Memoriaren Plaza erakusketa Amorebieta-Etxanon egongo da ikusgai irailaren 24tik 30era

Andoni Agirrebeitia Amorebieta-Etxanoko alkateak eta Aintzane Ezenarro Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren, Gogoraren, zuzendariak Memoriaren Plaza erakusketaren ekimena aurkeztu dute.
Aurkezpenean, alkateak adierazi du “aukera paregabea da Euskadin gertatu denaren inguruko testigantzak batzeko eta memoria anitza sortzeko, horretan parte-hartu nahi dugu Amorebieta-Etxanotik ere”.
Aintzane Ezenarrok erakusketa bera aurkeztu du, 2016az geroztik memoriaren inguruan herritarrek parte hartzeko proiektua dela eta dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoko 18 herri nagusienetan egon dela gogoraraziz, hiriburuak barne. Helburua, Euskadin azken urteotan gertatutakoei buruzko lekukotzak biltzea eta azaltzea da, memoria plural eta partekatua eraikitzeko asmoz.
Erakusketa zabalik egongo da irailaren 24a eta 30 bitartean Herriko Plazan bertan eta irekiera ekitaldia, astelehenean izango da arratsaldeko 18:00etan, hurbildu nahi duten guztientzat. Egun horretan bertan, goizean goizetik, erakusketa-gunea bisitariak hartzen hasiko da; bigarren hezkuntzako 100 ikasle inguruk parte-hartuko dute DBH 4, batxilergoa eta lanbide heziketako ikasleentzako antolatzen diren hezkuntza tailerretan. Helburua da esperientzia esanguratsua eskaintzea Memoria eraikitzeko giltzarriak ezagut ditzaten lagungarri izatea eta gogoeta kritikoa egin dezaten erraztea. Astean zehar, astelehenetik ostiralera, hogei tailer inguru emango dira, eta guztira 500 ikasleren parte-hartzea espero da.
Memoriaren Plaza ekimena hasi zenetik -2016ko otsailean Bilbon egin zen lehenengoz- Memoriaren Plaza 18 herritan egin da, eta hauexek datuak: 34.300 lagunek hartu dute parte eta hauetatik 4.600 DBH4, Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasleak dira, beraientzat bereziki programatutako tailer didaktikoetan parte hartu dutenak.

HELBURUAK
• Memoria jendarteratzea eta partekatzea, erakusketa baten bitartez, eta guztion artean eraikitako gogoeta sustatzea.
• Herritarrei beren memoria-lekukotza uzteko espazio bat eskaintzea.
• Memoriak udalerrien eremuan lantzea, eta dinamikak sustatzea iraganari buruzko gogoeta kritikoak partekatzeko.
• Gogora Institutua ezagutaraztea eta herritarrengana hurbiltzea.

ERAKUSKETAGUNEA
Honako gune hauek izango ditu:
• Lekukotzak grabatzeko eremua: erakusketara bertaratutakoek beren memoria-lekukotza in situ grabatzeko aukera izango dute.
• Lekukotzen bideoak: Gerra Zibilaren nahiz 107/2012 Dekretuaren babespeko frankismoaren biktimen memorien lekukotzak entzun ahal izango dituzte, bai eta terrorismoaren biktimenak ere.
• Proiekzio eta debate eremua: zenbait dokumental proiektatuko dira eta mahai–ingurua ere bertan egingo da.
• Mezuen horma-irudia: bertaratzen direnek beren mezua horma-irudian idatzi ahalko dute

Artículo anteriorEuskaraldian izena emateko epea irekiko dute gaur
Artículo siguienteMendia arnasbide gisa hartzen duenak, Aramotz mendi lasterketan du bere aukera