Udalak herrian dauden hizkuntzetako batzuk ezagutzera emango ditu otsailaren 21ean, Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunean
• Ekitaldian, hizkuntza bakoitzeko hiztunek ahozko aurkezpena egingo dute, kanten, ipuinen, bertsoen eta ahozko beste edozein motatako adierazpenen bitartez.
• Ekitaldia Zelaieta Zentroko Auditoriumean izango da, arratsaldeko 18:30etan.
Ama Hizkuntzaren Nazioarteko eguna izango da datorren otsailaren 21ean, eta hori dela eta, Amorebieta-Etxanoko Udalak ekitaldia antolatu du udalerrian gaur egun dauden hizkuntzetako batzuk ezagutzera emateko. Munduan zazpi mila hizkuntzatik gora daude, eta Amorebieta-Etxanon badira horietako batzuk. Beraz, helburua da bertan dauden kultura horiek ezagutzea, eta munduko hizkuntza guztiekiko sentsibilizazioa lantzea. Ekitaldia otsailaren 21ean izango da, Zelaieta Zentroko Auditoriumean, arratsaldeko 18:30ean.
Hiztun bakoitzak aurkezpena
Ekitaldian hizkuntza bakoitzeko hiztunek euren hizkuntzaren ahozko aurkezpena egingo dute, kanten, ipuinen, bertsoen edo ahozko beste edozein motatako adierazpenen bitartez. Euskarak eta gaztelaniak ere lekua izango dute, jakina. Entzuleek hizkuntza horien jatorria ezagutzeko aukera izango dute, eta ahozko adierazpenen itzulpena irakurri ahal izango dute, bai euskaraz, bai gaztelaniaz. Amaieran luntxa izango da, elkar apur bat gehiago ezagutzeko. Amorebieta-Etxanoko Udalak zornotzar guztiok gonbidatuta ditu ekimenera.