Zornotzan

Kultura

Mikel Urdangarin: ‘Bizitzan, aldiro, erronka berriak azaltzen dira eta azaltzen ez badira, bilatu egin behar doguz’

Urte berria gurera iritsi zen antzera, honekin batera, erronka berriei heltzeko ordua ere iritsi zaio Mikel Urdangarin zornotzarrari. Geldirik egoteak ez du mugimendua sortzen eta erosotasunetik aldentzeak ‘bertigo’ moduko sentsazio bat sorrarazten du barrenean, hala ere, zer litzateke bizitza norbait ezagutzerakoan edota zerbait berriari heltzerakoan horrek geure sabelean eragiten duen urduritasun eta ziurgabetasun hori sentituko ez bagenu? Altxa gaitezen, bada, geure eserlekuetatik eta heldu diezaiegun geure ametsei.
Mikelek, behintzat, ez du hori sekula zalantzan jarri, bere ibilbidean zehar eskainitako aniztasunak mantentzen baitu tinko hara eta hona mugitzen den doinuaren munduan. Berak dioen bezala, ‘bizitza egunero da ezberdin eta egunero berritu ohi ditugu asmo eta erronkak, eta horiek azaltzen ez badira, deitu eta bilatu egin behar doguz’. Hitz ederrak, benetan, zer pentsa ematen duten horietakoak, zalantzarik gabe. Jakin dakizuenez, Mikelek ez ditu hitzak airera edozelan bidaltzen, beti ere, norabide eta esanahi jakin batekin baizik. Horrek egiten al du, agian, hain berezi?
Bizi izan dugun eta bizi dugun garai gogor honetan, hainbat musikariren proiektuek eten bat izan dute, eta horien artean, Mikelenak; izan ere, Arriaga Antzoki ezagunean oholtza gainean aritzekoa zen Mikel Urdangarin martxoaren 12an. Koronabirusaren pandemiak, ordea, egoera eta molde berrietara egokitu behar izana ekarri du. “Kultureneak” horretarako aukera eman du, EiTB bidelagun hartuta. Nika Bitchiasvili laguna biolinean zuela, Mikelek Arriagako arantza kendu eta bertan aritu zen kantari zuzenean; hala ere, berritasuna hurrengo honek dakar: 2.000 urtean eskuko pianoa erosi eta ordutik 17 urte pasa ziren horretan, pianoak begirada soil bat jasotzetik, duela hiru bat urte berarekin batera soinua sortzen ikastera igaro zen.
Proposamen ederra, gero: Mikel Urdangarinen ahotsa pianoarekin eta gitarra akustikoarekin uztartuz, biak ala biak bere aho eta eskuetatik etorrita. Musika sentitzeko eta interpretatzeko era berria Mikelentzat, eta Mikel beste era batera sentitu eta interpretatzeko era berri bat guretzat. Ez da, ba, ahuntzaren gauerdiko eztula.
‘Erronka berriak izan behar dira bizitzan, une oro, eta segur aski, musikari bezala ein doten bizitzako ibilbide honetan inoiz egin doten desafiorik handiena izan da honakoa eta gogotsu nago’. Bide beretik aurrera eginez jarraitu, hortaz, Mikel. Zornotzarrok lau haize eta doinutara jarraituko zaitugu; pasioa, ilusioa eta hamaika desira bidelagun hartuta!

Amaia Larruzea Motxobe
Argazkia Josu Izarra

+ Irakurri

Euskara ikasteko aukera anitz, Amorebieta-Etxanon

septiembre 11, 2024

Amorebieta-Etxanon euskara sustatzen eta biziberritzen jarraitzeko bidean, ikasturte berriari helduta, gure hizkuntzan murgildu nahi duen orok aukera anitz izango ditu herrian bertan. Izan ere, zabalik dago jada Zornotza Udal Euskaltegian izena emateko epea eta horrekin batera, Amorebieta-Etxanoko Udalak ere, urtero

Amorebietako Udalak ‘Berba Lapiko’ekimenaren iraileko eta urriko egitaraua aurkeztu du

septiembre 5, 2024

Amorebietako Udalak Berba Lapiko ekimenaren iraileko eta urriko programazioaren berri ematen die herritarrei.Ekimen horrek herritarren parte-hartze aktiboa eta ikaskuntza kolektiboa sustatzeko jarduerak eskaintzen jarraituko du. Irailean zehar, Berba Lapikok «Bizipoza urteetan gora» aurkeztuko du, adinekoek aisialdirako eta garapenpertsonalerako dituzten aukera

Ganbera musikaz beteko dira iraileko asteburuak, Eleizetan kontzertu zikloaren eskutik

septiembre 5, 2024

Iaz bezala, ganbera musikak hartuko ditu iraileko asteburuan aurten ere, Eleizetan kontzertu zikloarenospakizunarekin. Ziklo hau udalerriko hainbat eliza eta ermitatan egingo da, ganbera musikarenedertasuna eta soinuaren kalitatea nabarmentzeko ingurune goxo batean eskainiz. Aurtengo egitarauak artista eta musika talde ugari biltzen