BIZKARGI, IZAN ZIRELAKO GARA

Bizkargiko Santikurtzeak Zornotza eta inguruko herrietako ospakizun historikoa da. Maiatzaren 3an ohitura dago Bizkargira igotzeko. Maiatzaren 3a aste barruko eguna bada, hurrengo igandean izaten da aldarrikapen, jai eta ospakizun egun nagusia.

Aspaldi, Gorozika, Morga, Etxano, Larrabetzu eta Muxikako parrokietako eta zinegotziak elkartzen ziren, eta gainontzeko herritarrekin batera meza entzun ondoren erromeria handia egiten zen. Ermita Etxanoren jabetzakoa zenez, Etxanoko udalaren ordezkariak “txuzoa” edo aginte-makila lurrean sartzen zuen ermitaren ondoan erromeriari hasiera emateko.

Gerrako urteak

Ermita 1.937an, gerra zibilean, suntsituta geratu zen eta 1.943ko maiatzaren 16an berriro ere eraikita, inauguratu zen. Izan ere, maiatzaren 3an inaugurazio ekitaldia ez zen egin eguraldi txarragaitik.

Gerra zibilean hainbat borrokaldi izan ziren Bizkargin euskal gudarien eta faxisten artean, tontorra behin eta berriro irabazi eta galduz. Hildako eta zauritu ugari izan ziran alde bietan. Mendi hau balio taktiko handiko kokalekuan zegoen. Erresistentziako indarrek 3 hegazkin bota zituzten, egun askotan egunez galdu eta gauez berreskuratua izan zen ermita.

Ehunka miliziarrek eta gudarik parte hartu zuten borrokaldietan, batailoi desberdinetan antolatuta. Hona hemen izenak: Malatesta eta Celta anarkistak; Salsamendi, Cultura y Deportes, UHP, Larrañaga, Rosa Luxemburgo eta Largo Caballero komunistak; ANVko ANV-I eta Eusko Indarra; Azaña eta Capitan Casero, errepublikarrak; Carlos Marx eta Prieto sozialistak; Jagi-Jagiko Zergaitik Ez eta Lenago il; PNVko Amaiur, Mungia, Otxandiano, Rebelion de la Sal, Simon Bolivar, Avellaneda, Loyola eta Arana Gori.

Gerra ostea

Dena dela, gerra ondorengo hamarkadetan Santikurtzeak «normaltasunez” ospatu ziren, bertako meza eta erromeria famatu bilakatu zirela. Ospakizunaz gain, oroitzapen eta aldarrikapen eguna ere bazen, hildakoen senideek eta gudariek ere parte hartzen zutelarik. Baina frankismoaren azken urteetan, Guardia Zibilak hitzordu historiko hura zapuzteari ekin zion, besteak beste, erromerian txistua jotzea debekatuz, bideko kable elektrikoetan nahiz Bizkargi mendi tontorrean jarritako ikurrinak kendu. Arratsaldean Zornotzara jaisteko eta aldarrikapen eta festa giroarekin jarraitzeko ohitura zegoen.

1965eko urriaren 17an Lehenengo Gudari Eguna ospatu zan Bizkargin.

70eko hamarkadan, Zornotzako Udabarri Dantza Taldeak Bizkargiko Santikurtzeak bultzatu zuen, bertan euskal musika-tresnak eta dantzak zabalduz. Bost urtetan Zornotzan Euskal Jaialdiak antolatu ziren, parkeko frontoian, herrian giro euskaltzalea, abertzalea eta mendizalea lortuz.
DSCN0093 (Copiar)
Frankismo osteko garaia

Franco hil ondoko urteetan (1975etik aurrera) mendietako erromeriei makalaldia heldu zitzaien, eta Bizkargikoa ez zen salbuespena izan horretan. Jendea urritzen hasi zen azken urteetako debekuen eraginez eta meza ostean ezer gutxi zegoen.

1985-1988 urteetan, Zornotzako AEK-k eutsi zion erromeriari eta izugarrizko bultzada hartu zuen jaiak, Bizkargin eta Zornotzan ekintzak antolatuz.

1987an, Gernikako Borbardaketaren 50. urteurrena zela eta, eratu zen Batzordeak baimena eskatu zion Zornotzako AEKri Bizkargiko Santikurtzeetako programa antolatzeko. Ordukoak dira Bizkargin jarrita dauden eskultura (burdinezko zutabe gorriak) eta plaka (bertan hildakoen oroigarria).

1989. urtetik aurrera, Amnisitiaren Aldeko Mugimendua arduratu zen antolaketa lanaz eta arratsaldeko ekintzak Larrabetzun egiten dira ordutik hona.

2011. urteaz geroztik, berriz, Etxanoko Andra Mari Elkartea gehitu zen antolaketa lanetara, aintzinako ohitura berreskuratuz: Txuzoagaz erromeriari hasiera emanez.

Beraz, igandea egun sinboliko eta historikoa da zornotzarrontzat eta hurbileko herrikideentzat. Sarri esaten ohi da gure Gudari eta Aberri egun bateratua izaten dela, gudariak omentzeko eta Euskal Herriaren askatasuna aldarrikatzeko topalekua.
Tontorrean, egun guztian zehar trikitilariak, bertsolariak, txalapartariak, zanpantzarrak, musika, txosnak, ekitaldia eta erromeria izaten dira.

Bizkargiko Santikurtzeak aldaketa ugari izan ditu azken urteetan. Ez da erraza izan hainbeste urteetako usadio eta ohiturak mantentzea. Testuinguru bakoitzean erantzun eta ekimen egokia bilatzen saiatu izan da, eta trabak ere asko izan dira: debekuak, Guardia Zibila eta Ertzaintzaren neurrigabeko presentzia, kargak….

Bizkargi Gogoratuz Elkarteak tinko eutsiko dio ospakizunari, oroimen historikoa lantzeari, gudariak omentzeari, gure aurreko belaunaldien usadioak mantentzeari.

Erronka handia dugu, beti jai giroan burutzeko asmoarekin, etorkizuneko herri libre batean eta falta direnak gure artean egongo diren itxaropenarekin.

Aurten ere, maiatzaren 3an, denok Bizkargira eta Larrabetzura!


«BIZKARGI GOGORATUZ ELKARTEA»ren izenean
2015eko Apirila

Artículo anteriorZORNOTZAKO MASTER KAIOLA
Artículo siguientePARTIDAZO DEL ZORNOTZA SASKI