Garapen izugarri bati dagokion moduko final handia Zornotzan


Lau eta Erdiko Master LABORAL KUTXAREN finala Zornotzan
Emakumeen esku pilotako txapelketek gure artean horren denbora gutxi daramatenean zaila egiten da klasikoaz hitz egitea, baina larunbatean Zornotzan elkarren aurka arituko diren Amaia Aldai eta Olatz Arrizabalagaren arteko demek toki berezi bat hartu dute kirol honen historian. Momentuko eskuz banakako bi espezialistarik onenak arituko dira urteko txapelik preziatuenaren bila arratsaldeko 19.00etatik jokatuko den jaialdi ikusgarrian eta finalerdietan biek eskaini zuten maila errepikatzeko gai badira, inoizko finalik onena ikusteko moduan gaude.

Izan ere, Dimakoa eta Gernikakoa elkar elikatu duten bi pilotari izugarri dira, lehiaketan eta, batez ere elkarrekin egindako hamaika entrenamendu orduetan elkar elikatu eta elkar hobetu diren bi kirolari handi. Gertuko erreferentzia bat hartzearren, Aimar Olaizolak Juan Martinez de Irujo hobea egin zuela esaten badugu, eta Juan Martinez de Irujok Aimar Olaizola, antzerako zerbait gertatzen da bi emakume hauekin. Gainera, esan genezake Emakume Master Cup-arekin batera hazi diren bi pilotari direla Arrizabalaga eta Aldai, Aldai eta Arrizabalaga. Final ia guztietan protagonista izan dira, pilota goxuarekin hasi eta mistorako jauzia egoki egin dutenak. Gainera, material honek mesede egin die euren jokoan eta orain gutxi pentsaezinak ziruditen jokaldi eta postura guztiak menperatzen dituzte; airea, gantxoak,sotamanoak… ikuskizuna lehen mailara igoz.


Duela aste gutxi Ezkurdia eta Altunak pilotazale guztiak txundituta utzi bazituzten, Aldai eta Arrizabalagak ere pilotazale zorrotzena ere asetzeko moduko dohainak dituztela erakutsi dute maila handiko txapelketa batean eta azken urratsa, zailena, geratzen zaie txapela jantzi ahal izateko.

Gaurko aurkezpenean bi pilotariak finala jasoko duen Zornotzako pilotaleku ikusgarrian izan dira eta elkarren artean sekretu gutxi daudela adierazi dute, halako partidek sortzen duten tentsioa hobekien kudeatzen duenak asko izango duela aurreratua eta, batez ere partida polita eskaini nahi dutela. Alboan izan dituzte, Andoni Agirrebeitia, Zornotzako alkatea, Ainhoa Salterain, Zornotzako Berdintasun zinegotzia, Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun zuzendaria, Patricia Campelo eta baita Karmelo Bullon, Lagun Onak elkarteko presidentea. Zorterik onena opatu diete hauek bi pilotariei eta pilotazaleei frontoira hurbiltzeko gonbidapena luzatu diete, bi kirolari handi hauei merezi duten babesa eskaintzera.

Jaialdiko bi partiden artean, ETB-K gauez eskainiko ditu, azken 30 urteetan Lagun Onak pilota elkarteko arduradunak izan diren Jose Ramon Etxebarria eta Jabi Emaldiri, omenaldi polit bat egingo zaie. Jaialdiari binakako partida batek emango dio hasiera, Garai-Capellan/ Etxegarai-Mendizabal. Hasiera batean Laia Salsamendi zen jokatzekoa, baina nafar gazteak lesio larri bat izan du belaunean. Hemendik ahalik azkarren eta, bereziki, hobekien errekuperatzea opa diogu.Egun handia, egun polita emakumezkoen esku pilotak Zornotzan larunbatean biziko duena.
Artículo anteriorLa Real Sociedad se lleva la 18º Lointek Amorebieta-Etxano Cup
Artículo siguienteAmaia Aldaik iazko txapelari eutsi ahal izan dio