BOSTEKO 2015

Bosteko Bizkaiko Foru Aldundiak koordinatzen duen erakusketa ibiltaria da eta, aurten, Arrigorriaga, Basauri, Leioa, Zornotza eta Getxotik pasako da. Erakusketan hiru artista bizkaitar gazteren lana egongo da ikusgai, ibilbide profesional handikoak denak: pinturan arituak dira Ana Riaño eta Iker Serrano eta argazkigintzan, bestetik, Roberto Aguirrezabala.

Lorea Bilbao Euskara eta Kultura diputatuak, Asier Albizua, Arrigorriagako alkaterarekin batera, BOSTEKOren hamazortzigarren edizioa aurkeztu du. Erakusketa ibiltari hau bost udaletako bost erakusketa aretoren artean koordinatzen da (Arrigorriaga, Basauri, Getxo, Leioa eta Zornotza), udal horietako kultura arduradunen lankidetzarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren babesarekin.

Edizio honetan, erakusketarako hautatutako hiru artistak Ana Riaño, Roberto Aguirrezabala eta Iker Serrano dira.

Ana Riaño eta Iker Serrano margolariak dira. Biak aritzen dira pintura errealista garaikidearen eta figuratiboaren arloan, baina estilo desberdinak erabiliz. Roberto Aguirrezabalak argazkigintza lantzen du, narrazio formatuan, erretratu fikzionatuaren eta paisaia eraldatuaren artean.

Hala, beren lanekin osatuko da «figurazioa eta figurazioak» izeneko erakusketa kolektiboa. Bertan, gizakiaren figura bere ikerketa artistikoaren ardatz gisa berreskuratzeko ideia aztertuko da.

Erakusketak Arrigorriagan irekiko ditu ateak, ondoren Basaurin, Zornotzan, Leioan egongo da, eta, azkenik, Getxon.

BOSTEKO ekimenaren hamazortzigarren edizioaren aurkezpenean, Lorea Bilbao diputatuak «sorkuntza artistikoa babesteko beharra» azpimarratu du. Izan ere, «abangoardia artistikoei esker artea garatu egiten da, eta, hala, kultura etengabe eguneratzen da, berau izanik gizartearen bilakaeraren etengabeko isla. Abangoardia artistikoak eta gazte sortzaileak dira kulturaren I+G+B eta, horrexegatik, hain zuzen ere, Aldundiaren zeregina da gure sortzaile berriak babestea, agente kultural publikoa garenez gero.»

Bizkaiko Lurralde Historikoko udalerrietan euskal artista plastiko ospetsuen lana ezagutarazi eta hedatzeko plataforma interesgarria da BOSTEKO.

1998an sortu zen eta urte hauetan guztietan zehar 70 artista euskaldun baino gehiagoren lanak egon dira ikusgai. Hala, Bizkaiko testuinguru kulturalean erakusketa sendoa bihurtu da.

Artículo anteriorBETIKO BELATXIKIETA SUKALKI IRABAZLEAK
Artículo siguienteCULMINA EL PLAN BIDEAN II CON LA INSTALACIÓN DE PANELES SOBRE LOS APARCAMIENTOS