Etxanok ez dio lan egiteari utzi

Koronabirusak leku emandako egoera berezi honetan, Etxano herriko langileek, aurrera daramatzate haien eguneroko betebeharrak, pandemiak sortzen dituen ondorioekin batera.
Zornotzan bizi den isiltasuna iritsi da Etxanora. Herriko kaleetan, ez dira umeen oihuak entzuten, ezta nagusien elkarrizketa luzeak ere. Lehen, frontoian elkartzen ziren gazteak. Bidegorria lagunez beteta zegoen. Orain,aldiz, txorien kanta baserriko lanen oihuekin nahasten da.

Errotik, Etxanoko gaztaie

Kepa Agirregoikoak, Etxano herriko elikagai ekoizleak, ez dio lan egiteari utzi. ‘Errotik’ gazta markaren arduraduna da, eta koronabirusak ekarri dituen aldaketak sufritu ditu. «Salmenten kopurua murriztu egin da» azaldu digu. Izurri honek bezeroengan sortzen duen beldurrak eraginda. “Jende gutxiago dator erosten, azken batean, desplazamenduekiko beldurra daukate”, azaldu du ekoizleak. Horrez gain, martxoaren 16an, Gernikako azoka itxi egin zuen Gernikako Udaletxeak. Berarentzat eta inguruko ekoizleentzat Gernikako azoka ixtea mingarria izan zen: “Azken finean, hori bait da elikagaien salmenta puntu nagusia. Hasieratik esan zen elikagaiak saltzen ziren puntuak ez zirela itxiko eta Gernikako azoka itxi zen, borondate falta oso handia izan da euren partetik”.
Gaztagilea eskertuta agertu da bezeroen jarreragatik, interesa adierazi dutelako bere produktuak erosten jarraitzeagatik, zailtasunak direla medio. Daukagun egoerari aurre egiteko, bezero asko jarri dira Kepa Agirregoikoarekin harremanetan, bere produktuak kontsumitzeko nahian. Kepak hainbat alternatiba bilatu ditu hauek hornitzeko: “Nire produktuak zein dendetan erosi ahal dituzten azaldu diet, baita etxez etxeko banaketa egin dut”.

Etxano Nekazaritza-turismoa

Iker eta Olaia Hormaetxek, Etxanoko Nekazaritza turismoko jabeek, ez diote lan egiteari utzi. “Egoeraren larritasunaz ohartu zirenean ixtera behartu gintuzten baina guk jada, egun batzuk lehenagotik itxita geneukan, momentuko egoerarekin kezkatuta geundelakoe: Gasteizko kasuen gorakada, hezkuntza zentroen itxiera…”, azaldu dute jabeek. Ordea, egoera honek ez du euren jarduera gelditu. Nekazaletxea itxita egon arren, euren jarduera lehen sektorearekin ere uztartuta dagoenez, baserriko lanak bere horretan jarraitzen dute; behiak, ortua, inguruaren zainketa, eta abar.
Bien kezka nagusia osasuna da, bai eurena baita ingurukoena ere, baina bigarren mailako kezkak ere badaude: “Eguneroko gastuak, inolako diru sarrerarik gabe eta bai, badakigu laguntzak aurreikusten ari direla baina guzti hori tramitatzeak ere ezinegona sortzen digu”.
Etxanoren ekonomiaz hitz egiterakoan aitortu dute galerak egongo direla, baina orain ez dela momentua interes pertsonalei begiratzeko azaldu dute. “Ahalik eta azkarren Etxano bizi eta osasuntsu bat izatea baino ez dugu espero!”, gehitu dute biek.

Amorebietan bizi den isiltasuna iritsi da Etxanora, baina honek ez dio lan egiteari utzi.

Ander Garizurieta

Artículo anteriorEl ayuntamiento condena la agresión machista ocurrida en pleno confinamiento
Artículo siguienteAmorebieta: 7 nuevos casos, total 59. Lehendakari: “Euskadi se encuentra por primera vez con datos que permiten sostener una perspectiva positiva”