristeko borroka luzea da, neguan zortzimila metrotik gorako mendi bat igotzea are gehiago, inoiz inork ere sekula egin ez duen espedizioa burutzea bi urte luzeko lanaren isla garbia da, liburu bat idaztea lan nekeza da, mendizaleentzako eta horren mendizaleak ez direnentzako nazioarteko filma erakargarri bat sortzea sakrifizio handia eskatzen duen lana da; baina, osagai guzti horiek lapiko batean sartuz gero, eta eragiten hasi bezain pronto, poztasuna, irribarrea, hasperena, harrotasuna, ametsak gauzatzeak eragiten duen sentipen berezi hori eta alpinismoaren historiako liburuetan pasarte bat idazteak dakar. Goza dezagun, beraz, historiak iruditan eta hitzetan dakarren proposamen hauekin!

Amaia Larruzea Motxobe

Artículo anteriorALDABE HERRIAN GRABAZIO EGUN BATEAN
Artículo siguienteIBONE IBAÑEZ ALDECOA, FLAMANTE CAMPEONA DE ESPAÑA DE SALTO