Hauek dira Santiago Onaindia bekaren lanak

Santiago Onaindia bekaren azken bi edizioetako bekadunek euren lan irabazleen inguruko xehetasun guztiak eman dituzte

• Jon Mentxakatorrek, XVII edizioko bekadunak, ‘Euskal ipuin eta leiendak. Antologia eta azterketa’ lanaren joan-etorri guztiak azaldu ditu.

• Lorea Jainaga eta Alexander Gurrutxagak, abiatu berri den XVIII edizioko bekadunek, ‘Lourdes Iriondo, bide-urratzaile proiektua´ren berri eman dute.

Santiago Onaindia Bekaren helburu nagusia da euskal literaturaren esparruan ikerketa eta lanketa bultzatzea. Beka honen azken bi edizioetan, Jon Mentxakatorre, Lorea Jainaga eta Alexander Gurrutxaga nabarmendu dira, helburu hori lortzeko bidean lan bikainak egin eta aurkeztu baitituzte. Santiago Onaindia Bekaren ekimena bi urtean behin egiten da, Amorebieta-Etxanoko Udalaren eta Labayru Fundazioaren arteko lankidetzari esker. Gaur goizean egindako aurkezpenean, beka hau irabazi duten lanen nondik norakoak azaldu dira. Aurkezpenean izan dira Ainhoa Salterain alkatea, Jon Artabe Idazkaritza, Funtzio Publiko, Gardentasun eta Gobernu Oneko zinegotzia, eta Euskara, Berdintasun eta Arkalazeko koordinatzailea, Igone Etxeberria Labayruko presidentea eta Jon Mentxakatorre, Lorea Jainaga eta Alexander Gurrutxaga bekadunak.

Ainhoa Salterain alkateak Santiago Onaindia Basetak utzitako ondarea azpimarratu du bere agerraldian: “Ondare horren eragina funtsezkoa izan da Amorebieta-Etxanorentzat euskal literaturaren esparruan leku nabarmen batean kokatzeko. Gaurkoan Amorebieta-Etxanoko Udalak euskal literaturarekin duen konpromisoa azpimarratu nahi dut; Onaindiaren memoria bizirik mantentzearen garrantzia nabarmendu nahi dut, haren izena daraman bekaren bidez. Izan ere, beka honen bitartez bermatu nahi dugu alor honetako ikerketek lekua izatea eta euskal literaturak eta gure kulturak aurrera egiten jarraitzea. Era berean, eskerrak eman nahi dizkiet bekadun izateko parte hartu duten guztiei, euskal literaturari eskaini dioten dedikazio eredugarriagatik. Eta zorionak eman nahi dizkizuet zuei, Jon Mentxakatorre, Lorea Jainaga eta Alexander Gurrutxaga egindako lan eta proiektu aipagarriengatik».

Bestalde, Jon Artabe Idazkaritzako, Funtzio Publikoko, Gardentasuneko eta Gobernu Oneko zinegotziak, eta Euskararen, Berdintasunaren eta Arkalaz!-en zeharkakotasunaren koordinatzaileak, Santiago Onaindia Bekaren etengabeko garrantzia nabarmendu du: «azpimarratu nahi dut ekimen honek aukera baliotsuak eskaintzen jarraitzea duela helburu, bai hasten ari diren talentuentzat, bai bide bat eginda duten ikertzaileentzat ere. Halako ekimenei esker, Euskadiko literatura-ondarea aberasten jarraitzea dugu helburu, euskal literaturak loratzen jarrai dezan eta ikertzaileek gure literatura eta kultura ezagutzen eta babesten jarraitzeko aukera izan dezaten. Euskal literatura sustatzeko eta talentu berriei laguntzeko konpromisoa funtsezkoa da Amorebieta-Etxanoko Udalarentzat».

Jon Mentxakatorre: ‘Euskal ipuin eta leiendak. Antologia eta azterketa’

Jon Mentxakatorrek, XVII edizioko bekadunak, `Euskal Ipuin eta leiendak. Antologia eta azterketa´ lanaren inguruko xehetasunguztiak eman ditu: “irakurleak zer aurkituko du lan txukun eta zehatz honetan? Euskal ahozko mito-ipuinak aztertu ditut, eta lurpeko eremuarekin duten lotura azaldu dut. Mitoa jainkozkoaren edota transzendentziaren narraziotzat hartuz, ahozko ondaretik dimentsio mitikodun testuak bildu eta aztertu ditut, horiekin antologia osatu, eta bilduma horrekin azterketa egiteko”.

Mentxakatorrek dio, XIX. mendetik XXI. menderako ikerketa egin duela, eskuizkribu, aldizkari zein ikus-entzunezkoetan, iturri askotan jasota baina sakabanatuta dauden testuak bat etor daitezen: “hau da, ikerketa mitopoetikoa egin dut. Euskal Herriak jainkozkoaren eremua ahozko ipuinetan nola erakutsi duen aztertu dut: zein formula, zein esaldi, zein adierazpen jator eta sakon dagoen aho-belarrizko euskal izaera mitikoan. Zentzuaren eta poesiaren mailan egindako ikerketak, ondoren, esanahiaz aritzeko azterketa mitologikoari bide eman dio, eta lurpearekin loturiko jakituriaz azalpenak eman ditut”.

Hori horrela, azaldu du, lan osorako, giza zientzien eta antzinako testuen argibidea ezinbestekoa izan zaiola: “horri esker, Euskal Herriaren nortasunak Mendebalde Zaharrean duen tokia argiago erakutsi dut. Horrekin guztiarekin, euskal ahozko testuen gaineko mitokritikaren bidea sendo ireki dut, ikergaia bera osotu eta osatuz, eta tradiziozko humanismoaren ulermen eta ikerketarako urratsak eman ditut. Hasieran aipatutako Barandiaranen bidetik urrunago goaz, gizabidea helburu. Hala biz!”.

Lorea Jainaga eta Alexander Gurrutxaga: ‘Lourdes Iriondo, bide-urratzaile proiektua’

Gainera, ekitaldian zehar, Santiago Onaindia Bekaren XVIII. edizioaren aurkezpen ofiziala egin da, euskal literaturaren etengabeko sustapenean mugarri berri bat ezarriz. Oraingo honetan, Lorea Jainaga Albizu bekadunak eta Alexander Gurrutxaga Muxikak elkarlanean egingo dute ikerketa. 

Bekadunen esanetan, ‘Lourdes Iriondo, bide-urratzaile proiektua’izeneko lanaren ardatza izan da Lourdes Iriondoren lana goraipatzea, euskal kantagintza berriaren aitzindari gisa eta euskarazko haur literaturaren egile oparoa bezala: «bere garaian eragin esanguratsua izan zuen arren, bere ondarea iluntasunean erori da eta historiografiak gutxietsi egin du. Arrakala historiko hori ixtea eta Lourdes Iriondoren garrantzia euskal historia garaikidearen aldi erabakigarri batean nabarmentzea da gure egitekoa. Euskara biziberritzeko eta euskarazko kultura sustatzeko egin duen ekarpena haren ondarearen funtsezko alderdiak dira, eta horiek nabarmentzea da gure nahia, abeslari eta egile gisa dituen alderdi anitzak barne hartzen dituen ikerketa sakon baten bidez».

Bere helburuen artean bere figura eta obra baloratzea dago, ikuspegi feministatik eta berdintasunaren ikuspegitik duen garrantzia aldarrikatzeaz gain: «bere lanaren azterketa zehatzaren bidez, metodologia kritiko berritzaileak erabiliz eta literaturan zein musikan egiten duen ekarpenaren berrikuspen kritikoa eskainiz, gure ikerketaren emaitzak zabaldu nahi ditugu, Lourdes Iriondok euskal kulturaren historian izan duen funtsezko papera azpimarratzeko. Bere ondarea publikoarekin partekatu nahi dugu eta bere eraginak euskal kulturaren parte integral bezala iraungo duela ziurtatu».

Artículo anterior“Origen” y “Muxutruk” ganadores de Kine Rally
Artículo siguienteEuskara ikasteko doako app berriak, Zornotzako Barnetegiaren eskutik