Textoa Amaia Larruzea
Unai Zugazaga Trabudua zornotzarrak ez du zalantzarik, ‘errugbia kirol ezberdin eta aberatsa da’, bere aburuz, gutxi da kentzen duena, eta asko, berriz, bueltan ekartzen duena. Izan ere, lagun onak ematen ditu, talde lana zer den ikastea dakar, futbola eta saskibaloiaren monopolioa alde batera utzi eta kirol berezi eta gure inguruan berria denaren alde egitea dakar. Ez hori bakarrik, ordea, harrobiaren alde borroka egin eta azken urteetan beste talde batzuetara joan behar izan diren zornotzarrak herrira ekartzea ere du helburu, baita umeek talde baten partaide izateak eskatu eta ematen dituen baloreak lantzea ere, esfortzuaren ikasketa lagun artean jasoz.
Geldi, itxaron, oraindik ez dugu bukatu beste zerbait ere badago-eta… senior talde nagusiak kirol mailan aurrerapauso bat ematea eta txapelketan Zornotzan maila egon badagoela erakustea ere. Izan ere, lehen urtean hiru partida irabaztetik, aurten, 13 partida irabazi dituzte eta playoffetan borrokatzeko pausu batera izan dira. Orain bai, orain bukatu dugu, eta egindako zerrenda labur baina sakon honegatik eta askoz guztiagatik, Zornotza errugbia da eta Urgozo errugbi taldea Zornotza da.
Lau urteko historia, etorkizun oparoko zaporea
“Aitor Bilbaok, Cristian del Castillok eta Trumanek herrian errugbi taldea sortzeko ideia izan zuten eta jakinda niri errugbia asko gustatzen zitzaidala deitu egin zidaten, hitz egin genuen eta proiektua martxan jartzea erabaki genuen. Futbola utzi eta betidanik maite izan dudan kirolarekiko apustua egiteko unea iritsi zen, ametsa egia betetzeko unea; zein eta Zornotzan errugbi taldea sortzea. Hainbat eta hainbat zalantza izan genituen hasieran, baina beldurrak alde batera utzi eta Urgozo errugbi taldearen ametsa errealitate bilakatu genuen”, adierazi du Unai Zugazagak, errubi taldeko kapitainak.
Hurrengo pausuak, bederen, ez ziren edonolakoak izan, aurrerapauso galantak baizik. Zabalpen prozesuari ekin behar izan zioten, elkartea talde txiki horretan geratu ez zedin eta beraien aspirazio berak zituztenek ere aukera izan zezaten. Bide hauetan, ordea, erreferenteak ezinbestekoak dira, ezerezetik zerbait atera ahal izateko. Horretarako, Durango eta Uribealdea izan dituzte bidelagun.
Zelairik zelai, taldearen batasunak muga guztiak gaindi ditzake
Hasiera batean, jendea interesatu eta taldea sortzen hasi zirenean, Jauregibarrian entrenatzen zuten eta bertan eman zituzten 8 hilabete. Gerora, udalarekin hitz egin ondoren, Lauaxetara lekualdatu ziren eta partidak Arratiko Zekorren zelaian jokatzen zituzten. Larreako proiektuan esku hartu zutenetik, ordea, bertan dira jada. Astearte eta ostegunetan aritzen dira bertan adin guztietako taldeak 18:00-21:00 bitartean, errugbia zer den eta Zornotzan nola bizi den jakin nahi baldin baduzu hurbildu zaitez bertara entrenamendu bat ikustera. Errugbiak ez du altura edota pisu zehatzik eskatzen ezta exijitzen ere. Askea da, taldearen batasunaren kemena eta gogoa besterik ez ditu behar. Neska zein mutil, altxa zaitez, beldurrak eta lotsak alde batera utzi eta anima zaitez, Urgozo Errugbi Taldekoak Larrean izango dituzu zure zain!