ELUR GORITAN, sumendi izoztuetan barrena eskien gainean egindako dantza

Amaia Larruzea Motxobe

Bada bizitzan bete beharreko zerrendan ametsek tartea hartzen duten unea ere, eguneroko zereginek irudimenari tarte bat lagatzen dioten unea, alegia. Horien artean, norbere afizioa bizi eta sentitu ahal izateak eskaintzen duen gozamena gauzatzeko unea, eta seguruenik, horixe izango da norbera gehien motibatzen eta ilusionatzen duen irudimen hautua.

Zer esan, bada, zerrenda horretan zeure hurrengo abenturak duen tokia lehen mailara igo eta erronka bera prestatzen hasiz gero, bat-batean, une horretan barneko mugimendu bat sentitzen da, izan ere, urduritasun eta ezjakintasun hori sentitzeak gozamen gogo horrekin egiten baitu bat.

Beraz, behin amets hori zerrendaren gorenean izanik, marka dezagun, bada, letra larriz, zein eta… KAMCHATKA. Horixe baita gaurkoan irudikatuko dugun bidaia eta horixe apirilaren erdialdean, Pello Amantegi, Eneko Aurrekoetxea, Jon Apeztegia eta Xabier Etxabe zornotzarrek, Aratz Otaegi, Jurek Ziemkiewicz, Igor Bernas eta Iker Larrañaga kamerarekin batera bizi izan zuten esperientzia aberasgarria.

Loiura abiatu, Moscura iritsi eta zortzi orduren bueltan helmugan zaudela sentitu. Sugarra eta elurra uztartzen diren tokia; inguru basatia, benetan, zibilizazio gutxi eta bakardadea nagusi dena. Hori omen da bilatzen zutena eta hori bizi garen mundu estresagarri honetatik at mendizaleok gehien bilatzen duguna; egunerokoan bizi dugun masifikazioaren ondorio garbia. Hor nonbait, basamortu izoztu batera iritsi eta bailara amaigabeetan eskien dantzari jarraiki aurrera egitea, horixe egunotako egin beharreko gauzen zerrendan idatzitako bakarra. Halakoak izango balira urteko egun guztiak! Halakoak izanez gero ere, beste zerbait nahiko genuke, baina utzi ditzagun pentsamenduak alde batera, eta goza dezagun eskiek elurrarekin uztartzean egiten duten soinuaz, baita sugarraren usainaz ere. Ikaragarria!

Errusiarrak jende serioa, zatarra eta enpatia gutxikoak direla entzuna zeukaten zornotzarrek; aurreiritziak, ordea, hautsi egiten omen dira bertara hurbiltzean. Hurbileko pertsonak eta beti laguntzeko prest daudenak aurkitu baitzituzten bertan. Hala ere, ez pentsa erreza izan denik elkarren arteko erlazioa, bertan ez baitute ingelesez ezertxo ere hitz egiten, eta hortaz… nola komunikatu? Ez larritu, mugikorrak buruhasuste asko ematen dituen arren, noizbehinka poztasunen bat edo beste ere ematen du-eta. Itzultzailea jarri eta bere bidez une oro, auskalo, ordea, zer egongo ote dan itzultzen, aurpegi arraro xamarra jartzen ari dira errusiarrak-eta! Horren kontura, barre galantak egindakoak dira bertan.

Askok oroitzapenak burmuinean gorde eta bihotzean sentitzearekin nahiko dutela aitortu arren, ba al da esperientzia hori bizi eta gerora bizipen horrek berpizteko ahalmena duten irudiak barnean gordetzea baino gauza hoberik? Bai horixe, esperientzia hori grabatu ahal izatea. Argazkia unea izozteko gai den erreminta bakarra da munduan, eta irudia, ordea, mugimendua izozteko gai den bakarra. Eta argi izan gero, Elur Goritan taldekoek betirako barnean eramango duten sentipena izango dela, sumendien eta elurraren arteko uztarketa horrek eztanda egingo baitu Mendifilm Festivaleko sekzio ofizialean, bertan izango baita ikusgai istorioa oinarri izango duen esperientzia paregabe hau.

Artículo anteriorHILERO ZORNOTZAN NOVIEMBRE 2019
Artículo siguienteXVII. LOINTEK AMOREBIETA-ETXANO CUP