Enrike Renteria pintura-lehiaketa

– Lehiaketak bi modalitate ditu: aire zabaleko pintura-lehiaketa tradizionala eta “Zintzilik” lehiaketa, herriko balkoietan ikusgai jartzen den obra onena saritzeko.
– Epaia uztailaren 8an (igandea) jakinaraziko da, 18:00etan, Zelaieta Zentroko entzunaretoan.
– Pintore zornotzar ezaguna Euskal Artisten Elkarte ospetsuko kide izan zen.

Amorebieta-Etxanok omenaldia egingo dio beste urte batez bertako herritar ospetsuenetako bati, Enrike Renteria pintoreari. Zehazki, igande honetan, uztailaren 8an, XXI. “Enrike Renteria” Pintura Lehiaketa egingo da. Lehiaketa Zornotza Arte eta Kultura Elkarteak antolatu du, Ametx kulturaren udal-erakundeak lagunduta.
Lehiaketak bi modalitate ditu: aire zabaleko pintura-lehiaketa eta “Zintzilik”, herriko balkoietan ikusgai jartzen den obra onena saritzeko lehiaketa. Balkoietako obra horiek lehiaketaren eguna baino lehen egin behar dira eta gaurtik aurrera ikusgai jarri Amorebieta-Etxanoko balkoietan. Bertan geratuko dira herriko jaiak amaitu arte.

Lehiaketa tradizionala
Lehiaketa tradizionala edo “aire zabalekoa” uztailaren 8ko goizean egingo da Amorebieta-Etxanoko kaleetan. Lehiaketa honen bidez, artistek herriko hainbat txoko pintatuko dituzte, bertatik pasatzen direnen eta ikusmiratzaileen begien bistan.
Aurreko edizioetan bezala, antolatzaileek espero dute herriko eta nazio-mailako 30 artista baino gehiagok parte hartzea. Lehiakide bakoitzak obra bakarra aurkeztu ahal izango du, eta teknika eta neurriak libreak izango dira.
Lehiaketa honetarako, antolatzaileek epaimahai bat osatu dute. Bertako kideak irakasleak, artistak eta diseinuaren arloko profesionalak izango dira, eta aurkeztutako obren kalitatea eta originaltasuna baloratuko dituzte. Epaia igandean jakinaraziko da, 18:00etan, Zelaieta Zentroko entzunaretoan.
Guztira zazpi obra sarituko dira: lehen saria 500 eurokoa izango da; bigarrena 400 eurokoa; hirugarrena 350 eurokoa; eta laugarrena, bosgarrena eta seigarrena 300 eurokoak. Horrez gain, 200 euroko accesit bat egongo da saririk jaso ez duen herriko obra onenarentzat.
Haurren atalean (14 urtetik beherakoentzat), lehen saria asto bat eta pintura-maleta bat izango da, eta bigarren eta hirugarren gelditzen direnek, berriz, pintura-maleta bana jasoko dute.
Saritutako obra guztiak antolatzaileen esku geratuko dira eta Zelaieta Zentroko erakusketa-aretoan jarriko dituzte ikusgai uztailean zehar.

Zintzilik
Horrez gain, igandean, 18:00etan, “Zintzilik” arte-lehiaketaren epaia ere jakinaraziko da. Lehiaketa horretan herriko balkoietan ikusgai jartzen diren obra onenak saritzen dira.
Izena emateko unean, parte-hartzaileei 1,30 x 1,50 metroko olana bat eman zitzaien. Gaia librea da eta eguraldi txarrarekiko erresistenteak diren pinturak erabili behar dira; izan ere, obrak Amorebieta-Etxanoko herriguneko balkoietan jarriko dira.
Epaimahaia hainbat artistak eta diseinuaren arloko profesionalek osatuko dute, eta aurkeztutako obren kalitatea eta originaltasuna baloratuko dituzte.
Lau sari banatuko dira parte-hartzaileen artean: lehen saria 400 eurokoa izango da, bigarrena 300 eurokoa, hirugarrena 200 eurokoa eta tokiko beste sari bat egongo da, 200 eurokoa.

Enrike Renteria
Enrike Renteria Mardaraz 1900eko otsailaren 9an jaio zen, Larrean, Amorebieta-Etxanon. Autodidakta zen, eta Kaitanako eskolan zebilenean hasi zen pintatzen. 1924an Juan Gorbea eta Luis Iceta, Athleticeko kapitaina, bere talentuaz jabetu ziren, eta haren obra erakutsi zieten Isidoro Guinea eta Antonio de Guezala pintoreei. Urte horretan bertan Euskal Artisten Elkartean sartu zen eta bertako kide izan zen 1937an elkartea desegin arte.

Renteria bokazioz izan zen pintorea. Bizitza osoan zehar jarrera horri heldu zion eta gogor borrokatu zuen pintatzen jarraitzeko. Hala, pintura-jardunari erabat lotuta, naturaren berezko ñabardurei arreta handia jarri zien beti. Distira edo isla bat, euriaren hezetasuna, egunsentiko lainoa edo sartzen ari den eguzkiaren berotasuna ikus daitezke, besteak beste, haren koadroetan. Aire zabalean lan egiten zuen, ñabardura bakoitza jasoz.

Artículo anteriorEl Ayuntamiento de Amorebieta-Etxano moderniza sus servicios y su imagen
Artículo siguienteBerizzo se estrena en Urritxe