Zornotzan

Noticias

Zornotzako M8 Plataformak lanean jarraituko du aurrerantzean

Zornotzako M8 Plataforma aurtengo greba-eguna antolatzeko sortu zen. Halere, jendearen erantzuna ikusita, eta herriak ikuspegi feminista batetik dituen gabeziez eta injustiziez ohartuta, Plataforman kideek erabaki dute aurrerantzean ere lanean jarraituko dutela. Asmoen berri emateko, jendaurreko adierazpen bat egin dute gaur, maiatzaren 17an, Zornotzako Udaletxearen aurrean, hainbat kolektibotako emakumeen babesarekin.
Lehenik eta behin, eskerrak eman dizkiete herritar guztiei, eta bereziki emakumeei, Martxoaren 8ko greba-egunaren harira antolatutako ekintzetan eta ekitaldietan parte hartzeagatik, bai eta egun arrakastatsu haren ondoren Plataformari helarazitako esker on eta maitasunagatik. Esan dutenez, egun hartan herriko emakumeek bizi dituzten egoera bidegabeak azaleratu zituzten, eta emakumeek elkarren berri izateko eta elkar babesteko aukera izan zuten.
Ondoren, autokritika bat egin dute. Adierazi dutenez, Martxoaren 8ko prestakuntza-lanetan herriko emakumeen kolektibo gehientsuenetara iristea lortu zuten; halere, ez zuten lortu kolektibo horiek guztiek greba-eguneko ekintzetan parte hartzea, eta haietako batzuk borrokatik eta ospakizunetik kanpo geratu ziren: migratuak, errefuxiatuak, pobrezia ekonomikoan bizi direnak… Horregatik, dei egin diete herriko emakume guztiei, Plataformara hurbildu daitezen eta ekimen honetan parte har dezaten, herriko emakume guztien artean adostu ahal izateko zer arlotan jarri nahi duten indarra hemendik aurrera eta guztien artean zehazteko zein diren, euren ustez, Zornotzako emakumeek izan beharreko baldintza minimoak bizitza duin bat izateko.
Horrekin batera, adierazi dute herriko biztanleen erdiak emakumeak direla eta, halere, ez dagoela berariaz haiei zuzendutako azpiegiturarik. Ideia hori argitzeko, adibide batzuk jarri dituzte: kiroldegiak daude kirolarientzat, musika-eskola dago musikarientzat, Nagusi Aretoa dago hirugarren adineko pertsonentzat. Bide beretik, M8 Plataformaren ustez, Zornotzako emakumeek Emakumeen Etxea behar dute, hau da, haien artean adostutako ezaugarriak izango dituen eraikin bat, guztien artean adostutako zerbitzuak eskainiko dituena: indarkeria matxista jasan duten emakumeei laguntza juridiko eta psikologikoa eskaintzeko langile profesionalak, formakuntza-tailerrak, aholkularitza juridikoa, sexu-aholkularitza, hitzaldiak, bilera-gelak… Azken batean, emakumeei ahalduntzeko eta euren bizitza duintasunez garatzeko aukera eskainiko dien espazio bat.
Horren harira, eskaera bat egin diete herriko alderdi guztiei: ez dezatela erabili Emakumeen Etxea helburu partidistekin, ez dezatela bihurtu alderdi baten edo bestearen ikur, eta ez dezatela baztertu Emakumeen Etxearen proiektua euren alderdiaren lehentasunekin bat ez datorrelako. Adierazi dute feminismoaren eta berdintasunaren aldeko borroka ezin dela izan partidu batzuen borroka bakarrik, eta Udala osatzen duten alderdi politiko guztiek hartu behar dutela beren gain aukera-berdintasunaren alde eta emakumeen ahalduntze errealaren alde lan egiteko erantzukizuna.
Argitu dutenez, M8 Plataforma prest dago Udalarekin elkarlanean jarduteko; ez, ordea, Udalarentzat lan egiteko. Plataformak parte-hartze aktiboa izan nahi du Berdintasun Batzordean, eta batzorde horretako kideek boto-eskubidea izatea nahi du. Gainera, salatu dute berdintasun-teknikariaren asteko lanaldia 20 ordukoa dela.
Azkenik, elkartasuna adierazi diete etxez etxeko zerbitzuan lan egiten duten langileei, gaur egun beren eskubideen alde borrokatzen ari direnak. Horrekin lotuta, konpromiso bat hartzeko eskaera egin diete ordezkari politikoei: hartu beharreko neurriak har ditzatela, azpikontratatutako zerbitzuetako langileei lan-baldintza duinak bermatzeko.

+ Leer más