Ane Elordi Alburquerque zornotzarra, ‘Korrika’ren koordinatzaile eta antolatzaile berria

“Nik gustura ikusiko neuke Zornotzan, ‘KORRIKA’ igarotzen den egunean ikusten dan euskalgintza guztia, herriko egunerokotasunean ere batuta”

11. egun horretan zer gertatu ohi da? Behin ‘Korrika’ bukatutakoan, zer gertatzen ote da herrian? Konpromezua bai, baina jarraipena? Ematen al diogu jarraipena?

Ane Elordi Alburquerque zornotzarra, ‘Korrika’ren koordinatzaile eta antolatzaile berria da. Azkar esaten edota idazten diren hitzak dira, baina, funtsean, sekulako zer-esana dutenak; batez ere, hitz horiek atzean dakarten lanagatik, arduragatik eta konfiantzagatik. Emakume, neska, kazetari, irakasle eta zornotzar indartsua da, ordea, Ane. Erronkak gogoko ditu, eta ez da kasualitatez bertan. Azken urteotan lan dezente egin du ‘Korrika’ren hainbat esparrutan eta AEK barruan, eta konfiantza eta lan horren erantzule izan da izendapena.

Zelan heldu al da norbera, bat-batean, ‘Korrika’ko bozeramaile eta arduradun nagusi izatera?

Uztaila hasieran izan zuen honen berri Ane Elordik, AEK-ko asanblada orokorrak erabaki zuenean, baina azaro hasiera arte ez zen publiko egin, eta beraz, gertukoenek soilik entzuna zuten ametsa zen. “Asimilatzeko tartea ere behar izan dut, txipa guztiz aldatu egiten duzu, eta hainbat ekitalditan parte hartu behar duzu eta irudi publiko bilakatzen zara, eta ez pentsa, horrek bertigo puntu bat ere ematen du, baina aurrera!”, azaldu digu. Horixe, ametsak betetzeko daude, eta askotan, ausardia erakutsi eta atera behar da horiei aurre egiteko, eta horren faltarik ez du zornotzarrak.

Bulegoa Bilbon du Anek, baina AEK erakunde nazionala izatean, 3 administrazio, 7 probintzi eta bi estatura hedatzen da. Hortaz, “egoitza Bilbon dudan arren, atzo Donostin izan nintzen, datorren astean, Gasteizen eta Usurbilen izango naiz, eta baliteke, Baionara ere joan behar izatea”, adierazi du Elordik.

22. Korrika, azkena, alegia, prentsa taldean egin zuen zornotzarrak, komunikazioan ibili zen lanean, eta lan handia egin behar izan zuen arren, esperientzia ontzat jo du, seguruenik, inoizko jendetsuena izan baitzen. 21.edizioan, ordea, furgonetan aritu zen, 13 orduko txandak egiten. Beraz, bi ikuspuntu horiez baliatuta, eta eskualdeko lanetan ibilita, zertxobait baino gehiago ezagutzen du Anek ‘Korrika’, eta bere hitzetan, “horrek lasaitasuna ematen dit, gauza asko berriak dira, eta gaur egun, nire eskuetatik pasa beharko da kudeaketa guzti-guztia, eta ‘Korrika’ren inguruko kontu guztiak, baina ezagutu ezagutzen dut. Taldelana ere ezinbestekoa da eta taldearen babesa edukitzeak sekulako motibazioa eta indarra ematen du, betiere aurrera egiteko. Euskal Herria koordinatzeko, tokian tokiko kudeaketa eta babesa ezinbestekoak baitira.”, azaldu du Anek.

Eta orain, zer?

Asier Amondoren lekukoa hartu du zornotzarrak, berau izan baita azken lau edizioetako arduraduna. Informazio iturri gisa aritzen dira elkarlanean, hilabeteotan, lekukotza hori batetik bestera pasa ahal izateko, hala ere, “askatasuna ematen dit, nik nola egingo nukeen pentsatzeko eta ideia berriekin ausartzeko”, azaldu digu Anek.

Zornotzan hazi, hezi eta Karmengo Ama ikastetxean ikasi ondoren, kazetaritza ikasi zuen Anek unibertsitatean. Ondoren, Multimedia Komunikazioko masterra egin zuen eta pare bat hedabidetan aritu ondoren, AEKn euskaltegiko irakasle izateko aukera suertatu zitzaion ,“momentuko zerbait izango zela uste nuen, eta hala egin nion aurre, baina dagoeneko 8 urte daramatzat bertan”. ‘Korrika’ ospatzen ez den urteetan, lan biak uztartuko ditu, eta ‘Korrika’ ospatzen den urtean, soilik horretara mugatu eta arituko da. “Koloretsua da ‘Korrika’ eta horri bira bat ematen jarraitu behar zaio”, adierazi du irmo Elordik.  

Ekitaldi historikoa bere horretan

Nork ez du noizbait ‘Korrika’n parte hartu? Egunez, gauez, lagun artean, bakarrik, herritarrekin, beste herri batzuetan, umeekin, eskolakoekin, lanekoekin… milaka aukera, milaka bizipen eta milaka istorio, furgoneten eta herrien artean. 23. edizioa izango da hurrena, eta bertako antolakuntza eta kudeaketaren irudi nagusia eta ahotsa, elkarrizketa honetan hizpide dugun Ane Elordi izango da. Une honetan, ibilbidea definitzen, furgonetak lotzen, txandak zehazten, komunikabideekin hitzarmen ezberdinak lortzen, erakunde eragileekin aliantzak lotzen, eta 11 egun eta 10 gau horietan ikusten dugun guzti hori antolatzen dihardu. Kontuz, ordea, Aneren hitzetan, “ez ote da moda bilakatu Korrikan parte hartzea, eta, batez ere, ez dezagun ahaztu, bada, gure helburuetako bat euskara sustatzea dela”.

Zornotza, ‘Korrika’rekin eta euskerarekin bat

Iaz, furgoneta barruan egin zuen Ane Elordik ‘Korrika’k Zornotzatik egin zuen ibilbidea. Azken bietan, halaxe egin du. Gainera, mikrofonoa ere bere eskuetan izateko aukera izan zuen, eta berak dioenez, “norberaren herrian, beti da berezia”. Eskerrak emateko aprobetxatu behar delakoan da, jendearen parte-hartzea, ekarpenak, ahaleginak, … eta indar hori baliatu behar da egunerokotasunean aurrera jarraitzeko.

“Nik gustura ikusiko neuke Zornotzan, ‘Korrika’ igarotzen den egunean ikusten dan euskalgintza guztia, herriko egunerokotasunean ere batuta”, aitortu digu zornotzarrak. Bere hitzetan, zer gertatzen ote da 11. egunean, behin korrika bukatutakoan? Konpromezua harten da herrian, baina horri jarraipena eman behar zaio nolabait. Zenbakietan ikusita, azken erabilera datuak ez dira euskararen oso aldekoak, badago non ikasi, non aritu, baina zerbaitek huts egiten duela dio. Zer egin eta horri nola erantzun hausnartu beharko dugu. Komertzioa euskaldundu, tabernak euskaldundu, eta apustua egin. Aurrera, bada! Pausu bat aurrera eta has gaitezen ‘Korrika’ euskararen alde! 1. Egunean eta 11.ean ere bai, egunerokotasunean, lanean, familian, lagun artean, herrian eta Euskal Herrian. Zorterik onena opa dizugu abentura berri honetan, Ane. Egurre!

Amaia Larruzea Motxobe

Artículo anteriorEH Bildu propone un centro comunitario moderno y multiuso en Ixerbekoa
Artículo siguienteIker Trigo goi mailako txirrindularitza bidean