Amorebieta-Etxanoko kirol arloko zortzi elkartek euskararekiko konpromisoa erakutsi dute, eta topaketa egin dute egindako lana azaltzeko
- Amorebieta-Etxanoko Udala eta klubak horrelako jardunaldi bat urtero antolatzearen alde agertu dira, eta elkarte gehiago animatu nahi dituzte parte hartzera
Amorebieta-Etxanoko Udalak estrategikotzat jotzen du kirolean eragitea euskararen erabilera areagotzeko, gehienbat umeen eta gazteen artean. Helburu horrekin elkarte guztietan erabileraren diagnosia egin zuen 2021ean, eta horren ondotik, 2022an, elkarte guztiei lagundu zitzaien idatzizko euskarriak eta komunikaziorako tresnak euskaratzen. 2022an Hizkuntza Politikarako Saiburuordetzak kirol arloan euskararen erabilera sustatzeko plan pilotua sortu zuen, EMUN enpresak kudeatuta; egindako lanagatik plan horretan sartu zen Amorebieta-Etxanoko udala. Modu honetara, 2023an entrenatzaileentzako formazio saioak eskaini dira, gazteen hizkuntza gaitasunean duten garrantziaz jabetu daitezen. Azkena, Jon Artabek eta Koldo Bilbaok, Euskara arloko eta Kirol arloko zinegotziek deitutako topaketa izan da; hain zuzen ere, azaroaren 29an egin zen Kirol Elkarteen Topaketa.
Kirol elkarteen Topaketan zazpi taldek parte hartu zuten: Sociedad Deportiva Amorebietak, Zornotza Saskibaloi taldeak, Zornotza Mendi Taldeak, Ikas-Txiki futbol eskolak, Waterpolo Amorebieta Elkarteak, Club de Ajedrez Zornotzak eta CD Betigol Zornotzak. Ukabidea kluba ezin izan zen bertaratu azken orduko gorabeherak direla eta. Horiez gain, udaleko Euskara teknikariek, Eider Gurrutxaga EMUNeko teknikariak, eta Eztiñe Astorkia ARTEZ enpresako ordezkariak hartu zuten parte hitzorduan.
Praktika onak erakustea helburu
Topaketaren helburu nagusia izan zen praktika onak erakustea; beraz, elkarte bakoitzak euskararen erabilera sustatze bidean egindakoa azaldu zien bertaratutakoei. Zentzu honetan, Sociedad Deportiva Amorebieta Hizkuntza Politika Sailburuordetzarekin eta Emunekin proiektu pilotu batean parte hartzen ari da eta Erabilera Plana eratzen ari da. Zornotza Saskibaloi taldea, bere aldetik, komunikazio guztia elebietan egiten ari da, euskara lehenetsita; eta Zornotza Mendi taldeak hizkuntza irizpideak zehaztu ditu, eta elkartearen estatutuak euskaratu ditu, elkarteko jarduera euskaraz da, oro har. Ikas-Txiki futbol eskolak ere aurrerapausoak eman ditu euskararen alde, hizkuntzaren erabilerarako dekalogoa sortu dute eta ohiko jarduera euskara da. Waterpolo Amorebieta Elkarteak Hizkuntza Irizpideak zehaztu ditu eta jarduera euskara hutsezkoa da, eta Club de Ajedrez Zornotzak hizkuntza landu du, gazteei xakea euskaraz eskaintzeko. Halaber, CD Betigolek Artezek antolatutako Jokatu! proiektuan parte hartu zuen, eta entrenatzailea euskalduna da; azkenik, Ukabidea Klubak hizkuntzaren erabilerarako dekalogoa sortu du eta taldean jarduera euskaraz da, oro har.
Taldeak sentsibilizatuta eta topaketak ateak irekita
Topaketan hainbat ondorio jaso zituzten. Parte hartu zuten taldeak sentsibilizatuta daudela nabarmendu zuten; izan ere, jakitun dira gazteen hizkuntza formazioan ere tresna eraginkor eta ezinbestekoak direla. Halaber, honelako jardunaldi bat urtero antolatzearen alde azaldu dira.
Amorebieta-Etxanon dauden 22 kirol elkarteetatik zortzi dira ekimen honetan parte hartu dutenak, baina ateak irekita daude eta Udalaren helburua da hurrengo ekitaldian elkarte gehiagok parte hartzea.