Zornotzan

Herria, Merkataritza

‘Euskaraz barra-barra’

‘Euskaraz barra-barra’ ekimenarekin bat egin du Amorebieta-Etxanoko Udalak, arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera indartzeko asmoz

 ‘ Euskaraz barra-barra’ herritarrek euskaraz hitz egin dezaketen guneak identifikatzen dituen ikurra da, marka hori duten establezimenduetan euskara erabiltzeko aukera bermatzen duena. • Ekimenaren helburu nagusia da Euskal Herriko ahalik eta establezimendu gehienetan euskara erabiltzeko aukera bermatzea, euskararen erabilera sustatzeko eta herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatu eta bermatzeko, besteak beste.  

Amorebieta-Etxanoko Udalak ‘Euskaraz barra-barra’ egitasmoarekin bat egin berri du, bereziki herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektorean euskarari bultzada eman eta hizkuntzaren erabilera indartu eta sustatzeko. 

Ekimen hau euskaraz hitz egin daitekeen guneak edota establezimenduak identifikatzen dituen ikurra da, euskara erabiltzea bermatzen duen marka, alegia. Izan ere, establezimendu batean ‘Euskaraz barra-barra’ ikurra ikustean, establezimendu horretan euskaraz hitz egin edo artatuko dutela jakingo dute herritarrek. 

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde publikoak elkarlanean sortutako ekimena da “eta euskaraz egiteko aukera bermatuko duen marka bateratu, unibertsal eta iraunkorra izango da”, adierazi du Amaia Aurrekoetxeak, Amorebieta-Etxanoko Udaleko euskara saileko zinegotziak. “Marka honek adieraziko du ikur hau duen edozein establezimenduetan, izan Amorebieta-Etxanon, izan Bilbon edota Gasteizen, bezeroak euskaraz egin dezakeela, gaztelaniara aldatzeko beharrik gabe”, gehitu du. 

Une honetan, guztira 90 herrik eta 1644 establezimenduk eman dute izena ‘Euskaraz barra-barra’ ekimenean eta asmoa da Euskal Herri osora zabaltzea, aurrez aipatu bezala, marka bateratu, unibertsal eta iraunkorra izan dadin. 

Euskal hiztunen hizkuntza eskubideak bermatuz

‘Euskaraz barra-barra’ egitasmoaren helburu nagusia da Euskal Herriko ahalik eta establezimendu gehienetan euskara erabiltzeko aukera bermatzea, euskararen erabilera sustatzeko, euskal hiztunen nahasmen eta estres linguistikoa murrizteko, herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatu eta bermatzeko eta euskararen biziberritzearen inguruan kontzientziazioa eta konpromisoak sustatzeko. 

Horri lotuta, “Amorebieta-Etxanoko Udalarentzat herrian marka hau zabaltzea oso garrantzitsua da, gurea herri euskalduna delako eta asko direlako euskaraz jakin eta egunerokotasunean euskaraz aritzen diren herritarrak, eta bezeroari arreta bere hizkuntzan eskaintzea zerbitzuaren kalitatea bermatzeko ezinbesteko oinarria da”, azaldu du Aurrekoetxeak. “Kalitate ziurtagiria izango da, horrenbestez, ‘Euskaraz barra-barra’ ikurra eta Udaletik behar duten laguntza eskainiko diegu establezimenduei ekimenarekin bat egin dezaten”; gehitu du zinegotziak.  

Aurkezpen bilerak eta parte-hartzeko jarraibideak

Amorebieta-Etxanoko Udalaren asmoa da egitasmo hau herriko ahalik eta establezimendu gehienetara zabaltzea eta horretarako, lehen urrats gisa, aurkezpen bilerak egin ditu martxoa amaieran ekimenarekiko interesa adierazi duten establezimenduei markaren berri emateko. 

Datozen urratsen artean, apiriletik aurrera establezimenduetara bisitak egingo ditu Udalak, bakoitzaren hizkuntza egoera aztertzeko eta marka jartzeko prozesua abiarazteko (euskarriak aukeratu, epe ertain-luzerako helburuak adostu….). Era berean, ekainetik aurrera sustapen kanpainak jarriko ditu abian. 

Edozein kasutan, egitasmoarekin bat egin nahi duten establezimenduek Udaleko Euskara Zerbitzuarekin jarri behar dute harremanetan prozesua martxan jartzeko.

+ Leer más