ZER ESKAINTZEN DIE EUSKARAK ZORNOTZAN BIZI DIREN ETORKINEI

Euskaltegiko ahotsa Euskaraz doinu ezberdinekin

Kontziente al gara hizkuntza ezberdinak jakiteak eman ohi digun askatasunaz eta aniztasunaz? Zoragarria da elkarrizketak ulertu ahal izatea, eta segundo bakar batean, hizkuntza batetik bestera aldaketa egitea, uztartzea edota horretarako gai izatea. Euskaldunok euskararen eta gaztelaniaren artean batetik bestera igarotzeko dugun gaitasunaz ez dugu askorik hausnartzen, jende askoren harridura piztu ohi du honek, ordea. Nahi duzunean eta nahi duzunarekin aukeraketa egin ahal izatea, edozein elkarrizketetan integraturik sentitu ahal izatea. Horixe da sentitzen ari direna Zornotzako Udal Euskaltegian euskara ikasten dabiltzan eta geure herrian bizi diren etorkinek.

Gauzak horrela, gu ere etorkinak izandakoak gara, gure arbasoak Argentinara eta Ameriketara joan zirenean, zailtasunen bat edo beste izango zuten eurak ere, erdera mailagatik edota ingelesagatik. Hemen eta egun, ordea, euskara ikasi ahal izateko eta euskaraz jarduteko aukera asko eskaintzen dira. Marisa Mentxaka irakaslearekin batera dabiltzan zornotzar etorkinekin izan gara gaurkoan; izan ere, “Euskaltegiko ahotsa, euskaraz doinu ezberdinekin” egitasmoa martxan jarri dute, eurei euskarak eskaini dienaren inguruan gogoeta egiteko, eta orain euskaraz bizi ahal izateko egindako esfortzuaren berri emanez. Oro har, integrazio-prozesuaren barne, ikas-prozesu hau eurentzat oso garrantzitsua izan den goraipatuz. Lan dezente egiten dute, astero, zornotzar sentitze horretan, euskal kulturari ere, ekarpena eginez.

Bizipenak, sentipenak eta hausnarketak

“Hasieran, ez nuen euskara ikasi nahi. Gaztelaniaz hitz egiten nuen eta lan egiteko nahikoa zela pentsatzen nuen, baina bigarren seme-alaba izan nuenean eta nagusiena eskolara joaten hasi zenean, argi nuen hemen biziko nintzela. Une horretan bertan, euskara ikastea erabaki nuen. Gainera, arrazoi gehiago ere banituen, besteak beste, nire seme-alabei ikasketetan laguntzea, motibatzea, euskaraz hitz egitea, ulertzea eta idaztea, gehienbat, herri honetan bizi naizelako eta hemengo jendea errespetatzen dudalako”, azaldu du Natalia moldaviarrak.

Gainera, bere hitzetan, “euskara jakiteak informaziorako sarbide zuzena ematen dizu, zure seme-alabekin, irakasleekin, hemengo jendearekin hitz egin dezakezu eta dena uler dezakezu. Talde mistoetan erabiltzen dut gehien euskara, hala nola, lagun batzuekin, familian, euskal musika ere entzuten dut eta telebista eta filmak ere euskaraz ikusten ditut”.

Bestalde, Galiziatik etorritakoa da Laura eta udal euskaltegiko guraso taldean dago bera ere. Laurak berak dioenez, “alabek esfortzu handia egin zuten hizkuntza ikasteko, eta jakin-min handia nuen. Zoritxarrez, euskara, galegoa bezala, gal daiteke, eta nire ustez, Euskal Herrian bizi bagara, euskaraz hitz egin behar dugu”.

Are gehiago, “alabekin etxean euskaraz aritzen naizenean, zuzenketak egiten dizkidate eta horrela, eurak ere pozarren aritzen dira. Eskola bilerak ere jada euskaraz egin ditzaket, kartelak edota abestiak uler ditzaket eta integratuago sentitzen naiz. Orain, euskara, kultura eta familiaren historiaren parte da”, azaldu du Laurak.

A ze talde giro ederra duten euskaltegiko talde honetan! Nataliaz eta Lauraz gain, beste hainbat ikasle ere badaude bertan, bakoitza jatorri batekoa eta kultura batekoa, baina denak zornotzar sentitzen direnak eta euskaltegitik kanpo ere, beraien artean euskaraz egiten saiatzen direnak. “Gehienetan, ‘errepikatu, mesedez’ esan behar dut, baina jendea oso jatorra da eta pazientzia handia du; gainera, oso ondo iruditzen zaie atzerritarrok euskara ikastea”. “Ez aldatu gaztelerara, nahiz eta guk erdaraz erantzun, euskaraz egin, mesedez, poliki-poliki”. Pazientzia, gogoa, jakin-mina, giroa eta sentimendua. Horiexek gakoak, eta horiexek Zornotzako udal euskaltegiko ikasleek egunean egun lantzen dutena, bizitzen dutena eta helarazten dutena. Aupa zuek!!

Amaia Larruzea Motxobe

Artículo anteriorSOCIEDAD DE CAZA PESCA Y TIRO ERREKAMENDI
Artículo siguienteAlazne Oliver, 27 años, una psicóloga jefa de obra en un parque eólico en Egipto