Brent Yoder, Zornotzan bizi den amerikarra

«Oso gustura nago Zornotzan, jiu-jitsuko klaseak ematen ditut eta euskara ikasten ari naiz!»

Artzainak, pilotariak… zenbat eta zenbat euskaldun joan izan ohi dira Ameriketara etorkizun hobe baten bila? Denok ezagutzen dugu arbasoren bat bertara joan izan dena, arrazoi bategatik ez bada besteagatik, joera hori nagusia izan baita aspaldiko garaietan. Oraindik ere, badira bertara doazen zestalariak, baina ez genuke esango garai bateko joera hori mantentzen denik.  Eta gu ere bertan migranteak izan garen era berean, bertakoek ere etorkizun hobe baten bila egin dute gurerantz. Mundua biribila izateak, badu eta bere zergatia, biraka eta biraka ibili ahal izateak aske sentiarazten baikaitu.

Zornotzan gehienbat errumaniar jatorriko atzerritarrak dira nagusi, baina are eta anitzagoa bilakatzen ari da, egunean egun, munduko hainbat tokitako pertsonak baitatoz gurera, eta horien artean, Pensilvaniatik etorritako Brent Yoder amerikarra dugu. 33 urte ditu berak eta ia 2 urte daramatza zornotzar gisa.  900 bizilagun inguruko herri txiki batetik dator eta berarentzat Zornotza hiri eta herri baten bitarteko bat da, non etxean baino gusturago sentitzea lortu duen. Ez da marka erraza gero! Bere hitzetan, “Euskadik besarkatu egin nau eta Zornotzan etxean bezala sentitzen naiz, eta, zinez, ez dela batere erraza etxetik hain urruti zaudenean…”.

Ez du sekula ahaztuko trenean honantz etorriko zenean isuritako negar malkoak, bakar-bakarrik hona etorri bizitza berri bat eraikitzeko. Nori ez lioke, ba, bertigoa emango? Argi dago ez duela bizitza batere erraza izan, baina adorea eta kemena barru-barrutik atera eta bereak eta bi egin ditu bere ametsak betetzeko. “Zerotik hasi behar nuela sentitzen nuen, eta nire ama hil zenean eta 2-3 urte geroago nire amama hil zenean, ia inor gabe gelditu nintzen Ameriketan eta ez nuen bertan gelditu nahi, izan ere, bizitza esperientziak dira eta horiek bizitzeak sentiaraziko gaitu gu bizirik. Dena saldu eta bertara etorri nintzen, agian ez dut diru askorik izango nire hurrengo belaunaldiei uzteko, baina behintzat esperientziak eta irakasbideak izango ditut helarazteko”, azaldu digu Brent Yoderrek. Beraz, bakar-bakarrik etorri eta zerotik hasi beste kontinente batean eta munduaren beste puntan. Ez da ba lan erraza, bai, behintzat, bizigarria! Eta egin eta lortu ere!

Munduan barrena bidaiatuz, Zornotzara iritsi arte

Familia “nomada” gisa deskribatzen ditu bere joan etorriak, etorkizun hobe bat bilatzea helburu izanik, bere amak bi urtero toki berri baten bila eramaten baitzituen bera eta bere arreba, besteak beste, Pensilvanian bertan 4 edo 5 herritan bizi izan dira, baita Floridan, Ipar Carolinan eta Hego Carolinan ere. Honek hainbat toki ezagutzera eraman du, baina ezin izan du patxadazko lagunak egin, gutxira beste toki batera mugituko zirela. Gerora, helduagoa izan denean ere, zuen diru apurra bidaiak egiteko erabili du eta horrela iritsi zen Bilbora. Californian, Costa Rican, Suitzan… bidaiatu ostean, Euskal Herriak besarkatu egin zuela dio, eta horren ondorioz, duela ia bi urte bertara etortzeko erabakia hartu nuen, mendia eta itsasoa gertu dituen eta jende atsegina duen beste toki aproposagorik ez baitzaio bururatzen.

Ukabilak taldea, euskaltegia… zornotzarra bete-betean!

Egun, Iurretako fundizioan egiten du lan eta lan hobe bat bilatu ahal izateko, informatikako ikasketak burutzen ari da. Bere aisialdian, ordea, badu erdiprofesionala izatera eraman duen kirol eta pasio sutsu bat, zein eta Jiu-jitsu diziplina brasildarra. 18 urte zituela, osabak eta berak borroka batzuek hainbat eta hainbat bideo alokatu eta ikusi zituzten. Egun hartatik aurrera piztu zitzaion Brenti kirol honetan murgiltzeko nahia. Garai hartan, indarra lantzen eta pesak egiten aritzen zen eta boxeoan probaren bat edo beste egindakoa zen. Beraz, toki batera joan eta lehen saiakera egin zuen eta oroitzapen oso txarra du egun hartakoa, hainbat eta hainbat kolpe jaso baitzituen, eta hurrengo egunean ezin zen mugitu ere egin, baina itzuli egin zen eta berriz ere bereak eta bi jaso zituen.

Hala ere, bere burugogortasunak jarraitzera eraman zuen, eta berak dioenez, “askotan, untzea izan behar da mailuaren kolpeak jasoz, gerora mailua bilakatu ahal izateko”. Urtebete eman zuen untze hori izaten, eta egun, gerriko beltza da, eta  besteak beste, New Yorkeko, New Yerseiko eta Pensilvaniako txapelduna da hainbat alditan eta Euskadiko azpitxapelduna ere bada. Azken hau Euskadira iritsi eta 2-3 egunetara lortu zuen. Jet lag-a bidelagun zuela eta oraindik toki finko bat aurkitu gabe, txapelketa bat zegoela esan zioten iristean eta ez zuen birritan pentsatu.

“Jiu-jitsuak asko eman dit nere bizitzan, momentu gogorrenetan nire arnasbidea izan da, lagunak egiteko nire aukera bakarra izan da, eta gogor borrokatuz gero, ametsak lortu ahal direla erakutsi dit, beraz, orain, besteei nik jasotako esperientzia eta irakasbide hori erakutsi nahi diet”, eta hortaz, horretan dirau gaur egun Zornotzako Ukabilak taldean, umeei, emakumezkoei eta gizonezkoei jiu-jitsu eta autodefentsa erakutsiz.

Ukabilak taldearen lokaletik oso gertu dagoen Zornotzako udal euskaltegia ere bere bizitzako beste ardatzetako bat da, izan ere, bertan eman ditu astean lau egun ikasturte guztian zehar. “Ni beti izango naiz amerikarra Zornotzan eta Euskal Herrian, baina, nire jatorriko erroa galdu gabe, hemen hain gustura egonda, nire ardura eta betebeharra euskara ikastea da, migrantea naizen aldetik, bertako kulturan murgiltzea eta bertako hizkuntza ikastea ezinbestekoa iruditzen baitzait herriari nire aletxoa eskaintzeko”, eta egin ere, jada lehen azpimaila gainditu baitu, eta etorkizun batean, Ukabilak taldeko klaseak euskaraz eman ahal izatea ere amets bilakatuko du agian. Horren zain egongo gara Brent eta harro gainera! Segi ametsak betetzen, segi Zornotzako gazte eta helduei zeure esperientziaren berri ematen eta segi geure inguru paregabeez gozatzen!

Amaia Larruzea Motxobe

Artículo anteriorObras para la mejora de la Haurreskola de Larrea
Artículo siguienteLa SDA contará con un presupuesto de 6,4 millones de euros