Iker Trigo goi mailako txirrindularitza bidean

“Gauzak ondo eginez gero, profesionaletara iristeko aukera asko ditut eta Italiako Giroan aritzearekin amesten dut”

Iker Trigo Hernandezek argi du: erregulartasuna eta diziplina uztartuz eta hauek eskutik helduta, ametsak egia bihurtzerik badago. Hauxe du bizitzako norabide, eta halaxe ari da txirrindularitzaren munduan bere bidea egiten… eta nola, gainera!

Pertsona langilea omen da Iker eta horixe du bidelagun bere erronkak aurrera eramatean, bere izaerak ahalbidetzen edota errazten dio bidea, baina horrekin batera esfortzua ere ezinbesteko du. Bizitzan zehar, kirol asko praktikatu ditu Ikerrek, baina bizikletan igo eta gustura sentitzen hasi zenetik hona, bertatik jaitsi gabe dabil. Ez pentsa, hala ere, horretatik eta horretarako soilik bizi denik, ‘CAFyD’ delakoa edota Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua ikasten ari baita Deustuko Unibertsitatean.

Zeinen motibagarria eta pozgarria den, sasoian eta gustura sentitzen zarenean…

“Momentu on batean nagoela esango nuke, unibertsitateko azken urtean nabil, eta laster, ikasketak bukatuko ditut, beraz, nahi dudana egiteko denbora gehiago izango dut”, azaldu digu zornotzarrak. Hori bai, argi du Ikerrek, “ikasketak aurrena dira, eta txirrindularitza gerora dator, horrela, etorkizunean zerbait behar izanez gero, ikasketak izango ditut, edozertan aritu ahal izateko”.

Txirrindularitzaren alorrean, Laboral Kutxak fitxatu du zornotzarra, Euskaltelen filialak, eta gauzak ondo eginez gero, profesionaletara iristeko aukera asko izango omen ditu. Pozarren da Iker Trigo, ez da ba baieztapen makala, profesional izatera iristea, non eta txirrindularitzan, sekulako lehia eta afizioa dagoen kirol batean. Motibatuta eta gauza guztiekin aurrera egiteko gogoz da Iker.

Iaz, inoizko emaitzarik onenak lortu zituen, besteak beste, Eibarko Valenciaga lasterketa ezagunean 4. egin zuen eta lehen euskalduna izan zen. “Oso gustura sentitu nintzen karrera guztian zehar. Momentu on batean nengoela jakin banekien eta estutzeko tartea ere izan nuen, bi aste lehenago, 6. egin bainuen Gorlan, beste lasterketa garrantzitsu batean. Txirrindularitzan, ordea, oso zaila da babesleak izatea, taldeek bai badituzte, baina nik, momentuz, ez.

Entrenamendu garaia… nola planifikatu denboraldi arrakastatsu bat?

Taldeak entrenatzailea eskaini dion arren, Ikerrek argi du eta bere entrenatzailearekin jarraitzeko erabakia hartu du, bere hitzetan, pertsona oso garrantzitsua da berarentzat eta konfiantza guztia du berarengan. Duela urtebetetik egin duen berrikuntzetako bat, berriz, nutrizionista bat hartzearena izan da, eta erabaki aproposa izan dela dio, errendimendu aldetik hobe aritzen lagundu baitio.

Behin, urteko egutegia pasatakoan eta taldearekin erabakitakoan, entrenatzaileak urtean zehar izan beharreko sasoi formak kudeatzen ditu, eta horren arabera, entrenamenduak eta atsedenak antolatzen dituzte. Hori bai, Ikerrentzat garrantzitsuena, gauza guztien gainetik, erregulartasuna mantentzea da. Halaxe dio berak: “Pare bat lasterketetan sekulako maila eman, eta besteetan ezer ez egitea, horixe da nahi ez dudana. Niretzat garrantzitsuena erregulartasuna mantentzea da urte osoan zehar, maila altua eskaintzea beti, eta txirrindulari gisa, erregularra izatea”. Hauxe al da agian bere diziplinaren ondorioa eta bere arrakastaren gakoa?

Proba askotan lehiatu zen Iker, iaz, eta erregulartasun hori mantentzea lortu zuen une oro, eta bere ametsa edota helburua lortzetik oso gertu egon den arren, besteak beste, bizikletarekin arazo batzuk tarteko, ezin izan du oraindik ere lortu. Pozik agertu da, hala ere, egindakoarekin, eta motibazioa bete-betean duela aitortu digu. Horren arrazoi nagusia, Laboral Kutxak fitxatu izanagatik dator eta bere buruan argi eta garbi du: bide beretik jarraituz gero, eta gauzak ondo eginez gero, bere ametsa betetzetik oso hurbil dago.

Unibertsitateko ikasketekin uztartzeko, aurreko gauean pisatzen ditu Ikerrek hurrengo egunean jan beharrekoak. Klaseko egunetan, bazkaldu ondoren entrenatu ohi du, eta klaserik ez duen egunetan, ahal bada, goizean, gosaldu ondoren. Noizbehinka, lagunen batekin edota tropelan entrenatzen duen arren, gehienetan, bakarrik aritzen da, eta orokorrean, nahiago du horrela aritzea, burua entrenatzeko ere laguntzen baitio horrek.

Nola bizi du Zornotzak txirrindularitzaren mundua?

Geure herrian, Zornotzan, afizio asko dagoela esango luke Ikerrek, “asteburuetan, grupeta asko elkartzen dira Urgozo inguruan eta jendea badabil. Eta, nahiz eta batzuek, bizikletan lehiatzeko aukerarik izan ez duten, nire aitaren antzera, lasterketak ikustea eta jarraitzea gogoko du, eta bera bezala, askok”.

Bestalde, ordea, hausnarketarako tartea ere egin nahi izan du, eta dioenez, oinarria eta harrobia gehiago landu beharko litzatekeela uste du Iker Trigo zornotzarrak, “promozio gehiago egin beharko litzateke kadete maila, jubeniletan eta 23 azpikoan. Afizioa egon badago eta Frantziako Tourreko etapa eta EHko Itzulikoa hemendik pasatzeak ere ekarriko du. Azken finean, Euskal Herrian afizio handia dago, eta Zornotza ere ez da atzean gelditzen”.

Kirolari baten sekretu eta gako nagusiak

“Entrenatzen zoazenean, nahiz eta kontzentraturik egon, pentsatzeko tarte handia ere badago, eta nola ez, amets ere egiten duzu, gauzak irudikatzen dituzu, eta horrek motibazioa pizten du, hala ere, niretzako diziplina da garrantzitsuena. Halaxe da, egunero ez duzu entrenatzeko gogorik izaten, hotza pasatzeko, beroa pasatzeko, edota dana dalakoa… baina diziplinak bultzatzen zaitu entrenatzera, zaintzera eta aurrera egitera.

Aitortza berezia egin du, gainera, Ikerrek, gurpil gainean, haizearen aurka doan egun horietako batean, bere burua suspertu eta pedalkadaz pedalkada abenturak eta erronkak sortzen dihoan heinean: “Profesionaletara iristearekin eta Italiako Giroa korritzearekin amesten dut”. Eta zornotzarrak bertan izango gara tropelean zurekin batera, kilometroz kilometro aurrera egiten eta haizea aurrez izanda ere, ametsak betetzen jarraitzen. Ez da gutxi eta. Aurrera, mutil!

Amaia Larruzea Motxobe

Artículo anteriorAne Elordi Alburquerque zornotzarra, ‘Korrika’ren koordinatzaile eta antolatzaile berria
Artículo siguientePaneles solares fotovoltaicos en las escuelas de Larrea, preescolar y el polideportivo Larrea.