“Aita Mari itsas-salbamenduko boluntarioen furgoneta 101 kartoizko kaxekin bete genuen eta oso harrituta eta eskertuta agertu ziren”

Elkartasuna: hitz potoloa, bezain zabala eta betea. Hitz hau aipatzean, gehienok besoak zabalik dagoen norbait irudika dezakegu geure irudimenean, edota laguntzeak dakarren alde baten eta bestearen poztasuna eta esker ona. Zalantzarik gabe, munduaren erdia zorteduna izateko, beste erdiak gabezia gehiago ditu. Hori horrela da, eta askotan, berriz ere errepika eta kontzientziatu behar dugu. Horretarako, hedabideek sekulako ardura dute, eta batzuetan, beraien zabalpen horri esker, artikulu honetan hizpide dugun moduko ekimen ederrak sortzen dira.

EiTBn kasualitatez ikusi eta… Zornotzan, bertan, elkartasun itzela sustatu!

Asier Santxezek Aita Mari itsasontzian egindako lanari esker, erreportaje sakonak eta zabalak argitaratu ditu Euskal Irrati Telebistan, eta halako batean, Zornotzako Karmengo Ama ikastetxeko berrikuntza batzordeak, euskal asteko testuinguruaren baitan, bilketa kanpaina eta hitzaldia jarri zituzten martxan.

Kazetariarekin berarekin harremanetan jarri eta aurreikuspen guztiak gainditu. Joan gaitezen hasierara, zornotzarrak… zer da Aita Mari? Ezagutzen al dugu? Zertan datza?

2017an, Mediterraneo Erdialdeko egoera gogorra ikusita, erakundeei eta boluntario askori esker, Aita Mari izeneko itsas salbamendu proiektua martxan jarri zuten. Hasiera batean, hegaluzeak hartzeko erabili ohi zen itsasontzi bat, eraberritu eta Mediterraneoko uretatik beharra zuen jendea erreskatatzeko erabili zuten. Migrazio krisiaren aurrean, laguntza eskaini. Horixe helburua, eta horixe egun ere, bere lanaren zati handi bat, nahiz eta laguntza hori dezente zabaldu den, hainbat zerbitzu eta elkartasun anitza eskainiz.

Egungo egoeraz kontzientziatzeko ardura geure gain hartuz

Egoerak gogorra izaten jarraitzen du, nahiz eta honen inguruan, gehiago edo gutxiago entzun; arazoak hor jarraitzen du. Kazetari batek lehen pertsonan errealitate horren berri izatea eta ikusleei eta entzuleei hori helaraztea, zalantzarik gabe, oso lagungarria da, benetako sentsibilizazio kanpaina bat abian jartzeko. Horixe egin dute Karmengo Ama ikastetxean irakasleek euren ikasleekin batera ere; alegia, eskoletan, erreportajeak eta bideoak ikusi dituzte, eta horrekin batera, tutoretza saio batzuk egin dituzte, errefuxiatuen egoeraren berri emateko.

Behin kontzientzia hartuta, lanean jartzeko garaia iritsi zitzaien eta sekulako bilketa kanpaina jarri zuten martxan. Andoni Barañano irakasleak azaldu digunez, “Iaz, ‘Zaporeak’ elkartearekin egin genuen elkarlana eta janari bilketak arrakasta izan zuen, eta hitzaldian ere, Greziako lesbos herrian egiten duten lana ezagutzeko balio izan zigun, beraz, aurtengoan, beste ekimen batekin elkarlanean aritzeko gogoa genuen, eta Aita Mari aukeratu genuen. Hori bai, argi genuena zera zen: ez genuela nahi soilik euskararen asteko hitzaldi bat antolatzea, baizik eta elkarlan betea egitea. Beraz, garbitasun materialen eta arropa bilketa martxan jarri genuen, eta herritarrek sekulako harrera eta elkartasuna erakutsi zuten!

Euskara sustatu eta sentsibilizazioa zornotzarron barnean errotu

Helburuak bidelagun hartuta, bai gurasoek, bai ikasleek sekulako parte-hartzearekin babestu zuten ekimena. Garbitasun-produktuetarako, ordea, laguntza gehiago behar zuten eta herriko farmazietara zabaldu zuten deialdia, eta hauetako askok ere, elkartasun zabala erakutsi zuten, hainbat produktu eskainiz. Barañanoren hitzetan, “aurreikuspenak guztiz bete ziren, eta azkenean, kartoizko 100 eta piku kaxa bete genituen, eta Aita Mariko boluntarioen furgoneta guztiz bete ahal izan genuen, ederra poza!! Eurak ere, oso harrituta eta oso eskertuta agertu ziren”.

Karmengo Amako ikasleengan egungo eta inguruko errealitateaz kontzientziatu eta sentsibilizazioa errotu, bertan izandako kazetari batek sentsibilizazio hori euskaraz egitea eta euskararen astea elkartasunarekin lotzea. Horiexek nahiak eta desirak. Ikasleengan hazi solidario hori ereitea egia bilakatu da dagoeneko. Hezkuntzaren parte, baloreak lantzea ere izanik, hitzaldian, Aita Mari itsas-salbamenduko kapitainarekin zuzeneko konexioa egin zuten, eta itsasontzia nolakoa den, zein atal dituen eta bertan zelan lan egiten duten azaldu zien, zuzenean. Horixe oparia, eta horixe errealitatea bertatik bertara ikusteko aukera ederra. Jarrai dezagun, Zornotza, elkartasunean, haziak ereiten!

Artículo anterior“Ezinbestekoa da zaletuen laguntza Urritxen”
Artículo siguienteJulen Jon brilla en el Amorebieta