HAIZEA ALDANA; Erronka hirukoitza, emakumearen begietan

Bada Zornotzan, kirola egiteko grina. Hainbat kirolari ditugu herrian, batzuk beste batzuk baino ezagunagoak, baina denak ilusioz eta gogoz beteak. Norberak soilik baitaki egutegian letra larriz ezarrita dituen helburu horiek lortzeko sakrifikatu eta borrokatu behar izan duena. “Lanetik heldu, nekatuta, sofan jesartzeko gogoak alde batera utzi, eta entrenatzera atera. Ez da batere erraza, gogorra egiten zait. Baina menpekotasun moduko bat sorrarazten du; izan ere, erronka bat gainditzean lortzen duzun satisfaziorik handiena bertara heltzeko bide guzti horretan gainditutako oztopo eta gozatutako entrenamendu guzti horiek baitira”, azaldu digu gure gaurko protagonistak.
Bera Haizea Aldana Zengotitabengoa da, 31 urteko herriko alaba; irakaslea ofizioz, eta kirolaria afizioz. Neska antolatua oso. Bere lagunen lagun handia, familiarra, ipurtarina, eta bere burua proban jartzea gustatzen zaiona. Bai, behintzat, 2016. urte honetan. Inoizko helbururik gogorrenei egin beharko baitie aurre. Hiru dira hauek: Euskal Herria Mendi Erronka (67 km eta 3.700 m +), Goierriko Bi Haundiak (88 km 6.000 m +) eta Hiru Haundiak (100 km eta 5000 m+).
Haizea Aldana, Atxarten (10) (Copiar)
Idazte edota irakurtze hutsak bertigoa eragin dezake; gainera, jakinda oraindik ere ez direla emakume asko halakoak egitera animatzen direnak. Baina, badu honek, ziur, istorio bat atzean. Nola heldu da Haizea Aldana holako egutegia ezartzera?
“Hiru Haundiak-en pikearekin hasi zen dena. Horrelako zerbait egitea eduki dut beti buruan, lasterketetako giroa gustatzen zitzaidalako, eta ni ere horren parte izan gura nuelako”, adierazi du zornotzarrak. Tamalez, bere ingurukoek ez dute zorterik izan zozketan eta berari bakarrik tokatu zaio. Berak, ordea, aurrera egingo du bere bidean eta proba honek duen sen historikoa du motibazio. Hala ere, honen gabeziak bultzatuta, Beasaingo Ehunmilak probaren anai txikia den Goierriko Bi Handiak egitera ere animatu da. Eta, azkenik, ekainaren 4ean Leitzan egingo den EH Mendi Erronkan ere parte hartzea erabaki du “Zornotza Mendi Taldekoek talde moduan lehiatu nahi, eta gutxienez, neska batek hartu behar duelako parte”, azaldu du Aldanak. Herriagatik zerbait egin badezake, bere indar eta gogo guztia jartzeko prest baitago. Hortaz, Mendi Taldeko presidente den Igor Lopezek telefonoz hots egin zionean, eta batere argi ez zuen arren, baietza eman zuen. “Aurton buruz behera botatzera noanez, behin botata, barruraino sartzea erabaki dut [barrez]”, adierazi du Aldanak.
Haizea Aldana, Atxarten (13) (Copiar)
Geldirik egoten ez dakien emakumea dugu zornotzarra, eta horrela lortu ditu orain artekoak ere. Igerilaria izan da betidanik –gutxienez, 100 luze egiten ditu entrenamendu bakoitzean-, eta badaramatza poltsikoan gordeak ibilbide horretan egindako balentriak; horien artean, Bilbo-Santurtzi eta Bermeo-Izaro. Baina bere hitzetan, kirol guztiak arras desberdinak dira eta batean dituzun gaitasunak, ez dira gainontzekoetan gehiegi islatzen. Horrexegatik, nola prestatzen ote ditu Haizea Aldanak iraupen luzeko mendiko lasterketa hauek?
“Duela bi urte hasi nintzen korrika egiten, orduko arazoetatik aldentzeko inpaktu handiagoko kirol baten beharra sentitzen nuelako. Mendian, ordea, aurton hasi naiz serioan. Ordura arte, pare bat ibilaldi soilik egiten bainituen urtean”, azaldu du Aldanak. Arestian aipatu bezala, behin hasita, seigarren martxa sartu du zornotzarrak, aurton hamar 3000 (m)-ko egin baititu. Bai, bai, hamar, ondo irakurri duzue. Batzuk bata bestearen aldamenean egon direnak. Has gaitezen, beraz, orain arte hanka artean daraman prestakuntzarekin: La Palmako 130 eta 131 GR-ak egiten eman zituen Gabonak, ondoren, belaunetik lesionaturik egon ostean, Billabonako iraupen luzeko martxa egin zuen eta Pirinio Katalanera joan zen (Pedraforca, etab). Ostera, asteburuetan Hueska aldeko Pirinioetara joatea gustatzen omen zaio. Ereñoko mendi lasterketa ere egin du. Bitartean, bere entrenatzaileak jartzen dizkion entrenamenduak jarraitzen ditu.
Hitz gutxitan, “nire helburua bukatzea da, eta ez X ordu egitea. Bizi nahi dudan esperientzia bat da, eta nik, behintzat, argi daukat entrenatu barik ez noala; baina lehiarik handiena buruarekin izango dugu, eta horrek nire beldur guztiak gainditzeko lagunduko didalakoan nago”, azaldu du Aldanak. Horrelako probak loteria hutsa dira, inork ere ez daki zer gertatuko ote zaion kilometro guzti horietan, baina eduki ezazue argi, zornotzarrok, naturaren edertasunak liluratzen duen neskato honek, bere eskuetan duen guztia emango duela bizitzan aurretik ezarritako erronka guztiak bezala, hiru hauek ere aise

Artículo anteriorFOTOS DE LOS PINTXOS JAN ALAI 2016
Artículo siguienteKEMEKOMO? Street food