Zornotzarrek zabalik dute euskaltegietako eta barnetegiko matrikulazio kanpaina

•  Udal Euskaltegian, AEK Euskaltegian eta Zornotzako Barnetegian eman dezakete izena.•  Amaia Aurrekoetxea Euskara Zinegotziak azaldu du Udalak egunero diharduela euskararen alde lanean, eta gogoratu du ikastaroetarako diru-laguntzak eskuratu daitezkeela.

Amorebieta-Etxanoko herritarrek zabalik dute 2021-2022 ikasturtean euskara ikasteko matrikulazio kanpaina. Udalak 2015-2016 ikasturtean hasitako bideari jarraipena eman, eta agerraldia egin du gaur euskararen irakaskuntzan diharduten erakunde guztien laguntzarekin. Amaia Aurrekoetxea Irigoras Euskara Zinegotziak aurkezpenean azaldu duen moduan, Amorebieta-Etxanoko Udalak egunero dihardu lanean euskararen erabilera eta ikaskuntza sustatzeko: «euskararekiko dugun konpromisoari erantzunez, matrikulazio kanpainaren berri emateko elkartu gara hemen». 

Ikasturte berrian euskara ikasteko helburuarekin, hobetzekoarekin edo tituluren bat ateratzeko asmoarekin diren zornotzarrek, beraz,  aukera zabala dute herrian bertan: Udal Euskaltegia, AEK Euskaltegia eta Zornotzako Barnetegia dituzte. Prentsaurrekoan, Aurrekoetxeak goraipatu egin nahi izan du erakunde hauek guztiak Covid-19aren ondorioz euskara irakasten jarraitzeko egiten ari diren saiakera berezia: «euskararen irakaskuntzan ari diren guztien lana jarri nahi dut balioan, eta eskerrak eman nahi dizkiet, bereziki, ez ohikoa den egoera honetan ikasleei erantzuteko egin behar izan duten ahaleginagatik, eta hemendik aurrera egin beharko dutenagatik». 

Behar guztietara egokitutako ikastaroak, Udal Euskaltegian

Udal Euskaltegiak ikasturte berrirako duen eskaintza Begoña Begiristain Basterretxeak azaldu du, urritik Zornotzako Udal Euskaltegiko Zinegotzi izango denak. Begiristainek adierazi duen moduan, Udal Euskaltegiak behar guztietara egokitutako eskaintza zabala prestatu du ikasturte berrirako: «batetik ohiko taldeak edo talde arruntak ditugu: astean sei orduko ikastaroak dira, astelehenetik ostegunera izaten dira, eta eguneko saioa ordu eta erdikoa izaten da». Ikastaro bereziak ere eskaintzen dituztela azaldu du Begiristainek, nagusi, guraso, ostalari etab. zuzendutakoak. AISA taldeen berri ere eman du, etorkinentzako zuzendutako ikastaroak dira hauek. Horiez gain, udan ere euskara ikasteko aukera eskaintzen dutela azaldu du: «ikastaro trinkoak izaten dira, hilabetekoak». Covid-19a dela eta plaza mugatuak izan daitezkeela ere gogoratu du Begiristaineak «oraindik ebazpenik ez badago ere, gerta daiteke plaza mugatuak eskaini behar izatea. Hala ere, prest gaude aurre egiteko».

UDAL EUSKALTEGIAN IZEN EMATEA:

Irailaren 1etik 21a arte

Irailaren 22an ikasle berrientzako sarrera probak

94 673 20 26

euskaltegia@amorebieta.eus

Ikastaroak aurrez aurre eta online, AEK Euskaltegian

Zornotzako AEKko eskaintzaren berri Igor Landaluze Unzaluk eman du, Zornotzako AEKko arduradunak. Landaluzek AEKn dituzten sei aukerak azaldu ditu, titulua ateratzeko ikastaroetatik hasita: «batetik euskara ikastaroak ditugu, A1 mailatik hasi eta C1 maila bitartekoak. Ikastaro hauek urritik ekainera izaten dira, eta ditugun aukeren artean, ikasleak berak aukeratu dezake maiztasuna eta ordutegia». Mintzamen ikastaroaren berri ere eman du Landaluzek: «ikastaro honek helburu du euskaraz hobeto eta erosoago hitz egiten ikastea. Astean behin izaten da, ostegunean edo ostiralean, eta urritik ekainera». Autoikaskuntza nahi duenak, AEKn honetarako aukera ere badutela gogorarazi du Landaluzek: «euskara etxetik ikasteko metodoa da. Programazio pertsonalizatua egiten dugu eta ikasleek tutoretza izaten dute bi astean behin euskaltegian bertan. Horrez gain, euskaraz hitz egiteko saioak izaten dira astean behin». AEKk online ikasteko duen aukeraz ere aritu da: «euskara online ikasteko metodo bat dugu, jarraipen pertsonalizatuarekin, tutoretzekin eta mintza-saioekin». Euskararen maila gorenera iritsi nahi dutenek C2 titulua ateratzeko aukera ere badute AEKn: «ikastaro honetan, astean, bi eskola egun izaten dira eta ondoren tutoretzak; eta etxeko lanak ere izaten dituzte ikasleek». Azkenik, udan ere euskara ikasteko aukera badutela gogorarazi zuen Landaluzek: «ikastaro trinkoak eskaintzen ditugu ekainean eta uztailean».

AEK EUSKALTEGIAN IZEN EMATEA:

Matrikulazioa zabalik irailaren 28ra arte

94 673 43 70

zornotza@aek.eus

Maila guztiak aukeran, Zornotzako Barnetegian

Covid-19ak ikasturte honetan ere eragina izango duela azalduz hasi du Zornotzako Barnetegiko ikastaroen azalpena Marivi Zubiaga Gallastegik, zuzendariak: «aurten, oraindik ere, aurreko ikastaroan egindako egokitzapenak eta murrizketak mantendu beharko ditugu». Eskaintzari helduz, aurrez aurreko betiko ikastaroekin hasi da Zubiaga: «hilabeteko iraupenarekin, neguan astelehenetik ostiralera izango dira saioak, egunean 6 orduz, goiz eta arratsalde. Udan berriz, 12 egunekoak izaten dira, egunero, astelehenetik igandera, 8 orduz, goiz eta arratsalde». Online ikastaroak ere izango dituztela azaldu du: «A1etik C2 maila bitartera. Ikasturte osoan zehar egin daitezke, edo hiru hilabeteko epeetan banatuta. Ikasleak edukiak moodle plataforman izaten ditu, eta bere kontura, astean, gutxienez 5 orduz aritu behar du euskara ikasten. Horrez gain, ordubeteko mintza saioa izango du astean behin; eta hamabostean behin tutoretzak». Aurrez aurreko ikastaro telematikoei dagokienean, Zubiagak azaldu du, adostutako ordutegian, ikasleek jitsi meeteko gela birtualean konektatu behar dutela: «modu birtualean, baina gela batean egoten gara guztiok. Irakasleak gidatzen du klasea eta edukiak moodle plataforman izaten dituzte». Enpresa eta eskoletan ere klaseak ematen jarraituko dutela azaldu du zuzendariak, eta beste hainbat proiektu azaldu ditu bukaeran: «Etxeparekoekin jarraituko dugu elkarlanean. Urtarrilean Hego Hemisferioko 5 ikasle izango ditugu eta udan Ipar Hemisferioko 23. Bestalde, Maputxea irakasteko materialak sortzen jarraituko dugu Garabideekoekin dugun elkarlanaren baitan. Amets Arzallusen Miña liburuko 11 kapitulu hartu eta B1 mailarako ikasmaterialak prestatzeko proiektua ere, eskuartean dugu».

ZORNOTZAKO BARNETEGIAN IZEN EMATEA:

94 630 83 04

info@zornotzakobarnetegia.eus

Euskara ikasteko dirulaguntzak emango ditu Amorebieta-Etxanoko Udalak

Agerraldiaren amaieran Amaia Aurrekoetxeak hartu du hitza, azaltzeko, aurten ere euskara ikasteko diru-laguntzak izango direla: «udalerrian erroldatuta dauden euskara ikasleentzako diru-laguntzak emango ditu aurten ere Amorebieta- Etxanoko Udalak. Eskaerak ikasturtea bukatutakoan aurkeztu ahal izango dira».

Horrez gain, Aurrekoetxeak gogoratu du, Euskara Zerbitzuak antolatzen duen Berbaldiak programa, euskaraz berba egitea helburu duena, urrian jarriko dela martxan.

Artículo anteriorAmorebieta-Etxanoko Udalak diru-laguntzak emango ditu eskola materiala erosteko
Artículo siguienteEl Centro Zelaieta abre la matriculación de los cursos