IÑAKI MENDIZABAL ELORDI: “Iraultzailea da argazkilaritza, erresistentzia modu intimo bat, euskaraz egitea legez“

Kazetaria ofizioz, argazkilaria afizioz. Boxeo munduan murgilduta dago eta argazki iradokiorrak ateratzen saiatzen da. Berriatuarra jaiotzez, lau urte daramatza Zornotzan bizitzen. “Bilbon bizi izan naz, baina Zornotzara etorri nintzen bertan lagunak nituelako, Inun abeslaria eta bere inguruko jendea, batez be. Zornotza herri txikia izan arren, hiri bateko zerbitzuak ditu eta Bilbotik oso gertu dago. Oso gustura nago hemen”, dino Iñaki Mendizabalek.
26 urte daroaz lanean, han eta hemen, irratietan eta prentsan. Elea argitaletxea be sortu eban -Alex Oviedorekin batera- eta bost urtez liburuak argitaratzen ibili zan; irakaslea be izan da eta, uztailetik, Euskaltzaindiko komunikazino arduraduna da. Berak holan aurkezten dau bere burua: “Ezkor aktiboa naz, ipur-zirin bat. Askotan, dana ondo dagoela pentsatzen dabenak badu arrisku bat: dagoenarekin pozik dagoenez, gauzak aldatzeko ezer ez egiteko tentazioa euki leike. Nik ez daukat arrisku hori (kar, kar)”.
Euskal boxeoaren gorakada be hurbiletik ezagutu dau kazetariak. “Duela 13 urte hasi nintzen boxeoa egiten, Bilboko MampoGim gimnasioan, eta hamabost lagun geunden orduan. Orain, ehundik gora gara gimnasio berdinean, eta beste lauzpabost zabaldu dira Bilbon eta bere inguruetan. Gaur egun, izugarrizko boxeolariak doguz gurean: Jonfer -Munduko Junior Txapelduna-; Kerman Lejarraga eta Natxo Mendoza Mundu mailako txapeldunak; Andoni Gago -Espainiako Txapelduna-; Ibon Larrinaga, Jabitxin Díaz…”, dino zaletuak.
4.2 (Copiar)
Euskal boxeoaren gorakada ulertzeko, bi gauza hartu behar omen dira kontuan, Mendizabalen iritziz: “Batetik, boxeolari barrien abantea, beraien kabuz atara baitira, ez baitago kirol hau bultzatzen daben politikarik. Euren esfortzuarekin egin dabe dana, mirari bat izan da. Bestetik, orain dala bospasei urte, sare sozialetan euskal boxeoaren presentzia indartzeko ahalegin berezia egin zan, ordutik etenik izan ez daben ahalegin tinko eta emankorra. Gauza bi horreen eskutik etorri da, nire ustez, oin bizi dogun euskal boxeoaren gorakada”. Berak dinoenez, La Casillan, Miribillako Bizkaia frontoian edo BEC-en egiten diren jaialdiak “jendez gainezka” egoten dira.
Argazkiak zuri-baltzez ataratzen ditu kazetari bizkaitarrak, izan be “argazki batek zuri-baltzez bere indarra mantentzen badu, ona dan seinale”. “Kolorea apaingarri hutsa izaten da batzuetan -azpimarratzen dau-, engainagarri bat, eta gero, boxeoari zuri-baltzak ondo emoten deutsala esango neuke“.
Argazkilaritzak ‘kutsatuta’ bizi dala dino Mendizabalek: “Gauza asko emon deustaz diziplina honek. Batetik, neure burua hobeto ezagutzeko aukera; bestetik, neure ingurua hobeto ezagutzeko aukera. Argazkilaritzak eskatzen dau ondo begiratzea, pausatzea, eskatzen dau isiltasuna, eskatzen dau hausnartzea… Hori dana iraultzailea da gaur egun, zalaparta eta abiadura nagusitzen diren XXI. mende honetan. Horregatik, iraultzailea da argazkilaritza, erresistentzia modu intimo bat, euskaraz egitea legez“.
5 (Copiar)
Eta boxeoa? “Nia-ren ezagutzarako bi bide diferente dira argazkilaritza eta boxeoa. Egiten doguna garen neurrian, ondo erretratatuta ataratzen zara, bai batean bai bestean (kar, kar)”. Kazetariak agertzen dau bere argazkietan boxeoa bestelako gauza batzuk kontatzeko baliatzen dabela: “Nire argazkiak ez dira inposaketa bat, gauza konkretu bat esateko ataratako irudiak. Gaur egun, badirudi esatea dala garrantzitsua: eslogan batek, esaldi batek, irudi jakin eta definitu batek, aurreiritzi batek… horrek asetzen gaitu eta kitto, ez deutsogu kontuari buelta gehiagorik ematen. Nik gurago dot zeozer sujeritu, edo harridura probokatu, edo galderaren bat… Eta boxeoan badago sufrimendua, diziplina, egonezinak, adiskidetasuna, bakardadea, poz infinitoa, umiliazino gupidagabea… Hori dana agertu nahi neuke argazkietan. Muturrekoa da boxeoa, eta bizitzaren antz handia dauka”.

Artículo anteriorHILERO ZORNOTZAN ENERO 2017 (((25 URTE)))
Artículo siguienteEl proyecto educativo de Karmengo Ama pone las bases para el desarrollo integral de los niños y niñas de 0 a 2 años