• Irudi garailea Karmen eta Santanatxu jaietako kartelerako eta egitarauaren azalerako erabiliko da. Irabazleak 1.000 euroko ordainsaria jasoko du.• Lehiaketan 16 urtetik gorako herritarrek har dezakete parte; lanak maiatzaren 27ra arte aurkeztu ahal izango dira Zelaieta Zentroan.
Amorebieta-Etxanoko Jaiak, Karmenak eta Santanatxu, bueltan izango dira uztailean. Hori horrela, jaiak iragarriko dituen kartelaren eta egitarauaren irudia aukeratzeko lehiaketa antolatu du Udalak. Ohi bezala, 16 urtetik gorako zornotzarrek parte hartu ahal izango dute lehiaketan. Partehartzaile bakoitzak proiektu bakarra aurkeztu ahal izango du, berak aukeratutako teknika eta formatuan.
Irudiari berari dagokionez, ezinbesteko baldintza da izenburua `Amorebieta-Etxanoko Jaiak 2022, Karmenak eta Santanatxu. Uztailak 15-27´ izatea. Partehartzaileak nahi duen moduan jarri ahal izango du testua eta berak aukeratutako diseinua eman diezaioke. Era berean, `Zorhontza´ pertsonaia irudian azaltzea ere bete beharreko baldintza izango da. `Zorhontza´ pertsonaiaz gain, egileak beste pertsonaiaren bat irudikatzea erabakitzen badu, ezinbestean eduki beharko du horretarako eskubidea. Horrez gain, proiektuak aintzat hartu beharko du genero ikuspegia. Euskarriari dagokionean, digitalki aurkeztu beharko da JPG, PDF edo PSD formatuetan.
Epeak eta baldintzak
Proiektuak maiatzaren 27ra arte aurkeztu ahal izango dira, arratsaldeko 14:00ak arte, Zelaieta Zentroan. Partehartzaileak datuak kartazal itxi baten entregatuko ditu, izen-abizenekin, helbidearekin eta harremanetarako zenbaki batekin. Udalak gogorarazi du lanek ezingo dutela egilea identifikatzea ahalbidetuko duen izenik edo bestelako daturik izan. Azkenik, ezingo da beste edozein lehiaketetan sariren bat jasotakoa izan edo merkataritza helburuetarako erabilia izan.
Lehiaketaren prozedura
Epaimahaiak aztertuko ditu jasotako lan guztiak, eta 3 eta 6 irudi artean aukeratuko ditu; epaimahaia Jai Batzordeak izendatuko hiru kidek osatuko dute, eta hauek, artistak, diseinatzaileak, kultura edo komunikazio arloko pertsonaiak… izango dira. Aurreneko aukeraketaren ostean, Jai Batzordeak izango du azken hitza: bozketa bidez aukeratuko dute 2022 irudi onena; erabakia apelaezina izango da. Horrez gain, Amorebieta-Etxanoko Udalaren esku geratuko da irudia bera erreproduzitzeko eskubidea eta baita saritutako lana aldatzekoa ere, materialaren ezaugarriak edo euskarriak berak bere osotasunean argitaratzeko aukerarik ematen ez duenean.
Irudi irabazlea ekainaren 29an jakinaraziko da, eguerdiko 12:00etan, Zelaieta Zentroan; ondoren, Udalaren webgunean eta sare sozialetan zabalduko da, eta baitaAmetxen webgunean ere. Irabazleak 1000 euroko ordainsaria jasoko du.