Jaia arratsaldeko 17:00etan hasiko da goiko eskolan. Bertan, ikasturtean zehar izango diren ospakizun ekitaldiak aurkeztuko dira.
Amorebieta-Etxanoko Larrea Eskolak bere historian mugarri izango den 50. urteurrenarekin eman dio hasiera aurten 2023/2024 ikasturteari. Lorpen garrantzitsu hau poztu eta harro egoteko arrazoia da hezkuntza-komunitatearentzat, eta behar bezala ospatzeko, aurkezpen jaia antolatu dute.
Larrea Eskolaren 50. urteurrena aurkezteko jaia ostiralean izango da, abenduak 15ean, arratsaldeko 17:00etan, goiko eskolan. Ekitaldi honen helburua da urteurrenari hasiera ematea eta ikasturtean zehar egingo diren ekimenen eta jardueren berri ematea.
Horrela, Larrea Eskolak azken 50 urteetan hezkuntza-komunitate honetako kide izan diren pertsona guztiak gonbidatu ditu, ikasle, irakasle edo langile, ospakizun berezi honetara gerturatzera. Jaiari hasiera emateko, kalejira bat antolatu dute 16:45ean beheko eskolatik. Hala, bertaratzen diren guztiek bat egin eta goiko eraikinera igoko dira, kalejiran, ospakizunari hasiera emanez.
Jaiaren aurkezpenean, urteurreneko abestiaz gozatzeko aukera izango dute, baita taloak dastatzeko ere. Erromeria ere izango da, eta urte hauetan guztietan bizitutako momentuak eta esperientziak partekatzeko aukera ere izango dute.
Amorebieta-Etxanoko Udalak bat egin du ospakizunarekin eta Larrea Eskola zoriondu du, bost hamarkada hauetan Amorebieta-Etxanoko hezkuntzan izan duen dedikazioagatik eta lan nekaezinagatik. Ainhoa Salterain alkateak hezkuntza publikoak gure gizartean duen garrantzia azpimarratu du, eta eskerrak eman dizkie urteetan zehar Larrea Eskolako kide izan diren pertsona guztiei: “Hezkuntza funtsezko zutabea da etorkizunerako eta garapen pertsonalerako, eta Larrea Eskolak funtsezko zeregina izan du Amorebieta-Etxanon bost hamarkada hauetan. Eskerrak eman nahi dizkiet zuzendariei, irakasleei, laguntza-langileei, gurasoei eta ikasleei egindako ekarpenagatik. Era berean, gaur egun Larrea Eskola osatzen duten pertsona guztiei babesa eman nahi diet, oraingo erronkei aurre egiteko eta kalitatezko hezkuntza bermatzeko”.
Era berean, Udalak Larrea Eskolako familia zabalari dei egin dio, 50. urteurrenaren aurkezpen festarekin bat egin eta ikasturtean zehar 50 urteak ospatzeko egingo diren jardueretan aktiboki parte har dezan.