Marta Goikoetxeak “Martxanterak” idatzi du

Marta Goikoetxea zornotzarra eta Iñaki Landa dira Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratzen duen kontakizun ilustratu hirueledunen bilduma honen zazpigarren liburukiaren egileak. Idazleak eta ilustratzaileak Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratutako liburua Bilboko Liburu Azokan aurkeztu zuten lehendabizi eta ondoren Durangoko Azokan izan dira.

Ipuinak bilduma Foru Erakundeak sortu zuen 2017an, Bizkaiko udalerrietako pertsonaia ezagun, tradizional edo folkloriko bereizgarrienetako batzuk Bizkaiko jendeari eta Lurraldea bisitatzen zuten pertsonei hurbiltzeko asmoz. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez argitaratutako album ilustratuak dira, pertsonaia horiek beste modu batean erakusten dituztenak.

«Ipuinak» bildumaren zazpigarren liburuki honen izenburua Martxanterak da eta “Boni” da honen protagonista. Liburu honek modu erakargarrian emakume nekaezin hau erakusten du, Durangoko Santa Maria elizpearen babesean bai neguan, bai udan, umeen eta ez hain umeen gustuko produktuak saltzen. Martxanterek, egunero, gozokiak, jostailuak eta litxarreriak saltzen zituzten postu ibiltarietan, goizean goizetik hasita.

Martak berehala asmatu zuen kontakizun honen nondik norakoak. “Diaboloa ikusi nuen eta bapatean asmatu nuen zer trasnmititu nahi nuen, diaboloak pazientzia eskatzen du eta, bizitzan gertatzen den bezala. Alaia eta bere familia dira saltzaile Boniren lan nekeza omendu nahi duen kontakizun honen protagonistak. Amaren urtebetetze egunean neskatoak oraindik ez du opari egokia aurkitu, eta Boniren laguntza funtsezkoa izango da aurkitu ahal izateko. Durangoko azken martxanterak edozein helburu lortzeko pazientzia eta iraunkortasuna ezinbestekoak direla erakutsiko dio. Neskatoak diaboloarekin jolasten den bitartean ikasiko ditu ikasgai hauek.

Marrazkiak berriz, Iñaki Landak egin ditu. “Nik buruan nuena baino askoz ere hobeagoak dira marrazkiak eta Boniren familiak ikusi zituzten unean negarrez hasi ziren  emozioz, igual iguala zela esanez”.

Ipuinak bilduma salgai dago Bizkaiko Foru Aldundiaren Argitalpen Dendan (Diputazioa 7) eta online www.bizkaia.eus/argitalpenak webgunean.

Marta Goikoetxea (Amorebieta-Etxano, 1983)

Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna, hainbat komunikabidetan idatzi du, baina gaur egun euskara irakasten dihardu. Bere euskarazko mikro-ipuinak Barakaldoko urteroko lehiaketan sarituak izan dira (finalista 2022an eta 2. akzesita 2023an) eta bere «Pétalos rotos» ipuina Euskal Trenbide Sarea (ETS) literatur lehiaketan hautatua izan zen 2016an.

Artículo anteriorIZAR premia el desarrollo local en el Festival EKOS que acerca la Economía Social a la juventud
Artículo siguienteSD Amorebieta 1-2 AD Alcorcón: Derrota para despedir 2023