Zornotzan

Albisteak

‘Zornotzako Emakume Aitzindariak’

‘Zornotzako Emakume Aitzindariak’ erakusketak 1940ko emakume zornotzarren istorioak eta bizipenak erakutsiko ditu gaurtik aurrera

 •  Herriko plazan dagoen erakusketak Amorebieta-Etxanoko udalerriak izan duen bilakaera erakutsiko du Irati Gonzalez argazkilariaren 11 irudiren bitartez.

•  Ainhoa Salterain, Gizarte Ekintza eta Berdintasun zinegotzia, pozik azaldu da ekimenak izan duen erantzunarekin “180 postal jaso ditugu, emakume zornotzarren dozenaka testigantza eta bizipen, lehen pertsonan kontatuak”.

Amorebieta-Etxanoko Udalak ‘Zornotzako Emakume Aitzindariak’ erakusketa aurkeztu du gaur prentsaurrekoan, 1940tik gaur egun arte emakume zornotzarren istorioak, bizipenak eta pentsamenduak biltzen dituena. Ainhoa Salterain Gandarias Gizarte Ekintza eta Berdintasun zinegotziak azaldu duenez, “erakusketa ‘Emakume aitzindariak. Hamaika emakume, hamaika istorio’ ekimenaren parte da, azaroan martxan jarri zena. Postal bat bidali genuen Amorebieta-Etxanoko etxe guztietara, entzutea helburu zuen mezu batekin. Nahietako bat zen pertsona hartzailearen pentsamenduan sakontzea, haren oroitzapenetan eta sentipenetan sakontzea, eta, horrela, Amorebieta-Etxanoko historia ezagutzea, emakumeek kontatua”.

180 postal

Salterain oso pozik agertu da ekimenak izan duen harrerarekin: “180 postal jaso ditugu, dozenaka lekukotasun, eta horietan, besteak beste, emakume zornotzarrek kontatzen dute nola bizitu zuten gure udalerrira etorri ziren emakumeen garaia, zer suposatu zuten beraientzat eta herriarentzat; era berean, gure udalerrira iritsi ziren emakumeen istorioak ere jaso ditugu, haien esperientzia eta bizitza berriari nola aurre egin zioten kontatu digute. Haien testigantzei, oroitzapenei, sentipenei, desioei eta bizipenei esker, gure udalerriaren erretratu komun bat marraztu dezakegu”.

Salterainek esker oneko hitzak izan ditu guztientzat: “eskerrak eman nahi dizkizuet ekimen honetan parte hartzera animatu zareten zornotzar guztioi. Gaur hiru Amorebonorekin sarituko ditugu, 500 euroko balioarekin, Deiene Perez, Andoni Barañano eta Cecilia Rodriguez, (Juanlu Artabe semeak eta Esther Diana ilobak idatzita) eta haien hiru postalak. Hiru mezuekin atzera egin dugu hamarkada batzuk, lehen pertsonan ezagutu dugu orduko Amorebieta-Etxano, askorentzat ezezaguna dena. Hala ere, jasotako testigantza bakoitzaren balio handia azpimarratu nahi dut, eta baita gure udalerriaren historiari egindako ekarpena ere”.

Bestetik, Jone Guenetxeak, Anbotoko zuzendariak, epaimahai gisa bizitutako esperientzia kontatu du: “plazer bat izan da. Azpimarratu nahi dut partehartzea altua izan dela; izan ere, halako iniziatiba batean 180 pertsonek parte hartzea, idatzi eta gero postontzi batera eraman behar den ekimen batean, ez da erraza. Eta horrek esan nahi du atzean badagoela behar bat, zer kontatua… Normalean galdetzen ez diren istorioak izaten dira eta herritarrek pozik kontatzen dituztenak. Eta behin irakurtzen asterakoan, arreta eman didate gauza askok: lehengo eta behin biloba askoren mezuak jaso ditugula, amamen istorioak kontatuz… Eta transmisio hau garrantzitsua dela azpimarratu nahi dut, feminismoaren ikuspuntutik agian gazte askok ez dutelako ezagutzen nolako ahalegina egin duten emakume askok, eskubideen ikuspuntutik gaur gauden lekura iristeko. Nahiz eta oraindik egitekorik badugun, bide zati bat eurek egin zutela jakinaraztea garrantzitsua da. Eta bestetik, harrigarria izan da istorio asko, lehenengo pertsonan kontatuak izan direnak, kanpotik Amorebieta-Etxanora bizitzera etorri diren pertsonenak izan direla. Gehienak gainera esperientzia positiboa izan dela kontatu dute, testigantza hunkigarriak jaso ditugu”. Guenetxearekin batera aritu dira epaimahai lanetan Jon Urutxurtu irakaslea eta Eider Etxeandia abeslaria.

Erakusketa Herriko Plazan

Horrela, gaurtik aurrera eta hilabete osoan zehar, zornotzarrek Amorebieta-Etxanoko bilakaerari buruzko 11 panel ikusi ahal izango dituzte Herriko Plazan: “guztira Amorebieta-Etxanoko 70 postal baino gehiago bildu ditugu eta horietako 11 postaletan oinarritu da Irati González argazkilaria Plazan ikus dezakegun proposamen artistikoa sortzeko. Iragana eta oraina argazki berean elkartuta. Erakusketaren lehen irudian ikusiko dugu joan den mendea ondo sartu arte nekazaritza eta abeltzaintza zirela Amorebieta-Etxanoko jarduera ekonomiko nagusiak. Ekonomiak izan duen eboluzioa gure udalerrian ere antzeman daiteke, 4.000 biztanletik 20.000 izatera pasa baita. Eraldaketa horren emaitza bigarren panelean ere ikus dezakegu. Bertan, Zelaieta Parkearen egungo irudi baten fusioa egiten da 1968ko postal batekin, txistulari eta bi umetxo ageri direnak. Zelaieta parkeak hainbat birmoldaketa izan ditu urte hauetan guztietan; azkena, prozesuan dago, parkearen estaldura aurreikusten duena. Plaza eta Udaletxea dira erakusketaren hirugarren irudiaren protagonistak. Udaletxea ezagutzen dugun bezala ikus dezakegu, baina garai bateko taxi paradarekin eta bi Seat 1.500 bertan daudela, zerbitzua eman zain. Beste irudi batean, udaletxeko arkuetatik egindako ikuspegia ikus daiteke, baita Gerra Zibilaren ondoren eraiki zen eraikin berriari egindako erreferentzia ere, bonbek udaletxea suntsitu eta lau harri baino ez baitzituzten utzi. Trenak herrian eta eskualdean duen garrantziari ere erreferentzia egiten dio erakusketak: argazkietako batean, Eubako geralekua ikus dezakegu, 1912ko dozenaka baserritarrekin, Bilborako trenaren zain, esne marmitekin; beste argazki batean, berriz, Bilbo eta Durango lotzen zituen trenbide estuko lehen trenbidearen argazkia ikus dezakegu, non Amorebieta-Etxanok paper garrantzitsua jokatu zuen. Emakumeak udalerriko eguneroko bizitzan izandako integrazioa ere bada erakusketako parte, eta horren isla da aurten 25 urte beteko dituen Emakume Nekazarien eta Artisauen Azoka. Hainbat iruditan, zornotzarren memoria kolektiboa osatzen duten edo erreferentzia-puntu bihurtu diren tokiak ere erakusten dira erakusketan, hala nola, Kalbarioko gurutzeak edo udaletxearen inguruan dagoen biribilgunea eta Andres Nagelen izenbururik gabeko eskultura, ‘Patata’ izenekoa. Eta, azkenik, Ergoiengo San Juani buruzko aipamen bat. Irudi horretan, garai bateko eta oraingo zornotzarrak ikus ditzakegu, San Juan gauean protagonismoa hartzen duen topagune batean”.

Testigantzetan oinarritutako dokumentala

Amaitzeko, Salterainek gogorarazi du ‘Emakume aitzindariak. Hamaika emakume, hamaika istorio’ ekimenaren baitan dokumentala grabatzen ari dela Udala,emakume hauen testigantzetan oinarrituta: “postaletan idatzitako bizipenek berezko ahotsa izango dute azaroaren 11n estreinatuko den ikus-entzunezko batean. Dokumentalak Amorebieta-Etxano erakutsiko digu emakumearen ikuspegitik, eta gure udalerriaren etorkizuna irudikatzeko balioko digu”.

+ Irakurri

Gaueko autobus zerbitzua antolatu du beste urte batez Amorebieta-Etxanoko Udalak bailarako udako jaietatik etxera itzultzeko

Arratiako Udalen Mankomunitatearekin eta Galdakaoko Udalarekin batera eskainiko du garraio zerbitzua gazteek festez gozatu eta kezkarik gabe bueltatu ahal izateko. Amorebieta-Etxanoko Udalak, Arratiako Udalen Mankomunitatearekin eta Galdakaoko Udalarekin batera jaietatik etxera bueltatzeko gaueko autobus zerbitzua antolatu du udako hilabeteetarako. Gazteak

Ekainaren 6an zabalduko da Amorebieta-Etxanoko haur danborradan izena emateko epea

Amorebieta-Etxanoko haur danborrada tradizio handiko ekitaldia izan ohi da Amorebieta-Etxanoko jaietan. Uztailaren 26an ospatuko da eta bihartik hasita ekainaren 14ª bitarte zabalik egongo da izena emateko epea. Danborradan parte har dezakete 5 eta 13 bitarteko haurrek (2011-2019 artean jaiotakoak). Interesdunek

‘ARGENTINA’ Irati Lezama

Iratik beti izan du argi psikologa izan nahi zuela. Horregatik, karrera Deustun eta Masterra Donostian egin ondoren, Buenos Airesera itzultzea erabaki zuen (aurretik han ikasten aritu baitzen), lanera eta batez ere bere formakuntza aberastera. Pozik etorri zen Erasmuseko hilabeteetan Argentinan