Aitor Sola, Jon Apeztegia eta Iñaki Ibarra: “Itzulerarik gabeko bidaian murgilduko ginateke”


Amaia Larruzea

Munduan zehar noraezean dirauten istorioen artean, 24 urteko hiru mutilena dugu gaurkoan hizpide. Gainera, hirurak herriko familia ezagunetako semeak. Hirurak ameslari eta abenturazaleak. Herri bizkaitarretik atera eta 36 orduko bidaian murgiltzeko apustua egin dutenak. Non eta Australian bizitzeko, munduko estaturik ikusgarrienetako bat ezagutzeko, eta bide batez, planeta biribila ote den egiaztatzeko.
Bidaia honen bultzatzailea Apeztegia izan zen, aurretiaz bere lagun batek antzerako bidaia egina baitzuen, eta hortaz, erreferentzia hori abiapuntu hartuta abiatu ziren; hala ere, bertan zer aurkituko zuten, non lo egingo zuten edota zertan egingo zuten lan jakin barik. Hemendik ezin baita ezer erreserbatu, onena bertan aurkitzea omen da.
Sola eta Ibarra abentura honetan murgiltzen lehenak izan ziren, hauek biak arinago joan ziren eta lehen egunetan tokiren bat aurkitzea zail egin zitzaien arren, laster egin zuten euren lekua. Avalon Beach-en bizi dira egun, 70 pertsona inguruko ostatu batean -horietatik 20/25 euskaldunak-. Gainera, bizileku izateaz gain, lana ere bertan eskaintzen diete. Izan ere, lan egiteko izena ematen dute egunero, eta arratsaldeko seietan zerrenda bat ateratzen da hurrengo egunerako eskuragai dauden lanak iragarriz. Hortaz, ordenaren arabera, aurrenekoak zein lan nahi duten aukeratu dezakete. Batzuetan gainera, behin lan batean egonda, egun gehiago jarraitzeko aukera ere izaten dute; hala nola, obra bat bukatu arte. Denetarik aritzen dira zornotzar hauek, bai igeltsero, bai mudantza bat egiten, bai arbolak ebakitzen, baita lorezain lanetan ere.
Paradisuaren gakoa
Bertan bizitzea garestia omen da oso, hala ere, beraien hitzetan, bizitzeko lain eta soberan irabazten dute. Baita bidaiatzeko aurrezteko ere. Esaterako, astebeteko ostatua ordaintzeko egun bakar batean ateratzen dute. “Azkenean, erreala ez den mundu batean bizi gara; izan ere, gaur lana badaukagu ondo, eta ez badaukagu ere bai, hondartzara goaz eta badakigu bihar lana edukiko dugula. Hemen oso ondo irabazten dugu eta momentuz, ez dugu aurreztutako dirutik ezer gastatu, soilik hemen irabazitakoa”, adierazi dute zornotzarrek. Esaterako, lehen hilabetean irabazitako diruarekin furgoneta bat erosi eta estatu guztia zeharkatu zuten, hegoaldetik hasiz eta iparralderaino iritsiz. Guztira, 5.000 km inguru egin zituztelarik.
Gabonak hortaz, inoiz ere imajinatuko ez zuten bezala igaro zituzten: munduko tokirik ikusgarrienak begi aurrean, gabon gauean parking batean arroza jaten eta bertan lo egiten. Gainera, sare sozialetan ezaguna egin den bideo bat grabatu zuten Melbourne-n. Bertan, Olentzero abesti ezaguna kantatzen agertzen dira, eta Aitorrek txistua jotzen duen bitartean, txapela batekin diru eske dabiltza, palmeren ohiko kamisetak jantzita dituztelarik. Bestalde, Phillip Island-era ere joan ziren pinguinoak uretatik nola ateratzen diren ikusteko. “Gaueko 9etan, ilundu bezain pronto, pinguino guztiak itsasotik ateratzen dira, aldamen batean lerrokatu eta denak batera egon arte ez dute aurrera egiten. Itzela, benetan.”, azaldu du hirukoteak.
Egunerokotasuna
Egunak goizeko bost eta erdietan argitzen du Australian, ordu horretarako jada jendea olatuak hartzen omen dabil, eta Aitor, Jon eta Iñaki sei eta erdiak aldera jaikitzen dira. Langile guztiak ostatuaren atean bildu eta bakoitza egokitutako lantokira eramaten dute. Bertan, zortzi bat ordu ematen dituzte eta eguerdiko hirurak aldera etxera bueltatzen dira. Arrastiak, “errutina” omen direla diote. Bertako errutina, ordea: olatuak hartu, hondartzara joan, arrantzan joan, pelikula bat ikusi, edota korrika egitera joan. Zuen buruetan errutinak duen zentzuaren arras desberdina ikusten duzuenez, Australia eta Zornotzak duten antzekotasunaren parean. Bestalde, gau alderantz erosketak egiten dituzte, afaria prestatu eta gainontzeko euskaldun edota atzerritarrekin elkartzen dira kontuak kontatzeko, edota gitarra jotzeko.
“Orain arte daukagun oroitzapenik politena hemen ezagututako jendea izan da; izan ere, azken finean familia bat sortu dugu eta bidai honetatik eramaten dugun gauzarik onena Eneko bermeotarrarekin egindako adiskidetasuna izan da. Bat gara laurok.”, azaldu dute zornotzarrek. Ezaguna da jada herrian Eneko, sare sozialetara igotzen dituzten argazki guztietan beraiekin baitago, fikziozko lau mosketariak izango bailitzan. Joaneko bidaian Londresen eskala egiten zeuden bitartean, Athleticeko kamisetarekin zihoan bermeotarra ikusi zutenetik, ez baitira banandu.
Abentura magikoa
“Hemen asko bidaiatzen dute denek. Australia uzterakoan, Thailandian eman nahi genuen hilabete bat eta sekulako bidaia zela uste genuen, baina gurekin daudenak Asia guztian barrena aritzen dira, eta azkenean, hegaldiak merkeak direla ikusita Filipinetara ere joatea erabaki dugu”, adierazi dute zornotzarrek.
Bertan, lan on bat aurkituz gero, denboraldi luze baterako geldituko baziren hausnartzean, sentimendu gazi-gozoak dituzte; izan ere, alde batetik, sekulako aukera izango litzateke, baina bestalde, etxekoek ere asko tiratzen dute. Hortaz, norbanako moduan hartu beharko zuten erabakia izango litzateke. Dirudienez, bertan lan asko dago eta diru asko irabazi daiteke epe motzean; baina gaurkoan, kilometro guzti horietara lerro hauek irakurtzen dabiltzan familia, neskari eta lagunei egin nahi izan diete aipamena. Beraien hitzetan, ama, aita, anai/arreba, Ane, amama, … zuentzat dira gure gaurko esker onak. Oso ondo gaude hemen, gure artean zaintzen gara. Zuek zarete gure sostengua. Asko gura deutsuegu. Eta zuoi, lagunak eta herritarrak, noizbait lanik gabe gelditzen bazarete hona etortzera animatzen zaituztegu. Hori bai, bueltako hegazkina hartu gabe. Hemen inork ere ez du, gu gara bakarrak. Hortaz, joanekoa hartu eta hemen ikusi eta erabaki. Izan ere, berriz bueltatuko bagina, itzulerarik gabeko bidaian murgilduko ginateke. Australia is Different.

www.amorebieta.com – Hilero Zornotzan © 2016

Ir arriba.