BIZKARGI EGUNA 2019

Bizkargi mendi historikoa da, gure historiaren pasarte asko bertan gertatu baitira. Zornotza, Larrabetzu eta Morga batzen dituen mendi tontor horretan eusko gudariek tropa frankistei aurre egin zieten 1937. urtean. Fusil-hotsak, bonbardaketak, heriotza eta sufrimendua izan ziren orduan. Frankismo garaian, berriz, askatasuna aldarrikatzeko ikur bilakatu zen Bizkargi, hildako eusko gudariak oroituz, debekatuta zegoen ikurrina ahalik eta goren jarrita, festa giroan murgilduta.
Gaur egun, oroimena, justizia eta egia aldarrikatzeko topagune bilakatu da Bizkargi Eguna. Frankismo aurretik nahiz Frankismo ostetik gertatu dena gogoratzeko, bizia galdu zuten eusko gudariak gogoratzeko, justizia eta egia aldarrikatzeko. Berriro ere sufrimendua ez errepikatzeko.
Azken hamarkadetan erakunde eta talde ezberdinak (Zornotzako Udabarri Dantza Taldeak, AEK-k, Amnistiaren Aldeko Batzordeak…) arduratu dira Bizkargi Eguna antolatzeaz, testuinguru politiko-sozial berriei egokituta. Orain Bizkargi Gogoratuz Elkarteak hartu du Bizkargi Eguna bizirik mantentzeko lekukoa, betiere helburu nagusiari eutsita: eusko gudarien oroimena eta memoria historikoaren, egiaren eta justiziaren aldarrikapena.
Urtero legez, aldarrikapena eta jai-giroa uztartuta izango dira.

Hona hemen Bizkargi Eguneko egitaraua:
MAIATZAK 5 IGANDEA – BIZKARGI MENDI TONTORREAN
11:00etan Trikitilariak eta txistulariak
12:30etan Ekitaldia: ‘Iragana, oraina eta geroa’ goiburupean
Jarraian:
– Bizkargi 1937 zanpantzar taldea
– Larrabetzuko Bizkargi Dantza Taldea.
– Etxanoko Nagusiari harrera eta txuzoa (aginte-makila) ematea.
– Bertsolariak: Xabier Arriaga “Txiplas”, Onintza Enbeita, Etxahun Lekue eta Malen Amenabar.
– Kantaldia Eneko eta Markelen eskutik
13:15etan Kontzertua: Dimako ‘Kantu Bat Gara’ taldearekin
Egun osoan: edaria, bokatak, musika eta giro ona.
Arratsaldean Larrabetzuk hartuko du aldarrikapenaren eta festa giroaren lekukoa.

BIZKARGI GOGORATUZ ELKARTEA

Artículo anteriorOSASUNA, CAMPEÓN DE LA I SDA GOLD CUP; EL ATHLETIC, SUBCAMPEÓN
Artículo siguienteELEIZETAN VUELVE A LAS ERMITAS E IGLESIAS