ETXANON GRABATUKO DA ETB-KO TELESAIL BERRIA

“Koronabirusik ez duen herri baten buruzko komedia bat izango da”

Jabi Elortegi zuzendariarekin izan gara, telesailaren grabaketa hasi baino lehen. Etxano aukeratu dute telesail berri hau produzitzeko, bertan baitaude lana bermatzeko behar dituzten elementu guztiak. “Lagun batek Etxanori buruz berba egin zidan eta berton aurkitu dugu toki aproposa telesail hau grabatzeko: taberna, frontoia, eleiza, animaliak, baserri politak… eta bertako lagunek oso ondo hartu gaituzte”.

Sei astez arituko dira grabazio lanetan. “50 minutuko 6 kapituluk konposatzen dute lana eta kalean zein espazio itxietan egingo ditugu grabazioak. “Herrikoak” izena izango du, baina oraindik ez dago erabakia erabat hartuta. Momentuz, dena aurreikuspen soil bat da, koronabirusak taldeko inor ez harrapatzea eta lana ondo bukatu ahal izatea espero dugu”, dio Bermeoko zuzendariak.
Telesaila, esan dugunez, komedia bat izango da. Etxano barik “Aldabe” deituko da fikziozko herrixka hau eta Covid-19 birusa ez da bertara helduko. Alkateak (Elena Irureta) muga bat jartzea erabakiko du bere laguntzailearekin batera (Mikel Laskurain) eta horretarako udaltzainak (Amancay Gaztañaga) hesi bat jarriko du herriko sarreran. Udaleko oposizioko taldeko ordezkaria, alkatearen alaba da, (Miren Gaztañaga) hain zuzen ere, eta ez dator bat bere amak hartzen dituen erabakiekin. Amak nahiko lan dauka bere beste semeak (Xabi Jabato) eta bere lagunak (Mikel Aranburu) txarto egindakoak zuzentzen. Herriko andra nagusi bat (Itziar Aizpuru) eta bidaiari atzerritar bat (Iker Galarza) ere korapilo honetan biziki sartuko dira. Bizilagunek musuko barik ibili ahal dira Aldaben, herri libre bat baita, baina mugak zaindu beharko dituzte inor ez sartzeko.


Pausokak 25 langile inguru izango ditu Etxanon egunero lanean, urriaren 26tik hasita, eta Gaizka Bourgeaud zornotzarra izango da argazkilaritza zuzendaria. Figuranteak edo “extra”-k ere beharko dituzte telesailean agertzeko. Horretarako, figuracion@pausokoa.eus helbidera idatzi beharko da.

www.amorebieta.com – Hilero Zornotzan © 2020

Ir arriba.