Erdu Pilotan taldea pixkanaka hazten ari da, bigarren denboraldi honetan pilotari kopurua handitu delarik.

_MG_0653 (Copiar)

2016. urtean jaio zen talde honetan, Euskal Pilotako hainbat modalitate uztartzen dira. Zornotzako Euskal Pilotako emakumeen taldea izateaz gain, eskolarteko txikien txapelketak eta mutilen pilota afizionatua ere aurrera eramaten ditugu. Aurtengo berritasun bezala, mutilen pala taldea ere Erdu Pilotan taldera batu da, Betiko Jokalariak pala taldea desagertu ostean.

Amorebieta IV, Andramari eta Eubako pilotalekuetan entrenatzen dugu. Maila eta modalitate guztietako partiduak ostiralero jokatzen ditugu Zelaietako Amorebieta IV pilotalekuan; partidu kopuruaren arabera, 17:30ak inguruan hasita. Guztiok partiduez gozatzera gonbidatuta zaudete!!

Taldea martxan jarri zen momentutik, taldekideek eta herritarrek pilotaz gozatzea izan dugu helburu. Horren adibide dira antolatzen ditugun ekintzak: Pilotagoxo txapelketa irailean zehar, mutilen pala txapelketa eta nesken pala eta pilota txapelketak ekaina eta uztailean zehar. Txapelketa guztiak maila ezberdinetako herritarrentzat zuzenduta daude. Bestalde, urte osoan zehar, herritarrek astean behin pilotan entrenatzeko aukera ematen dugu, pasadan denboraldian ikastolako pilotalekuan egin bezala.

Taldekide gehiagoren bila gabiltza, txikienetatik hasita nagusienetararte. Neska zein mutil, eskupilotan zein palan egiteko aukera ematen dizu Erdu Pilotan taldeak. Nesken pala eta eskupilota taldeek gora egin dute aurten eta gora egiten jarraitzea da helburua. Azkenaldian, nesken eskupilota txapelketak izaten ari diren indarra ikusiz, Zornotzako parte hartzea handitzea gustatuko litzaiguke. Bestalde, helburutzat ditugu eskolarteko txapelketetan umeek gustora jokatzea eta ikastea, baita federatuen mailako pilota eta pala txapelketetan bikote sendoak osatu eta disfrutatzea ere.

Beraz, animatu eta zatoz entrenatzera! Informatu 685789365 telefonoan edo erdupilotan@gmail.comera idatziz. Asteburuetako partiduen karteldegia eta antolatzen ditugun txapelketen informazio gehigarria facebook.com/erdupilotan edo erdupilotan.wordpress.com webgunean aurkituko duzue.

Pilotalekuan elkartuko gara!

Argazkia: Eneko Larruzea

www.amorebieta.com – Hilero Zornotzan © 2017

Ir arriba.