“Bizitza kuestionatzeko eta galderak sorrarazteko lekua da artea; ez da entretenimendu hutsa, hori bidea bakarrik da eta”
Jakinmina eta irudimena piztu, mugimendua sortuz
Norbere ametsengatik lan egitea baino gauza politagorik al dago munduan? Barrenak esploratu eta prozesuan ikasketa ederra jaso, oztopo, poztasun eta autoikaskuntzarekin, baita bidean ezagututako jendearen ikusminarekin ere. Horren erakusle garbia dugu Miren Larrea Murgoitio zornotzarraren ibilbidea.
Artista osoa bere horretan, sormenari eta irudimenari guztiz lotutakoa. Sormenaren hitz guztiak bere irudimen amaigabe eta betean jasotzen dituena. Zelako lasaitasunarekin hitz egiten dau Mirenek Hilero aldizkariarekin egindako hitzorduan. Benetan pasio du bizi duena, benetan pasio du sentitzen duena eta irudimenaren mundura garamatza nolabait bere hitzekin.
Ilusio berria eszenatokian eta harrera ederra Zornotzan bertan
“Andereño” dugu bere azken proiektua eta estreinaldia. Zornotzako Aretoak eukin badeko Mirenen sormenaren berri. Bertan, hainbat ideia, emanaldi eta ikuskizun plazaratu eta aurkeztu baititu zornotzarrak bertan. “Etxean da beti estreinaldia, geure erresidentzia artistikoa, sortzaileok txoko hauek behar doguz eta herrian sortzen jarraitzea beti izango da nire asmoa. Egun bereziak izaten dira, gainera, lagunak eta familia hurbiltzen direlako bertara, eta pozgarria izaten da harrera horrekin bideari ekitea”. Aurten, urri hasiera honetan izan da Andereñoren estreinaldia geure herrian bertan, eta feedback ederra jaso dute, jendeak sekulako sentsazio eztanda bizi izan dau.
“Titereak edota panpinak, poesia dira, baina akzioan” ederra baieztapena eta ederra egia. “Andereñon badago testu pixkat bat eta testua sartu behar dugun aldiro antzezlan batean, horretan jaioa dan norbaitengana jotzen dugu beti”, eta honetan, berriz ere, Miren Amuriza bertsolariaren hitzak dira bertan jasotzen direnak. “Poesia oso zentrala da, izan ere, poesia bat gurutzatzen da antzezlan guztian zehar”.
Ivan Alonso zuzendari eta Valentina Raposo bidelagun, Maren Basterretxea artista eszenatokian ere, Miren Amuriza hitz sortzaile, Malen Amenabar kartel eta irudi aldea, etab. luze bat. “Ekarpen handia egiten digu pertsona bakoitzak, garrantzitsuena da guk zelan transmititu nahi dogun, zer behar dogun eta zelan nahi dogun ondo helaraztea kolaboratzen datorrenari, bere lana istorioan txertatzeko”.
Aurreko lana ‘Kotondarrak’ estatu osoan zehar aurkeztu zuten euskeraz, katalunieraz eta gazteleraz. Ea aurten ere, Euskal Herrian zehar gira egin, ondoren, estatu mailako azokaren batean parte hartu eta handik estatuan zehar gira zabaltzea. Horixe berriz errepikatu nahiko luketen dinamika eta bidea. Aurrera talde!
Sortze-prozesua, poesia bisualaren magia!
2 urtekoa omen da sortze-prozesu bakoitza. “Lan batekin gabiltzanean, beti hurrengoa sortzen gabiltza, garrantzia handia ematen diogu prozesu horri eta etapatan banatzen dugu: mahai lana, hau da, mahai baten gainean buruan dugun irudimen guztia islatzea”. Konstrukzio tailerrean panpinak egiten dira, Mirenek ideia guztia eraiki ohi du, eta Valentinak eskulan lan hori egin. “Mahaia eta tailerra esku batez doaz, protagonistak eraikitzea”. Bestetik, “entsegu eta errore prozesua hasten da martxan, guk laurok buruan dekoguzen irudi guztiak zelan martxan jarri. Hortik, kolaboratzaile guztiekin hitzorduak eukiten doguz, Fran Lasuenekin musika eta melodia nola sortu , eszenografia, etab. Taldea egonkortzen doa, eta errepikatzen doguz kolaboratzaileak, eta horrez gain, beti norbait berria sartzen saiatzen gara, begirada berri bat txertatzeko beti. Hor ikusten da zelako profesional itzelak dekoguzen Euskal Herriak, oso aberasgarria. Gauza asko hartu behar dira kontuan: titereen bestuarioa Paulette San Martinen eskutik, Javi Tiradok atrezzoa, etab.“
Artista zornotzarrak azpimarratzen dauenez, “komunikazioa oso ona izan behar da eta argi euki behar da zer kontatu nahi dan eta musika zoragarria jasotzeak, ideia bisuala ere are eta potenteagoa izatea dakar horrek. Fran Lasuenek proposamen paregabea egin dau musikarekin eta zeharo murgiltzen gaitu istorioan. Eszenen kolorea, mugimendua, poesia bisuala da”. Baina… nola neurtu feedback-a?? Nola asmatu ikusleek zer nahi ote duten?? Umeak sala batean isilik daudenean, inplikatuta daude nolabait, hori ere feedback-a da, tentsio eta harreman positibo bat, ez da zertan hitzez esan behar. Bukaeran ere, atera panpinekin atera eta sentsazioak eta gorabeherak partekatu ondoren, “ezin imajinatu zenbat ikasten den jendearekin hitz egitean, barre algarak, emozioak, eta mezuak jasotzean”.
Anita Maravillasek badu etorria, Mirenen eta Valentinaren ametsak Ivan Alonsorekin eta Ion Chavezekin batera, talde sendo eta magikoa sortu dan honetan, Marenekin batera ere, mugimenduz mugimendu aurrera egiten jarraituko dute, izan ere, Mirenek dioen gisa, “ez dut ulertzen nire bizitza sorkuntzarik barik. Sorkuntza eta elkarbizitza, biak batean asetzen dira. Zornotzako ikastolan txikitatik egindako antzerkiak eta ‘Markeliñe’ gogoan, ilusioa da Mirenek begietan duena, eta sormen amaigabea eta betea barrenean daramana. Gizartean, ume zein helduei galderak sorraraztea, barru-barruan zerbait mugiaraztea, irudimena martxan jartzea eta jakinmina piztea da bere magia.
Amaia Larruzea Motxobe