Jon Basterretxea Etxebarri, fisioterapeuta

“INEOS TALDEAREKIN FRANTZIAKO TOURREAN,

SDA FUTBOL TALDEAREKIN ETA ZORNOTZAKO KONTSULTAN ARITZEA, ELKARREN OSAGARRI PERFEKTUAK DIRA NIRETZAT”

Oskarbi esnatu da eguna eta martxa betean da jada Zornotzako Onera fisioterapia. Argia egon ohi da beti bertan goizean goizetik eta jendea hara eta hona aritzen da handik, minak arindu nahian; asko herrikoak bertakoak, eta beste asko, kanpotik datozenak. Gorputzean edota giharretan sortu ohi diren minei konponbidea ematea ez da lan erraza, nekeza da oso, hala ere, gustatuz gero, ederra asebetetzea.

Jon Basterretxea Etxebarri muxikarra ezaguna dugu herrian, ama zornotzarra izanda eta familia bertan izanik, lotura berezia du gure herriarekin eta bertako txirrindularitza taldean aritu ondoren, eta futbol taldearekin esperientzia dezente izan ostean, Bahrain Merida txirrindulari taldea atzean utzi eta abentura berri bat ekingo dio aurten Basterretxeak; zein eta,Ineos talde ezagunean fisioterapeuta gisa arituko da, eta helburu nagusien artean, Frantziako Tourra izanik. Ez dira hitz makalak, bada, a ze erronka, a ze konfiantza beragan jarritakoa eta abenturaz eta erronkez betetako urtea datorkiona. Aurrera.

Bahrain Merida taldean, 4 urtez aritu ostean, aldaketa nabarmena egin du Ineosera pasata, nolatan, ba, Jon, aldaketa hau? “Duela bi urtetik hasi ziren komentetan eta proposamena egiten, baina oso gusture nengoen Bahrainen eta ez nion aukera horri erreparatzen; hori bai, beti argi izan dot nire txirrindularitza ibilbide profesionala ez dala luzarorako izango, beraz, aukera hau izanda, zergatik ez?”.

2 Tour eta 2 Giro egin izan ditu Jon Basterretxeak Bahrain Merida taldearekin batera, eta iazko Tourra, gainera, a ze berezia izan zen Zornotzatik bertatik aterata. Hastapenetatik, alegia, 9 urtegaz, hain zuzen ere, Zornotzako txirrindulari taldean hasi zen Jon, gurpil gainean. Gerora, zuzendaritzan be aritu zen pare bat urtez, eta behin ikasketak egitera joan zenean, kirol munduan jarraitu nahi zuela argi zeukan, baita ekarpenen bat ere egin nahi zuela mundu honetan, eta egin eta lortu ere; izan ere, SDA futbol taldera pasa, Bahrain Meridatik ere igaro, eta orain, Ineosen baitabil. Ametsak betetzeko daude, eta horiengatik borrokatzean, iritsi iristen dira.

Ineos Grenadiers txirrindulari taldearen parte, bete-betean bizitzen eta sentitzen

“Erronka inportante bat da, zalantza barik, hartu nahi izan dotena, txirrindulari batzuei euren helburuak lortzen lagunduz”, azaldu du Jon Basterretxeak. Hasi eta jarraitu. Abenduan, Mallorcan egin zuten lehen kontzentrazioan izan zuen estreinaldia Jonek Ineos taldean. Frantziako Tourreko taldearekin aritzea, horixe ere berari eskainitako zeregina denboraldi honetarako.  Hortaz, honekin batera, kontzentrazioetara joatea, Tenerifera, esaterako, eta Tourra prestatzeko bidean aukeratutako lasterketetan aritzea; besteak beste, Paris-Nizan, Euskal Herriko Itzulian, eta Criterium du Dauphinen.

Urte berriarekin batera, Teide mendiaren magalean kokatutako altuerako hotelean, Tenerifen, Tourrerako deitutako 6-7 txirrindulariz osatutako taldearekin aritzea da. Kontzentrazio horietan, “ordu libre batzuk dekoguz, askatasun gehiago bai, behintzat. Goizean, aktibazioko saio bat egiten dogu, gosaldu aurretik, mobilitate ariketak, indar-aktibazioak, eta eurek entrenatzera doazenean, masajistari laguntzen diogu edota gu geu ere kirola egitera joaten gara. Bestalde, ordenagailu programa batean datu guzti-guztiak sartu eta erregistratu behar izaten ditugu, beraz, egunean, 3-4 txirrindulari ikusten ditugu eta datu horiek gordetzen ditugu ordenagailuko programa baten bidez. Plataforma horretan, tratamendu bakoitza, egindako mugimendu guztiak, balorazioak, diagnostikoak, dena gorde behar dugu.

Frantziako Tourreko egunerokoa, bizitza eta lana bertan

Munduan barrena, jende gutxi egongo da Frantziako Tourra zer den ere ez dakiena, inoiz ere entzun ez duena edota zerbait ikusi duena, telebistan edota edonon, karrerarik ezagunena baita; hala ere, Jonek dioenez, “oso ondo antolatuta dago eta erraz eroaten dan karrera bat da, ez da hain bestelakoa, bai dagoela presioa, perfekziora eraman nahi da dena, baina beste lasterketa batzuekin alderatuz, gure lana ez da askorik aldatzen”.

Honakoa Tourreko egunerokoa: “goizean, txirrindulariekin berba ein, zozer behar dabien galdetu, normalean, kamioian elkartzen dira, han gosaltzen dabe, ea gaba zelan paseu dabien, tratamenduren bat behar daben, bakoitzarekin hitz egin, eta normalean, goizetan, ez da lan askorik egoten. Arinauko eguneko tratamenduek ordenagailura pasatzeko baliatzen dogu denbora. Bestalde, karreran zehar, puntu baten jartzen gaituzte, nutrizionistarekin batera. Potoak eman, eta, aldiz, arrabola egiten ari direnean, tratamenduren bat behar badute ere, hortxe gaude badaezpada. Autobusak oso erosoak dira eta toki aproposa izan ohi dute atzealdean, txokotxo bat, etzunde egoteko eta eurekin lan egin ahal izateko”.

Pello Bilbaorekin izandako harreman estua

Basterretxearen hitzetan, “beragaz diferentea izan da, lagune da pertsonalki ezagutzen gara, gure familiak ezagutzen doguz eta lagunek dekoguz amankomunean. Txirrindularitzaren munduan zaila da horren inguruko elkarrizketak ez izatea, eta berarekin edozertaz hitz egin daiteke, txirrindularitza ez dan edozer gairen inguruan aritzen gara eta asko eskertzen da hori, hau da, norberaren bizitzaren inguruko elkarrizketak eukitzea, kontzentrazioetan eta lasterketetan”.

Inoizko errekuperazio mailarik azkarrena dute txirrindulariek, eta Basterretxeak dioenez, “entrenamendurako sekulako gaitasuna dute eta urteko ia egun guztietan dabiltza bizikleta gainean, gainera, nutrizionisten, fisioen, kirol psikologoen eta entrenatzaileen laguntza izatea ere paregabea da”.

Ineos, SDA Amorebietarekin eta Zornotzako kontsultarekin uztarturik

Futbolista bat tratatzetik txirrindulari bat tratatzera alde dezente dagoela dio Jonek, “txirrindulariek keinu konkretu bat izan dezakete, gainkarga bat, deskonpentsazio bat. Futbolisten lesioak askoz ere agresiboagoak dira, esfortzu gehiago eskatzen dute, patologia aldetik ezagutza gehiago izan behar dira”, halaxe azaldu du Basterretxeak.

Kontsultako edozein pazienterengandik, aldiz, edozein esparrutan aplikatzeko, esate baterako, bere hitzetan, “nire auzokoa baldin badator, ziur ikasiko dotena berarekin gero Tourrean edota kirolariekaz nauenenean, balioko didan zerbait eta baliatuko dodan zerbait; besteak beste, nola tratatu pertsonak, zein eragin eta zein tratamendu. Arlo guztiak uztartzea, elkarren artean, osagarririk perfektuena da niretzat. Gainera, nire ama zornotzarra da eta bertako odola dekotenez, kariño handia diot Zornotzari. Nire familia hemen bizi da, lagun asko dekotez bertan, txirrindularitzan be hemen hasi nintzen, kontsulta zabaldu, eta bigarren herri moduan dekot, oso gusture nau Zornotzan eta Zornotzako jenteagaz”.

Amaia Larruzea Motxobe

Artículo anteriorLa Sociedad Ciclista Amorebieta presenta su plantilla 2024
Artículo siguienteЖекачка, Vacaciones bajo las bombas