Haizetarak musikaz bete du herria

Aurtengo jaialdia desberdina izan den arren, bederatzi banda eta fanfarria ikusteko aukera egon da

Bukatu egin da aurtengo Haizetara eta pandemiari aurre eginez aurreko urteetako izaera berreskuratzen ari da. Ostegunetik igandera antolatutako ekintzetara 1500 pertsona baino gehiago joan dira. Antolatzaileek positiboki baloratu dute aurtengo edizioa, oso desberdina izan den arren: “Herritarrek gozatu egin dute eta kontzertuetan zehar Haizetara pixka bat izatearen sentsazioa izan dute. Bandak ere oso pozik daude”.

Kaleko musika barrualdera mugitu da eta horretarako hiru agertoki desberdin erabili dituzte. Amorebieta IV frontoiak, edukieragatik handienak, Radio Kaizman (Frantzia), Artistas del Gremio (Aragoi) eta Brass Corpenen (Portugal) kontzertuak hartu ditu. Guztien lehenengo aldia izan da, aurretik etortzeko gogoak izan dituzten arren. Horrela adierazi zuen larunbatean Artistas del Gremioko abeslari eta trompetista den Laitak: «Urte mordoa darabilkigu buruan jaialdi honetara etortzeko nahia eta ametsa. Azkenean, egoera berezi honetan izan da. Urtero, data hauetan, lanpetuta egoten ginen eta ezinezkoa zitzaigun. Orain itzultzeko gogoz geratzen gara, pixka bat gehiago gozatzeko, baina oso pozik gaude «.

Badaude errepikatu dutenak ere, haien artean Zornotza Aretoan jo duten Wonder Brass (Portugal) eta Balkan Paradise (Katalunia). Azkenengoak, 2017ko irabazleak izan ziren. “Oso pozik eta ilusionatuta gaude Zornotzara itzultzeaz, baina berriro errepikatu nahi dugu, beti da hain atsegina! Are gehiago aurten, lau urte bete direla irabazi genuenetik. Ikaragarria izan zen eta esperientziatik haratago, hasiera bat, sariari esker gure lehen diskoa grabatu ahal izan genuelako”, gogoratu du Laura Lacueva taldeko klarinete joleak. Aretoan ere Satisfackshow (Katalunia) antzerkia, umorea eta musika fusionatu dituen fanfarria aritu da. Formatu desberdin honetan musika klasikoa, jazza, popa, rocka eta funka ere fusionatzen dituzte. Horrez gain, ikusleak harrituta utzi dituzte guztiek instrumentuak etengabe aldatzen zituztelako nibela galdu gabe.

Aretorik txikiena, Zelaietako kontzertu gela, Jazz ukitua duten kontzertuen eszenatokia izan da. Bertan, Klarinetea eta Jazza (Jazzaren historia klarinetearen ildotik), Botxo Boogies eta Sagi Quintet ikuskizunez gozatzeko aukera egon da. Aipatzekoa da ekintza guztietarako sarrera guztiak agortuta egon direla eta ikuskizun askotan itxaron zerrenda luzeak ere egon direla.

Aurten ez da lehiaketarik egon, baina ikusleek talderik gustukoena aukeratzeko aukera izan dute haizetara.euswebgunean. Bozketan parte hartu dutenen artean bi otzara zozketatuko dira. Bihar, jakingo dugu emaitza. 

Aurtengoa bukatu da, baina oraindik eta uztailaren 11rarte, Herriko Plazan, Alex eta Jesus De Pedro argazkilarien «Haizetara Gu Gara!» argazki erakusketa ikusgai dago. Bertan, zornotzar guztien ordezkari gisa programan parte hartu duten hainbat laguni esker ona adierazi nahi zaie. Hurrengoa etorri bitartean, itxaronaldia laburragoa egiteko, aretoan eta frontoian egin diren kontzertuak Ametx Gazteriaren youtubeko kanalean ikusi daitezke.

Jon Castañeda

Artículo anterior13/13 Epaiketari EZ!
Artículo siguienteLa biblioteca municipal recupera todos los servicios restringidos durante la pandemia

Dejar respuesta

Please enter your comment!
Please enter your name here